Zuzenbide irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Iker Barbero (Bilbo, 1980). Migrazioa arautzeko legeriak oinarri hartuta, ez du lege euskarririk ikusten Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan udatik hona —bereziki ordutik ugaritu dira— migratzaileak kanporatzeko usu erabiltzen diren prozedurentzat. Egunotan hedabideetan zabaldu diren hainbat bideoren ondorioz, asaldatuta antzeman du jendea; horietan ikusten da nola eramaten dituzten Frantziako poliziek Irunera migratzaile kanporatuak; itxura guztien arabera, irregularrak diren prozeduren bitartez. Halakoak, ordea, ez direla berriak adierazi du: «Ficobara [Irunen, muga ondoan dago] iristen diren furgoneta zuriena ezaguna zen».
Polizien jokabide horiek badute oinarririk legeren batean ?
Nik dakidala, ez. Barneko araudiren bat ote dagoen? Ez dakigu. Ez da jakinarazi behintzat. Publikoa den lege oinarririk ez dago halakoentzat. Are gehiago, Europako Batasunean bada prozedura bat, zeinaren bidez herrialde bateko Polizia sar daitekeen ondoko herrialde batean —hainbat kilometroan sartzeko modua izaten du—, baina bakarrik delituren bat saihesteko, edo delitugileren bat atxilotzeko; unean bertan egindako pertsekuzioak izaten dira horiek. Baina legez araututa daude horrelakoak: prozedura bati atxikita egin behar dira. Baina orain ikusten ari gara poliziak 200 bat metro sartzen direla —Irunen, adibidez Ficobaraino—, eta ez dago inolako deliturik hor. Ustez egoera irregularrean dauden migratzaile batzuk kanporatzea da helburua, eta ustez diot, printzipioz ez dagoelako inolako prozedurarik kanporatze horietan...
Prozedurarik ez dagoela diozu. Horrek esan nahi du ez dela inolako agiririk ere betetzen pertsona horiek kanporatzeko?
Zenbaitetan, ekartzen dute agiri motaren bat; era azkar batean betetako inprimaki bat izaten da, ipintzen duena sarrera ukatua edo horrelako zerbait. Baina hori ez da prozedura bat. Prozedura bat egoteko egon behar da horri hasiera emango dion agiri bat, azterketa bat eta ebazpen bat, administrazioko buru batek emandakoa. Halaber, argi adierazi behar da zein helegite jar daitezkeen horren aurka. Kanporatze prozedura bat ez da egiten hiru minutuan, ezta lau orduan ere: egunak behar dira horretarako. Kasu honetan, sarri ja erdi beteta datorren inprimaki bat betetzen dute, lau datu ipintzea besterik ez da geratzen... Zenbaitetan agiri hori ematen zaie, baina beste askotan inolako agiririk ere ez dago.
Ezagun diren legeekin halakoak guztiz irregularrak direla diozu. Baina Malagako Itunak, Frantziak eta Espainiak 2002an hitzartu zuten akordioak, ematen du legez mugan kanporatzeak egiteko era, ezta? Zenbaitetan, lege euskarri hori darabilte...
Malagako Ituna hor dago, bai. Ematen du modu bat pertsonak itzularazteko; lau orduko epea ematen zaio Poliziari hori egiteko, eta baldintza batzuk bete behar dira. Barneko burokrazia bat finkatuta dago horiek egiteko, lege esparru bat dago hor atzean. Itun hori martxan egon da: milaka pertsona kanporatzeko erabili izan da. Baina, datuen arabera, azken urteetan gero eta gutxiago erabiltzen dela dirudi. Itun horren bidez pertsona bat kanporatzen denean, kasurik gehienetan Irungo polizia etxera eramaten da: Frantziako Poliziak Espainiakoaren esku uzten du. Beraz, legearen irizpideak erabiliz mugan jendea kanporatu nahi bada, bada prozedura bat horretarako...
Baina gutxieneko hori ere ez da erabiltzen, beraz, egun...
