Iruñeko Planetarioko suteak kalte material handiak eragin ditu

Goizean goiz piztu da, eta zerk eragin duen ikertzen ari dira. Ez da inor zauritu.

Iruñeko Planterioa, gaur goizean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iruñeko Planterioa, gaur goizean. VILLAR LOPEZ / EFE
2025eko urtarrilaren 14a
08:50
Entzun

Gaur goizean sute bat piztu da Iruñeko Planetarioan. 07:15 aldera, bizilagun batek eman du abisua Nafarroako larrialdietarako zerbitzuetan, eraikinaren barrutik kea ateratzen ari zelako. Sua zerk edo nola piztu den ikertzen ari dira. Ezbeharrak kalte material handiak eragin ditu, eraikineko kupulan bereziki.

Suhiltzaileek ordubete inguru behar izan dute egoera kontrolpean hartzeko, baina, azaldu dutenez, egun osoa eman beharko dute han, guztiz itzaltzeko, eraikina garbitzeko eta arriskuak saihesteko. Lehen orduetan, Antso Ramirez kalea itxi egin dute, eta bizilagunei etxebizitzetako leihoak ez irekitzeko agindu diete, kea behean geratu delako. Sua itzali eta eraikina hozteko lanak egiteaz gain, kearen toxikotasuna ere neurtzen ari dira. Inguruan eskola bat dago, eta Yamaguchi parkea, besteak beste.

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak azaldu duenez, sua 06:00ak eta 07:00ak artean piztu da, oraindik ezezagun dituzten arrazoiengatik. Planetarioa itxita zegoen, eta ez zegoen inor bertan. Zauriturik ez da egon, baina bi anbulantzia gerturatu dira. 

Suak Planetarioko areto nagusia suntsitu du. Lehen ikerketen arabera, proiekzioen gunean sortu da. Sugarrek ke ugari eragin dute, eta eraikinaren kupularen zati bat hondoratu egin da; osorik erortzeko arriskua dagoela ohartarazi dute suhiltzaileek.

Kupulak 20 metroko diametroa du. Zientzia dibulgazioko programak egiten dituzte han. Besteak beste, izarren proiektorea eta ikus-entzunezko material ugari daude.

Eraikina 1993an inauguratu zen. «Urratsak egin beharko ditugu Nafarroako herritarrentzat hain berezia eta garrantzitsua den zentro bat berreskuratzeko», esan du Paula Noya NICDOko Iruñeko Planetarioaren kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoko azpiegituren zuzendariak,

Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak azaldu duenez, programatutako jarduera batzuk bertan behera utzi beharko dituzte, eta beste batzuk beste leku batzuetara eramango dituzte.

Iruñeko Planetarioak 170.000 bisita inguru ditu urtean. Kupulaz gain, 400 metro koadroko areto bat dut, aldi baterako erakusketetarako, eta 250 lagunentzako hitzaldi areto bat. Eraikin nagusiaren ondoan, 500 zuhaixka inguru dituen lorategi bat dago.

Atzo beste sute bat izan zen Iruñerrian, Noaingo etxebizitza batean gas isuri batek eragindako eztanda batengatik. Bederatzi pertsona zauritu ziren, eta horietako bi ZIUan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.