Xavier Minguez. Gizarte psikologoa

«Kontrol politikoaren menpe dago bakegintza»

Nekea, haserrea, asperdura... hitz horiekin azaltzen dute egungo egoera herritarrek. «Zerbait berria nahi dute», dio Minguezek.

jokin sagarzazu
Donostia
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Gizarte psikologiaren ikuspegitik aztertu zuen euskal gatazka Xavier Minguezek (Roses, Herrialde Katalanak, 1980) bere doktore tesian, 2013an. Aurten, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzarako lan batzuk egin ditu, gai berari buruz, unibertsitate irakasleekin, bakegintzan ari diren taldeetako kideekin eta komunikazioaren alorrekoekin. Bihar aurkeztuko dituzte ondorioak, Donostian egingo duten mahai inguru batean, 19:00etan, EHUko Psikologia fakultatean

Euskal gizartea urruntzen ari al da gatazkari loturiko gaietatik?

Bai. Baina prozesu baten emaitza da. Aspaldikoa da nekea. 2008anjada —eta pentsa, bazetorrena ikusita, ilusioaz hitz egiten zen orduan— herritarrek erantzuten zuten ez zela lehentasun bat: interesa bazuten, baina nekatuta zeuden, eta hori progresiboa izan da. Orain, lasaitze moduko bat dago. Eta zerbait berria nahi dute.

Zergatik gertatu da hori?

Jende askok bizi edo ezagutu ditu gatazkaren eraginak. Baina, hala izanik ere, gehiengo askotariko batek ez du bizi izan alderdiek eta komunikabideek irudikatu duten moduan. Euskal gatazka gaindimentsionatua egon da; azken hogei urteetan, gutxienez.

Urruntze hori lot daiteke paso egitearekin?

Badago diskurtso bat hori erabiltzen duena esateko euskal gizartea ez dela indarkeriaren aurka inplikatu. Badago beste bat ere lan hori esajeratu egiten duena. Ez bata, ez bestea; bata eta bestea. Polarizazio eta mobilizazio handiko uneak egon direnean —1990eko hamarkada amaieran, bereziki—, gizartearen gehiengoak jakin izan zuen erresistentzia moduko bat sortzen: nolabait, erdibideko toki batean kokatzen, baina ez paso egiten zuelako, baizik eta batzuen eta besteen gauza batzuekin ados egon eta beste batzuen kontra zeudelako; ikuspuntu edo jarrera kritikoarekin.

Zein ondorio ekarri ditu horrek?

Kazetari askok aitortu didate haien lana izan zela obligazio moduko bat sortzea gizartean, herritarrak lerra zitezen, eta hori egin zutela alderdietatik diseinatutako estrategietan oinarrituta. Euskal gizarteren gehiengoak ongi eutsi zion horri, nahiz eta arrasto sakona utzi duen gerora. Egungo nekea ordukoagatik ere badator.

Urruntze horrek zein neurritan dauka zerikusia politikari buruzko iritzi ezkorrarekin?

Herritarrek alderdi politikoak egiten dituzte egoeraren erantzule nagusi. Pertzepzioa da hemengo gatazka ez dela hain zaila konpontzeko: beste gatazka batzuekin alderatuta, ez dela hain handia indarkeriaren arrastoa, gizarte egiturak-eta ez daudela segregatuak... «Baina alderdiek ez dute nahi». Sinesgarritasun eskasa dute politikariek. Irudikatzen dute ez dutela adostasunetara iritsi nahi, baina jendeak gogoratzen du Loiolan-eta zer egin zuten, badakite politikarien arteko harremanak ez direla irudikatzen dituzten modukoak. Horretan ere gardentasuna eskatzen diete. Antzezpenekin nekatuta daude.

Zenbateraino dira garrantzitsuak emozioak gatazkaren egungo pertzepzioan?

Batzuetan, ideologiak baino garrantzitsuagoak izaten dira pertsonen portaera politikoetan. Beldurrak oso paper garrantzitsua jokatu du hemen, eta horrek ere eragin du, neurri batean, oraingo nekea, asperraldia, haserrea... Jendeak une askotan sentitu du ezin izan duela zenbait aldarrirekin bat egin edo ezin izan duela eman ahal zuen guztia militantzia mailan, ETAren indarkeriaren edo estatuaren errepresioaren beldur zelako. Eta hori gertatu da taldeen barruan ere: askok ez dituzte beren iritziak agertu besteek zer pentsatuko zuten beldur. Intentsitate emozional handiko uneetan beldur horiek erabili zituzten denek. Baina intentsitate hori galdu denean azaleratu da nekea eta aldentzea.

Egun ere badago beldurrik?

Bai. Adibidez, talde nortasunekin lotura daukaten ikurrak galtzeko edo aldatzeko beldurrak, edota memoriaren inguruko eztabaidakoak... Oraingo egoeran, nekeaz gain, blokeoak ere sor ditzakete beldur horiek.

«Gorrotoaren kultura». Hori aipatu dute Altsasukoaz.

Gerretan gorrotoa eta beldurra dira emozio nagusiak, horiek daukatelako indar handiena mobilizatzeko. Baina nire azterketetan gorroto hitza ez da ia azaltzen. Denek argi dute gatazka politiko bat dela euskal gatazka, eta oinarri identitario-etnikoa duela. Baina hemen ez da bi komunitateen artean gorrotorik egon. Herritarrak nekatuta daude euskal gizarteari buruz eman den irudiarekin.

