Kontseiluak otsailean iragarriko du lurralde antolaketaren hautua

Aurreko batean egin zuten modura, Jean Pierre Massias eta Jean Gourdou juristak laguntza ematen ari dira Hautetsien Kontseiluari

Baiona
2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hautetsiek Kontseiluak aukeratutako legelariek, Jean-Pierre Massiasek eta Jean Gourdouek, azaro bukaeran aurkeztuko dute Prefetak lurralde antolaketaz eginiko proposamenen ikerketa juridikoa. Ez da lehen aldia horrelako lan bat eskatzen zaiela. Izan ere, Lurralde elkargoaren gaia aztertu zuten eta baita onetsi ere.

Pierre-Andre Durand Pirinio Atlantikoetako prefetak egin lau proposamenak —bosgarrena orain bezala segitzea da, eta hori guztiek baztertua dute- aditu batzuekin aztertzea erabaki zuen kontseiluak. Proposamenen artean bi, proposamen federatzaileak dira; sindikatu mistoaren itxura lukete beste biek, eta integratzaileak dira eskumen propio batzuekin: hiri elkargo edo hirigune elkargo gisa antolatuak.

Jean Jacques Lasserrek atzo eginiko agerraldian adierazi zuenez, bi juristek azaro bukaeran aurkeztuko duten proposamenaren zain daude, abendu eta urtarril artean hirigune eta herri elkargoekin eztabaidak egin ahal izateko. Azkenik, otsailean, Hautetsien Kontseiluak behin betiko erabakia aurkeztuko du. Egutegi «berri» hori, prefetarekin batera adostu duela berretsi zuen atzo Lasserrek.

Lurralde kontratua

2014-2020ko denboraldiaren kontratu berriari dagokionez, Garapen Kontseiluko buruak, Jean Baptiste Etxetok, Garapen Kontseiluak udaberrian zehar eginiko tailerrak aipagai izan zituen. Orotara 200 proiektu berri jaso dituzte. Horren ostean, «kontratuaren partaide» diren hiru partaideekin —Estatua, eskualdea eta departamendua— eztabaidatuko dituzte. Hala eta guztiz ere, Etxetok zehaztu du «oraindik» ez dakiela zenbat diru beharko den proiektu horiek diruz laguntzeko. Aurreko Lurralde Kontratuan (2007-2013) 70 proiektuak ahalbidetzen lagundu zituen 340 milioi euro izan zituztela gogoratu behar da. Horietarik 180 milioi euro estatuak, eskualdeak eta departamenduak eskutik jaso zituzten eta gaineratekoa tokiko erakundeen partetik. Baina Akitaniak zehaztu du, Parisek egin behar dituen erreforma aldaketak direla eta, diruz laguntzea 2017ra arte egin dezakeela oraingoz.

Garapen Kontseiluak «anbizioz» beteriko kontratua «eraikitzeko», oinarrizko sei lehentasun hartu ditu kontuan: lurraldeko elkartasuna, euskal kultura eta hizkuntzaren transmisioa, gazteria, ekologia eta energia trantsizioa, gizartean berritzaile den ekonomia emankorra eta euroaren eskualdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.