Indarkeria matxista. Babes neurriak

Kontrol telematikoa hobetu beharra

Tratu txarrak ematen dituzten gizonei eskumuturreko telematikoa jartzea maizago eskatuko dute poliziek eta fiskalek, baina gailu horien nahi gabeko ondorioek kezka piztu dute eragileen eta biktima taldeen artean.

Andreentzako babes neurri gehiago eskatu beharko dituzte fiskalek. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Bortizkeria matxista jasaten duten emakumeak babesteko, erasotzaileen gaineko kontrola areagotu nahi dute Hego Euskal Herrian: Espainiako Gobernuak eta botere judizialak poliziei eta fiskalei agindu diete andreentzako babes neurri gehiago eskatzeko, eta, arrisku egoeretan batez ere, gizonei gailu telematikoak jartzea sustatzeko. Tresna horiek, baina, ez dabiltza beti ondo, eta horrek ondorioak izan ditzake biktimengan, hainbat eragilek azaleratu dutenez. «Batzuetan, emakumeen aurka ere bihurtu dira: erasotzaileek min egiten jarraitu nahi badute, hau modu bat izan daiteke», adierazi du Inma Matak, Bizitu andre bizirauleen elkarteko kideak. «Tresna horiek hedatzen badira, kontuz hedatu behar dira, ez daitezen izan emakumeak beldurtzeko eta kontrolatzeko modu bat».

Ikusi gehiago:«Zergatik egon behar dut nik kontrolpean?»

Funtsean, urruntze aginduak betetzen diren kontrolatzeko erabiltzen dira gailu horiek: erasotzaileei eskumuturrean edo orkatilan lotzen diete, biktimei telefono baten antzeko tresna bat ematen diete, eta bien arteko distantzia kontrolatzen du Cometa zentroak —Hego Euskal Herrian, betiere—; bi gailuak behar baino gertuago daudenean, andreen tresnako alarmak jotzen du, eta zentrotik biekin jartzen dira harremanetan: biktimarekin, bere burua babesteko jarraibideak emateko, eta erasotzailearekin, non dagoen jakiteko; kontaktu horiek eginda, beharrezkoa bada, poliziak igortzen dira.

Hainbat epailek, ordea, ohartarazi dute «disfuntzioak» dituela sistema horrek, eta biktimak «babesgabe» utz ditzakeela; hala helarazi zion EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko Batzordeak irailean CGPJ Botere Judizialaren Espainiako Kontseilu Nagusiari, eta eskatu zion protokoloak berraztertzeko, «birbiktimizazio arriskua» saiheste aldera. Kezka horrekin bat dator Ane Fadrique, Irungo (Gipuzkoa) 4. instrukzio Epaitegiko epailea: «Teknologia berritu egin behar da, arazo asko ematen ditu eta; besteak beste, bateria erraz amaitzen zaie».

Distantzia txikietan

Baina nabarmendu du batez ere herri eta hiri txikietan izaten dituztela eragozpenak, bere eragin eremua adibide jarrita: «Irunen eta Hondarribian, 500 metroko distantzia oso handia izan daiteke; beraz, 200 edo 300 metroko urruntzeak ezartzen ditugu. Eta, halere, gerta daiteke alarmak jotzea biktimak eta erasotzaileak elkar ikusi gabe, kale paraleloetatik pasatu direlako, oinez edo autobusez, 200 metro baino gutxiagora. Erasotzaileak ez du asmorik izan biktimarengana hurbiltzeko, baina alarmak berdin jo du, eta horrek emakumearen antsietatea areagotu du, biktimizazio bikoitza eragin du; eta hori da justu saihestu beharrekoa».

Halakoak kontuan hartzeko eskatu dute epaileek eta biktima taldeek, kontrol telematikoa nabarmen heda daitekeen honetan. Izan ere, 2024tik aurrera sexu-indarkeria kasuetan ere jarri ahalko dira gailuok, Espainiako Berdintasun Ministerioak iragarri duenez. Eta, epe laburrean, Barne Ministerioak eta fiskaltzak orain bi aste ezarritako irizpideen arabera, eskumuturrekoa jartzea galdegin beharko dute emakumearen arriskua «garrantzi berezikoa» denean, ertaina, handia edo muturrekoa bada.

Kontua da Hego Euskal Herrian ehunka emakume daudela egoera horretan. Espainiako Gobernuaren Vio Gen sistemak ezarria du arriskua neurtzeko modu hori; Nafarroan, iazko azaroan 504 emakume zeuden «garrantzi bereziko» arrisku maila horietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beste sailkapen bat erabiltzen du Ertzaintzaren EBA sistemak —ez ditu «garrantzi berezikoak» izendatzen—: urtarril hasieran, 1.400 andre inguru zeuden arrisku ertainean, handian edo berezian.

Aldiz, gaur egun 105 erasotzaile inguruk daramate eskumuturreko telematikoa, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arabera. «Ez da ohikoa tresna horietara jotzea», onartu du Fadriquek. Azken urteetan areagotu egin da eskumuturrekoen erabilera, baina ez du uste orain goraldi handirik ekarriko dutenik Madrilgo jarraibideek: «Ez dago aldaketarik, ez araudian, ez jurisprudentzian».

Biktimaren borondatez

Gogora ekarri du epaileena dela erabakia, eta haiek ere ofizioz agin dezaketela halako gailuak instalatzea, poliziek edota fiskalek eskatu beharrik gabe. Eta nabarmendu du biktimaren borondatea ezinbestekoa dela: «Emakumeak onarpena eman behar du, une oro eraman behar duelako gailua soinean eraginkorra izan dadin. Ulertu behar da tratu txarren fenomenoa konplexua dela, eta ziklikoa: gerta daiteke emakumeak bikotekidea idealizatzea, edo inguru toxiko batean egotea; halako egoera ezegonkorretan, zaila izan daiteke gertatzen zaiona objektiboki baloratzea eta urruntzea gauzatzea. Beraz, gerta daiteke biktimak hasieran gailua eskatzea baina gero baztertzea».

«Ardura biktimen gainean jartzen da beti», gaitzetsi du Inma Matak. «Horrela bizi den emakume batekin ezin da erreparazioaz hitz egin». Erasotzaileen gaineko kontrola sendotzeko eskaeren aurrean, Ane Fradriquek ere uste du «interesgarria» litzatekeela, baina «zailtasun juridikoak» daudela: «Aurrekari penalak automatikoki jakinarazteak, adibidez, erasotzaileen oinarrizko eskubideak urratuko lituzke, eta gizarteratze printzipioaren aurka joko luke; arriskua oso handia denean soilik izango litzateke posible. Baina bizkartzainaren babesa behar denean, plantea daiteke bigilantzia ez izatea biktimak baizik eta erasotzaileak; Poliziak erabakitzen du nolako babesa eman».

Ikuspegia zabaltzea ere beharrezkotzat jo du Matak, erantzun polizialetik harago egitea: «Babes neurriekin batera laguntza psikologikoa emango baliete, emakumeek beste pauso batzuk eman ahalko lituzkete, baina hori ere oso mugatua da». Bide horretan, «bitxia» iruditu zaio hilketen gorakadaren aurrean Barne Ministerioak hartu izana lehen neurriak: «Hezkuntza Ministerioak, esaterako, ez al du ezer esatekorik?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.