Beste hitz bat: isiltasuna.

Oso garrantzitsua. Hori beste beldur batengatik eman da Euskal Herrian: batez ere, harreman pertsonalak ez haustekoa. Gatazketan —denetan, oro har— bi ardatz daude: nire interesak eta harremanak. Horietako zein lehenetsi, horren arabera egiten diegu aurre gatazkei. Hemen, oro har, bigarrena nagusitu da; eta hori bermatze aldera, hobe, zenbait kasutan, gatazkari buruz ez hitz egitea.

Beste gatazka batzuetan gerta zitekeen hori eta ez da hala izan.

Nire ustez, hemen dagoen gizarte kohesio mailagatik; alor sozio ekonomikoan, bereziki. Hemen, elkarrekin bizi dira gatazkan dauden identitateak, faktore ekonomikoak ere ez ditu banatzen, Ipar Irlandan edo Israel-Palestinan bezala. Gatazka identitario guztietan beste gako batzuk ere daude. Ekonomikoki israeldarren eta palestinarren arteko aldea hain handia izango ez balitz, bestela izango litzateke.

Aldentzeak nola eragiten du oraindik ere konpondu gabe dauden gatazkaren arloetan?

Kontsentsua ia erabatekoa da presoak euren etxeetatik gertu egon behar dutela esaten dutenen artean. Hori ez dela mobilizazio mailan nabari? Askotan idealizatzen dira 1980-1990eko mobilizazioak, baita gai sozialekin loturikoak ere; baina kopuruak begiratzen baditugu, ez pentsa handiagoak zirenik.

Presoena ez al da ezker abertzalearen «arazo» gisa ikusten?

Bai, ikerketetan askok aipatzen dute hori. Badago feedback moduko bat. Jendeak esaten du hori eta, benetan hala izan zein ez, horrek eramaten du ezker abertzaleak bere burua bakartzera. Kontrakoa ere gertatzen da: ezker abertzaleko batzuek mesfidantzaz begiratzea haiekin bat egin nahi dutenei. Hainbat arrazoirengatik —errepresioarengatik, askoren iritziz— ezker abertzaleak bakartu du bere burua, eta horrek hainbat estereotipo sortu ditu.

Eta nola aldatzen da hori?

Zaila da espazio sozialei buruzko iritziak aldatzea. Hor ere beldurrak garrantzitsuak dira: askotan aldatu nahi ez direlako, eroso funtzionatzen dugulako estereotipoekin. Baina horretan ere aldaketak nabari dira. Sare egiten ari den lana: saiatzen ari da beste sektore batzuetakoak erakartzen, beste jarrera bat islatzen, ezberdinen arteko elkarrizketentzako espazio berriak sortzen.

Baina aipatu duzun urruntzea dela-eta, funtziona dezakete?

Neurri batean egia da horrelako egitasmoetara «betikoak» joaten direla, baina ezin du izan aitzakia bat. Euskal gizartean badago lan bat egiteko. Leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago, sektore batzuetan beste batzuetan baino gehiago... Alor hau ere ez litzateke gaindimentsionatu behar.

Eta alderdiei interesatzen zaie?

Mesfidati begiratzen dituzte horrelako guneak eta gizarte mugimendu transbertsalak, oro har, horietatik hegemonia berriak sor daitezkeelako. Ezberdin pentsatzen dutenak elkartzen direnean, ikuspuntuak aldatzeko aukerak handitzen dira. Gerta daiteke interes handirik ez egotea alderdien partetik, euren eskuetatik alde egin dezakeelako horren kontrolak. Baina bake politikak gehiago oinarritu behar dira herritarren ahalduntzean alderdi eta instituzioen kontrolean baino. Ez dute kontrol politikoaren menpe egon behar. Baliabide eta autonomia gehiago eman behar zaie horretan ari diren eragile sozialei.

Inkestek diote gazteek badutela interesa gaiarekin.

Ez da lehentasun bat haientzat, baina aukera ematen badiezu, interes handia erakusten dute. Jakin nahi dute. Harrituta daudegai hauen inguruan dagoen isiltasunarekin. Kontua da zer-nola egin. Horretan —memoriari buruzko eztabaidan, bereziki— interes handiak daude maila politikoan, eta horiek islatzen dira komunikabideetan, hezkuntzan... Ikerketetan gazte askok diote beharrezkoak direla belaunaldi ezberdinen arteko guneak sortzea.

Autokritikari buruz zer iritzi dute herritarrek?

Euskal gizarteak autokritikarako gaitasun eta joera izugarria dauka. Onerako eta txarrerako. Jendearen pertzepzioa da alderdien arteko lehia politikoaren beste elementu bat baino ez dela bihurtu autokritika, lehen aipatutako antzezpenaren beste parte bat. Baina gai garrantzitsua da: denok diogu autokritikari beldurra, kritikatu behar duzuna zure nortasunarekin lotura estua baldin badauka, desorekatu egiten duelako zure identitatea eta, agian, aldatu. Horregatik errespetatu egin behar dira erritmoak, ez da egokia epe ertainera begirako elementu politiko gisa erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.