«Pandemiaren kudeaketa negargarria eta gerra ez dira fenomeno bakanak». Hori gaitzetsi zuten atzo Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituzten mobilizazioetan. Bizitzaren garestitzea gelditu! lemapean, mugimendu sozialistako kideek «argindarraren, gasaren, elikagaien eta gasolinaren prezioen gorakada» salatu zuten.
Izan ere, azaldu zuten «krisialdi kapitalista, ekonomiko eta sozialaren normalizazioa» gertatzen ari dela: «Azken bi urteetako pandemiaren testuinguruan, normalizatu egin dira osasun hondamendia eta oinarrizko eskubideen urraketak». Gehitu zuten Ukrainako gerrak lehendik zetorren krisiaren ondorioak «bizkortu» baino ez dituela egin: «Egiturazko krisialdi kapitalistaren adierazpenak dira; sistema ekonomiko honen dekadentziaren adibideak».
Bilboko manifestazioa ere abiatu da: pic.twitter.com/JLZaxYGQXM
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 19, 2022
Egoera horretan, azaldu zuten langile klaseko kideen bizitzen kostuak jasanezinak bihurtzen ari direla. Gehitu zuten «agintariak eta gobernuetako propagandistak» saiatu direla «kolapso ekonomikoa eta herritarren gehiengoaren bizi mailaren okerragotzea disimulatzen».
Egungo egoera zehatzaz ere jardun zuten: «Gerraren bitartez, oligarka batzuk are gehiago ari dira aberasten —adibidez, Errusiako gasa blokeatzearen eraginez, AEBetako enpresari batzuk diru asko ari dira irabazten—, baina haientzat negozioa dena herritar xumeontzako hondamendia izaten ari da».
Boterea zuritzea
Ezkerreko alderdi parlamentarioei, berriz, aurpegiratu zieten «noraez estrategikoa eta itxurakeria»: «Langile klaseko kideei aterabide errealak eman baino, boterea zuritzeko papera betetzen dute; Europar Funtsak onartzea, bizitzaren kostuen gorakada neurrigabearen aurrean soldatak huskeria bat igotzea edota politika gerrazaleak zuzenean edo zeharka babestea horren adibideak dira. Guk badakigu egoera honi ez zaiola buelta emango instituzioetatik».
Azkenik, babesa adierazi zieten greban dauden garraiolariei, eta «langileen bizitzen aurkako eraso bakoitzaren kontra protestatzera» dei egin zuten.