«Gobernuaren lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea; ez, ordea, oztopoak jartzea». Gogor mintzatu da Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, Nafarroako Gobernuak euskararen alorrean hartu duen norabidearen kontra. Hezkuntza Departamentuak azken asteetan hartutako bi erabaki txarretsi ditu Bilbaok, zehazki: batetik, Mendigorrian D ereduko lerro bat zabaltzeari uko egin izana, eta, bestetik, Castejongo ikastetxe publikoari PAI programatik ateratzea debekatu izana.
Kontseiluko burua «harrituta eta kezkatuta» azaldu da erabaki horiekin, eta Maria Txibiteren gobernuari dei egin dio, «jarrera zuzendu dezan eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko politika sendoak abian jar ditzan».
Mendigorriko auziari dagokionez, Bilbaok azaldu du «datozen ikasturteetan D ereduko lerroa zabaltzeko adina ikasle» izanen direla, baina aurtengo aurrematrikulazioan bi ikasle falta izan direla gutxieneko ratiora iristeko: «Gobernuak ez du euskarazko lerroa bermatu nahi izan bi ikasleren gorabeherengatik, etorkizunean bideragarria izango den arren». Erabakia «oso larria» dela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak: «Are gehiago kontuan hartuta nola ibili behar izan duten gurasoek azken asteotan, aurrematrikulazioa egin ahal izateko».
Hezkuntza Sailaren jokabidea kezkagarritzat jo du, «euskaraz ikasi nahi dutenei erraztasunak eman eta neurri proaktiboak hartu beharrean, gobernuak burugogor diharduelako D ereduko lerroak zabaltzeari oztopoak jartzen».
Castejongo eskola publikoari dagokionez ere, «eskola kontseiluak hartutako erabakia» errespetatzeko galdegin dio Bilbaok Hezkuntza Sailari. PAI programari lehentasuna emanda eta eredu horretako ikastetxeei programatik ateratzea galarazita, euskarazko ereduei «galga» jartzeko estrategia bat igartzen ahal dela uste du Kontseiluko buruak: «Lehenik eta behin, gogoratu behar dugu PAI programa zer testuingurutan sortu zen. 2013an [Yolanda Barcina] orduko lehendakariak adierazi zuen bezala, D ereduaren igoera galgatzeko estrategian kokatzen zen PAI».
Nafarroan ezarritako eredua beste erkidego eta lurralde batzuetan ere aplikatu izan dutela aipatu du Bilbaok, «hizkuntza gutxituen hazkundearen kontra», betiere. «Balear uharteetan, esaterako, helburu bertsuekin jarri zituzten abian horrelako ereduak. Ondorioz, euskararen garapenaren kontrako hizkuntza politika bati lotutako hezkuntza programa bat dela berretsi behar dugu», adierazi du.
Kontseiluaren arabera, «deitoragarria da» Castejongo ikastetxeko klaustroak PAItik ateratzeko erabakia hartu ostean gobernuak eskaera atzera bota izana. «Kontuan hartu behar dugu, PAI programa kenduta ere, D eredua ere badagoela ikastetxe horretan ezarria; hortaz, PAIri kosta ahala kosta eusteko erabakiarekin, galga jarri nahi izan diote D ereduaren garapenari».
Kontseiluaren esanetan, erabaki «kezkagarri» horiek are kezkagarriago bihurtu ditu beste gertakari batek: aurtengo aurrematrikulazio garaian, Euskarabidea institutuak ez du D ereduaren aldeko kanpaina instituzionalik egin: «Erabaki hauek etorri dira noiz eta gobernuak D ereduaren aldeko kanpaina lagundu ez duen ikasturte berean, eta horrek zer pentsatua ematen digu», esan du Kontseiluko ordezkariak. «Prozedura arazoen ondorioz izan dela azaldu dute, baina argi dago euskararen gaia ez dela lehentasunezkoa gobernuaren agendan».
D ereduko matrikulazioa
Aurrematrikulazio datuen inguruko balorazioa ere egin du Kontseiluak. Nafarroan D ereduan izena emandakoen kopuruak %30eko langa gainditu ezinik segitzen duela nabarmenduta ere, Bilbaok zoriondu egin nahi izan ditu «euskarazko ereduaren alde egiten duten gurasoak», eta nabarmendu du «bestelako hizkuntza politika bat abian jarriko balute eta D ereduari trabak jarriko ez balitzaizkio gora egingo lukeela portzentaje horrek». Horregatik, azken asteotako erabakietan atzera egiteko eta politikak «zuzentzeko» eskatu diote gobernuari.
Kontseiluak euskarazko hezkuntza oztopatzea egotzi dio gobernuari
Bilbaok «kezka» agertu du, Hezkuntzak Mendigorrian eta Castejonen hartutako erabakiengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu