Kontrazepzioa osoki doan izanen da 25 urterainoko emazteentzat Iparraldean

Urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean neurria. Kontrazepzioari lotutako gastu guztiak bere gain hartuko ditu Frantziako Gizarte Segurantzak

Biharamuneko pilula, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
25 urterainoko emazteek kontrazepzioa urririk eskuratzen ahalko dute Ipar Euskal Herrian, urtarriletik aitzina, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak atzo iragarri zuenez. Pilula, biharamuneko pilula, kobrezko antzugailua, antzugailu hormonala, inplantea eta diafragma osoki ordainduko ditu Gizarte Segurantzak, eta antisorgailuok hartu ahal izateko prozesu osoa ere doakoa izanen da 25 urterainoko emazteentzat, hala nola kontsultak eta azterketa biologikoak. Bi preserbatibo marka ere urririk eskuratzen ahalko dira farmazietan: Eden eta Sortez Couverts.

2013tik, 15 eta 18 urte bitarteko emakumeentzat osoki urririk da kontrazepzioa, eta 2020an, 15 urtetik beherako neskei ere zabaldu zieten doakotasuna. Iaztik, beraz, 18 urtetik beherako emakume guztiek urririk eskura dezakete kontrazepzioa. Adin horretatik aurrera, berriz, zenbait antisorgailu bakarrik ordaintzen ditu Gizarte Segurantzak, eta kontsulta gastuen %65 hartzen ditu bere gain. Bada, 2022ko urtarriletik aurrera, antisorgailu gehienak eta horiei lotutako desmartxen gastuak osorik ordainduko ditu Gizarte Segurantzak.

«Ardura orekatu»

Zenbait kontrazepzio ez dira doakoak izanen: emakumeentzako pilula berezi batzuk —18 urtetik beherakoek ere pagatu behar dituzte—, gizonezkoentzako espermizidak eta preserbatiboak —bi marka izan ezik—. La Menstruelle podcast feministaren egileek sare sozialetan nabarmendu dute ezen, neurria «aurrerapauso bat» izanik ere, «kontrazepzioaren ardura orekatu» egin behar dela, gizonezkoen kontrazepzioak ere doakoak eginez.

Bide horretan, Veranek azaldu du «geroz eta emakume gehiagok» uko egiten diotela antisorgailuak erabiltzeari, arrazoi ekonomikoengatik. 25 urteko muga jarri du Frantziako Gobernuak, «adin horretatik aurrera ekonomikoki eta sozialki autonomia handiagoa» lortzen delako. Guztira, 21 milioi euro kostako da neurria, Veranek erran duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.