Kontseiluak milaka euskaltzale elkartu nahi ditu abenduaren 27an Bilbon, «euskarari arnasa berri bat emateko»

Urteko batzar nagusian, euskararen normalizazioak dituen erronka nagusiak eta abenduko ekitaldia aurkeztu dituzte euskalgintzako ordezkariek.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia gaur, Iruñean, erakunde horren urteko batzarrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia gaur, Iruñean, erakunde horren urteko batzarrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko martxoaren 28a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal hiztun komunitatea «larrialdi linguistikoan» dago, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera. Kezkarako motiborik ez da falta: gero eta gutxiago dira euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen diren hiztunak; hizkuntza ofiziala ez den eremuetan, ikasle gehienek ez dute harremanik euskararekin beren ikasketa ibilbide osoan; eta epaitegiek egunetik egunera higatzen dituzte hizkuntzaren normalizazioaren aldeko politikak, baita euskara ofiziala den tokietan ere. Eppur si muove. Mugitzen ari da euskalgintza, eta are gehiago mugituko da datozen aste eta hilabeteetan, egoera aldatzen hasteko.

«Indartsu abiatu dugu urtea euskalgintzako eragileok», azaldu du Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, erakunde horrek Iruñeko Kondestablearen jauregian eginiko batzar nagusian. Abenduaren 27an jarria dute begirada: egun horretan, mobilizazio handi bat egin nahi du Kontseiluak. Milaka euskaltzale elkartu nahi dituzte Bilbo Arenan, «euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urrats gisa».

Batzarraren aurretik eginiko agerraldian, egungo egoeraren argazkia egin du Eskisabelek, eta hurrengo mugarriak zein diren zehaztu: «Apirilean, euskararentzat justizia eta justizia euskaraz izatea aldarrikatuko dugu Baionako kaleetan; maiatzean, Euskaraldia egingo dugu, euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozialik handiena; abenduan, euskal kulturaren topagune den Durangoko Azokak hirurogei urte beteko ditu», laburbildu du. Euskal Herri osoan dozenaka elkartek, enpresak, eragilek eta norbanakok egiten duten lana ere aipagai izan du Kontseiluko buruak, euskarari «bizitza» ematen diotelako egunero. «Kalean, etxean, plazan, egunkarietan, aldizkarietan, irrati-telebistetan, sare sozialetan eta askotariko kultur adierazpenetan, euskaraz bizitzeko eremu erosoak sortzeko eta elkarri lotzeko lanak ez du etenik izango».

«Euskarak behar duen pizkunde berria herritarren kidetzatik eta bultzadatik etorriko da, gure historia garaikideko beste kinka larrietan bezala»

IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Eskisabelen aburuz, «ukaezinak» dira euskara biziberritzeko bidean orain arte eginiko urratsak, baina oro ez da urre: «Susperraldi ziklo hori agortzen ari delako zantzuak nabariak dira datu soziolinguistikoetan eta, horietatik tiraka, euskalgintzak azken urteetan egin dituen diagnostikoetan». Kontseiluko idazkari nagusiak esplikatu duenez, gainera, «globalizazioaren egungo aldaera muturrekoak» ez die laguntzen hizkuntza minorizatuei normalizaziorako bidean, «mugikortasuna biderkatzen duelako, komunitate bizitza lausotzen duelako eta hizkuntza praktika berriak sortzen dituelako». Euskara ez dago mugimendu tektoniko orokor horietatik salbuetsita, eta bizimodu berriek «hizkuntza nagusien alde» lerratzen dute balantza: «Euskararen kasuan, gaztelaniaren eta frantsesaren alde, nagusiki, baina, gero eta maizago, baita ingelesaren alde ere».

Fenomeno horri lotuta, «bizitzaren digitalizazioa» ere aipatu du Eskisabelek: «Bizimoduaren parte handi bat trepeta teknologiko berriei lotuta egiten dugu, pantailen bitartekaritzaz, eta horiek ere hizkuntza hegemonikoetan datozkigu».

Indarraldirako bidea, «elkarrekin»

Euskalgintzaren Kontseiluak argi du egoera larria dela euskararentzat, eta horretaz ohartarazi zuen iazko azaroan ere, Euskararen Egunaren arrimura eginiko agerraldian: «Ez zen izan arrangurarako dei bat, baizik eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa egiteko modu bat. Auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzeko aldarria». Egoera iraultzeko, ordea, «bultzada sozial handia» beharko dela uste du erakundeak, eta hori lortzeko ari dira lanean. «Urrats bat aurrera egiteko eta larrialditik indarraldirako bideari ekiteko beharra nabarmendu genuen azaroan, eta iragarri 2025. urtea garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat». Orain, bide hori «elkarrekin» egitera animatu ditu euskaltzaleak.

Indarraldirako prozesua bitan banatu dute: bide soziopolitikoa eta gizarteari dagokiona. Lehen bideari buruz, Eskisabelek esan du «sendo» ari direla «akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean», eta aurki jasoko dituztela lan horren lehen emaitzak. «Dei egin genien erakundeei eta eragile sozial eta politikoei, euskararen auzia, euskararen normalizazioa eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunen artean jartzeko eta egiturazko arazoei erreparatzeko».

Gizarte mobilizazioen bideari dagokionez, berriz, Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du herritarrak gonbidatu dituztela «euskararen biziberritzeak behar duen arnasa horren bultzatzaile izatera». Horretarako antolatu dute, hain zuzen, abenduaren 27ko «ekinaldi soziala». Eskisabelen esanetan, Bilboko ekitaldia mugarria izanen da hizkuntzari hatsa emateko prozesuan. «Euskarak behar duen pizkunde berria herritarren kidetzatik eta bultzadatik etorriko da, gure historia garaikideko beste kinka larrietan bezala. Beraz, euskaltzale guztiei, baina, oro har, justizia sozialaren eta gizarte kohesioan aurrera egin eta dibertsitatea bermatu nahi duten herritar denei dei egiten diegu abenduaren 27a ondo markatzeko egutegian».

Bilbo Arenako ekitaldia «beste mobilizazio batzuen abiaburu» izanen dela nabarmendu du Kontseiluko buruak: «Eta garrantzitsua da lehen urrats hori sendo egitea».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.