Gaur egun, gutxi erabiltzen da. Gipuzkoan guardian dauden abokatuek joan behar izaten dute oraindik ere zenbaitetan Irunera halako prozeduretandauden pertsonei arta ematera, baina gutxitan erabiltzen da. Halakoei jarraitu gabe kanporatzen direnak gehiengoa diren susmoa daukagu; ez dago datu ofizialik, baina ikusten da.
Hain justu, furgonetetan sartu eta Irun sarreran uzten dituzten migratzaileak dira horren adibide...
Hor ez dago prozedurarik. Eta horretan badaude kezkatzeko motiboak. Baina ni gehien-gehien Frantziak kontrolak egiteko hartu duen jarrerak kezkatzen nau. Benetan kezkagarria da EB Europako Batasuneko estatu batek erabakitzea, EBko prozedurak kontuan hartu gabe, bere mugak kontrolatuko dituela. Ez nuke esango hori legez kanpokoa dela, baina Europako Batasuneko araudiaren aurkakoa da; kontrol horiek Schengen eremuaren kontra doaz.
Euskotrenen Hendaiako geltokian ipintzen dituzte zenbaitetan kontrolak. Han bertan kanporatzen dituzten migratzaileei doako txartel bat eman, eta handik bidaltzeko agindua emana diete Euskotreneko arduradunek geltokiko langileei. Horrek ba al du lege euskarririk?
Oso kezkagarria da. Nik ez dakit zergatik dauden pertsona horiek behartuta, lege aldetik, hori egitera. Uste dut agintarien arteko akordio bat dagoela hor atzean, baina ez dut ulertzen zertara datorren kolaborazio hori. Baina benetan ilegalak Poliziak jartzen dituen kontrolak dira; muga batek bezala funtzionatzen dute, eta Europako Batasunak debekatu egiten du hori. Badaude prozedurak mugak berriro ezartzeko, baina horretarako bete beharreko baldintzak zorrotzak dira. Benetan irregularra da kontrol bat jartzea herrialde bat bukatu eta beste bat hasten den tokian: jendeari paperak eskatzea baita helburua. Are legez kanpokoagoa da, gainera, paperak soilik arraza batzuetako pertsonei eskatzea. Eta seguru nago ni pasatzen banaiz niri ez didatela inolako paperik eskatuko; beltza denari, edo arabiarrari... Horiei eskatuko dizkiete. Benetan kezkatzekoa da hori.
Behin Poliziak pertsona bat kanporatzeko prozedura bat hasita, zein lege oinarri dira ezinbestekoak halako prozedura bat gutxieneko bermeekin egiten dela ziurtatu ahal izateko?
Frantziako legeak aurreikusten dituen kanporatze prozeduretan berme guztiak bete behar dira;besteak beste, administrazioak auzia aztertu behar du, helegiteak jartzeko aukera eman behar da, eta abokatua izatekoa ere bai. Behin lege esparru horretan, kanporatze prozedura guztietan gutxieneko baldintzak daude betetzeko, hala nola gutxienez 48 orduko epea izatea helegiteak aurkezteko, asilo eskubidea eskatzeko aukera izatea... Prozedura horietako baten bukaeran, ondorioa akaso izan daiteke pertsona hori kanporatzea; baina ez egon den azkeneko herrialdera, jatorrizko herrialdera baizik. Baina, berriro diot, auzi honetan zera da nabarmendu beharrekoa: Frantzia egiten ari den kontrol horiek irregularrak dira, Europako Batasuneko araudiaren aurkakoak dira; areago, arraza jakin batzuetako pertsonak bakarrik geratzen direnean kontroletan.
Iker Barbero. Zuzenbide irakaslea EHUn
«Kontrolak ilegalak dira: muga batek bezala funtzionatzen dute»
Adi dago Barbero udatik Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan gertatzen ari denari: migratzaileei ez pasatzen uzteko Poliziaren kontrolek Schengen eremurako arauak urratzen dituztela dio, ezin direla onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu