egunkaria auzia. manifestazioa

Kontseiluak Bilboko larunbateko manifestaziora joateko dei egin du

'Egunkaria'-ren aurkako "bidegabekeriak bere horretan jarraitzen du eta berriz ere kalera ateratzeko beharra daukagu", adierazi du Xabier Mendiguren idazkari nagusiak, Kontseiluko zuzendaritzaren izenean. Ezker abertzaleak, Aralarrek eta AAMk ere manifestaziora joateko dei egin dute.

2009ko abenduaren 16a
20:17
Entzun
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko auzipetuei babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko larunbatean manifestazioa izango da Bilbon (17:00, Aita Donostia plaza), Egunkaria libre! lelopean, eta Kontseiluko zuzendaritzak hara joateko dei egin du.

“2003an, Kontseiluak egin zuen deialdiari jarraituz, milaka lagun bildu zen Donostian, bidegabekeria hau salatzeko. Ia zazpi urte igaro ondoren, bidegabekeriak bere horretan jarraitzen du eta berriz ere kalera ateratzeko beharra daukagu", esan du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, gaur, Donostian. "Orduan euskalgintzako kide hauek [auzipetuak], gure kideak, bortxaz eraman zituzten eta bidegabekeria hori salatu genuen manifestazioaren bitartez; orain ere, berriz Madrilen daude, epaitzen ari dira eta berriro erantzun bat emateko premian gaude; gutxienez, maila horretakoa”.

Kontseiluaren arabera, euskararen alde lan egitea izan da auzipetuek "egin duten gauza bakarra". "Herri guztietan dagoen eskubide baten erabilera egin dute; bertako hizkuntzaz komunikabide bat sortzea, alegia. Adierazpen askatasunaz baliatzea. Hori besterik ez. Eta horregatik espetxeratu nahi dituzte. Horregatik, prozesu honen emaitza inputatu guztien absoluzioa izan dadin aldarrikatzen dugu".

Mendigurenekin batera izan dira agerraldian Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolak), Joanmari Larrarte (EKT), Jon Jaka (Elkar), Unai Larreategi (EHE), Sébastien Castet (Euskal Konfederazioa), Leire Muxika (Emun) Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea) eta Aurkene Urrusolo.

Ezker abertzaleak, Aralarrek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere dei

Ezker abertzaleak ere Bilbora joateko dei egin du. "2003ko otsailean Euskaldunon Egunkaria itxi eta egunkariko hamar kide atxilotu, bortizki torturatu eta horietako sei espetxeratzean Espainiako Estatuak oso argiki adierazi zituen Euskal Herriarekiko bere helburuak. Euskal Herriaren zutoin nagusietakoa den euskara kolpatu zuten operazio polizial horrekin. Haren azken erasoen aurrean herri mobilizazio erraldoiak burutu ditugu. Egunkaria itxi zutenean ere izugarrizko herri mobilizazioa egin zen Donostian. Orain badugu beste hitzordu garrantzitsu bat, Bilbon".

Aralarrek ere Bilboko manifestaziora joateko dei egin die herritarrei. "Basakeriaren aurka dauden herritarrak hurrengo larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu ditu Aralarrek".

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) ere dei bera egin du: "Komunikabideen itxierak edo kazetarien tortura salaketak eta espetxeratzeak Euskal Herrian errepresioak duen neurria erakusten dute. Egunkaria-ren afera errepresio eta jazarpen honen beste kapitulu bat da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.