Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialarekin» lotu du Erandion (Bizkaia) udaltzain lanpostu baten hizkuntza eskakizuna atzera bota izana. Gaineratu du «herritarren eskubideei kalte egiten» diela. Bilboko Administraziorekiko Auzien 1. Epaitegiaren sententzia bat da, eta, haren arabera, ez da derrigorrezkoa euskaraz jakitea Erandion udaltzain gisa lan egiteko. Iaz herri hartan lanean zebilen udaltzain batek lortu nahi zuen hizkuntza eskakizuna atzera botatzea. Udalak ez zuen kontuan hartu eskaera; epaileak bai, ordea.
Ikusi gehiago:Udaltzain lanpostu baten hizkuntza eskakizuna atzera bota dute
«Agente guztiek euskararen gutxieneko ezagutza izatea jartzen da ezbaian, lanpostu batzuek edukitzearekin nahikoa dela argudiatuz; beraz, herritarrei edozein agentek eman behar dion zerbitzuaren ezaugarrietan oinarritu beharrean, hautagaiek egun dituzten ezaugarrien araberako lanpostuak diseinatu nahi dituzte epaitegiek». Idurre Eskisabel Kontseiluko eledunak adierazi duenez, udaltzainak langile publikoak diren heinean, eta herritarrei «zuzeneko zerbitzua» ematen dietenez, lanpostu horretan hizkuntza eskakizuna kendu izanak baldintzatu egiten du herritarrek udaltzainekin euskaraz mintzatzeko duten eskubidea. Eskubide urraketa horrek, gainera, «herritarren segurtasunari berari ere kalte egiten eta hura baldintzatzen» ahal dutela azpimarratu du.
Eskisabelentzat, ez da gertaera bakana, eta, oraingoan, herritarren eskubideak ez ezik «udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena» ere izan du epaiak jopuntuan. «Ikusten ari gara epaitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea are eta errazagoa izateko modua emango duten epaiak». Azaldu du gaur egungo legerian hizkuntza eskubideak bermatzeko dauden aukerak «ixten» ari direla epaien laguntzarekin.
Hala, gisako epaiak «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesurako oztopoak» direla nabarmendu du: «Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da bidezkoa, eta ez zilegi ere». Gehitu du, Kontseilua harremanetan jarriko dela Erandioko Udalarekin adierazteko babesa emanen diola helegitea jartzeko, eta laguntzailekide gisa aritzeko ere prest dagoela. Horrekin batera, maiatzaren 10ean Kontseiluak eta bertze zenbait eragilek agerraldia eginen dute Bilbon, 11:00etan, erakusteko ez daudela ados herritarren eskubideen kontrako esku hartze judizialekin.
Udalaren zain
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea epaiaz mintzatu zen atzo Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. Adierazi zuenez, hedabideen bidez jakin dute auziaren berri. Hala ere, Erandioko Udalaren erabakiaren zain geldituko dira, eta haiek aztertuko dute epaia: «Edozein modutan, uste dut bide luzea egin dugula hizkuntza politiketan, eta hortik jarraitzea dagokigula».