Barakaldoko (Bizkaia) gertuko kultur zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa publikoan gutxieneko euskara maila eskatzea baliogabetu duen ebazpenari ez dio helegiterik jarriko udalak. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, azpikontratatutako enpresei ezin zaie halako betekizunik jarri, ezin baitzaizkie hizkuntza eskakizun berak «inposatu» langile publikoei eta enpresa pribatuetakoei. Barakaldoko Udalak jakinarazi du ez duela ebazpenaren aurka egingo, ez dagoelakoan «lege oinarririk errekurtsorako». Kontrakoa adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak: Amaia del Campo alkateari (EAJ) bidalitako gutun batean, helegitea aurkezteko eskatu dio, epaia «oso ahula» delakoan.
Kontseiluak azaldu duenez, auzitegiaren ebazpena 2014ko epai batean oinarritu da, baina ez die erreparatu ondoren onartutako arauei; batez ere, 2016ko Udal Legeari eta hura garatzeko 2019an onetsitako dekretuari. Hain justu, tokiko erakundeetan hizkuntza ofizialak nola erabili arautzen du dekretu horrek, eta berariaz jasotzen du kontratuetan «kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak» txertatzea. «Indarrean den araubideak modua ematen du hizkuntza klausulak ezartzeko. Are, lanpostuetan hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharra jasotzen du, eta epaiak ez dio horri erreparatu», nabarmendu du Kontseiluak.
Ildo horretan, Idurre Eskisabel idazkari nagusiak berretsi du «oso garrantzitsua» dela erakunde publikoek halako hizkuntza irizpideak ezartzea, bermatzeko enpresa pribatuek euskaraz emango dituztela zerbitzuak: «Gogoan izan behar dugu kasu horretan kontratatzailearen egoera juridikoa ez dela herritar norbanakoarena, baizik administrazio zerbitzu kudeatzailearena. Izan ere, zerbitzu publikoa enpresa pribatuak ematen badu ere, herritarrak eskubide guztien jabe izaten jarraitzen du, hizkuntza eskubideak barne. Hortaz, euskaldunon eskubideak ere bermatu behar ditu, eta, beraz, erabat legezkoa eta zilegi da administrazioak kontratuetan euskaraz jakitea eskatzea».
Udalak 2021ean egin zuen gertuko kultur zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa publikoa. Baldintza gisa ezarri zuen langile guztiek (26, guztira) gutxieneko euskara maila bat egiaztatzea, edo bi urtean ikasketak gauzatzea: teknikarientzat, hirugarren euskara eskakizuna (C1) galdegin zuen; administrazioko eta mantentze lanetako langileentzat, bigarrena (B2). CCOOk lehiaketaren aurka egin zuen, besteak beste argudiatuta hizkuntza betebehar horiek ez datozela bat errealitatearekin.
Auzitegiak bat egin du CCOOren ikuspegiarekin, eta udalari adierazi dio ez duela eman hizkuntza eskakizunen inguruko argudiorik. Udalak, berriz, erantzun du udaleko kultur etxeen langileen subrogazioa «bermatu» egin duela beti.
Kontseiluak berretsi du «oso larria» dela ebazpena: «Herritarren eskubideen urraketak betikotuko ditu, administrazioaren lanak kanpoko enpresa bati esleitzen zaizkion bakoitzean». Eskisabelek salatu du «botere judiziala hizkuntza politika egiten» ari dela, eta dei egin du epaiari «batasunetik eta bateratasunetik» aurre egitera. ELAk ere «hizkuntza eskubideen aurkako erasotzat» hartu du ebazpena, eta gogoratu du langileek ere euskaraz lan egiteko eskubidea dutela.
Sasiburuko kideak, haserre
Barakaldoko Sasiburu euskara elkarteak ere kezka adierazi du ebazpenaren harira: «26.251 euskaldun eta 20.286 ia euskaldun gara Barakaldon, eta gure hizkuntza eskubideak ez dira betetzen». Erantsi du herrian «ezintasun nabarmena» dutela euskaraz bizitzeko, eta oztopo ugari dituztela, hain justu, udal zerbitzuetan: «Kultur etxeetan, kiroldegietan, liburutegietan... maiz erdaraz aritzera behartuta egoten gara: euskarazko arreta eskasa edo zuzenean ezinezkoa, gaztelaniaz bakarrik eskaintzen diren ikastaroak... Horrek guztiak deseroso sentiarazten gaitu: euskaldunok gure jaioterrian arrotz».
Hartara, eskari «xumea» egin dute Sasiburuko kideek: «Legea bete dadila». Uste dute legeak euskaraz bizitzeko aukera bermatu behar liekeela: «Baina kexu garenean, babestu behar gintuzketenak gure aurka jartzen dira».
Kontseiluak salatu du Barakaldoko epaiak ez diela erreparatu egungo arauei
Kultur zerbitzuetako azpikontratazioan euskara eskatzea baliogabetu duen ebazpenari ez dio helegiterik jarriko Barakaldoko Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu