Zubietako errauste planta. Joseba Belaustegi. GuraSOSeko kidea eta abokatua

«Kontratua konplexua da, eta oraingoz ez dirudi behin betikoa denik»

Belaustegiren ustez, erraustegiaren adjudikazioa lortu duten enpresek «baldintza batzuk» bete behar dituzte lizitazioa ixteko. Finantzaketa lotzea falta dute, eta «horrek bankuen onespena behar du».

mikel rodriguez
2016ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegiak ez zuen ebazpenik eman atzo. «Harrituta» zegoen Joseba Belaustegi GuraSOSeko kide eta abokatua (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1967), baina uste du erraustegiaren inguruko aferak argitu arte «bide luzea» duela egiteko.

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak epaitegiaren ebazpenari itxaron gabe onartu du erraustegiaren adjudikazioa. Zer ondorio du horrek?

Gaia oso konplexua da. Kontratua oso konplexua da, eta, oraingoz, ez dirudi esleipena behin betikoa denik. Badirudi garaiz gaudela kalte-ordainak ematea beharrezko ez izateko.

Zergatik?

Besteak beste, adjudikaziodunek aurkeztu dituzten eskaintzak baldintzatuta daudelako finantzaketarekin, eta finantzaketa horrek bankuen onespena behar du. Enpresek oraindik baldintza batzuk bete behar dituzte esleipena behin betikoa izateko; besteak beste, finantzatzeko konpromisoak bete beharrekoa izan behar du. Oraingoz, behin-behinekoa da hori, esleipena lortu duten enpresen eskaintza bat edo promesa bat baita.

Eta zein egoeratan bihurtuko litzateke behin betikoa adjudikaziodunari kalte-ordainak emateko baldintza?

Eskatu dizkioten baldintzak eta konpromisoak aurkezten dituenean. Nahiko konplikatua da. Finantza mundua oso aldakorra da; arriskuak daude, eta horrek baldintzatzen du. Gainera, Donostiako epaitegiak ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ere ebazpen bat eman behar du ingurumen baimenari buruz. Ziurrenik, lehenago etorriko dira ebazpen judizial horiek.

EAEko Auzitegi Nagusiak noizko eman lezake ebazpena?

Agian, urtarrilaren erdirako, baina ezin da jakin. GHK aurkeztu daiteke interesdun alde bezala, eta epe bat eman beharko litzaioke alegazioak aurkezteko. Ez dakigu hamar egun izan litezkeen, edo gutxiago. Guztira, beste hilabete bat ere izan liteke, beraz.

Donostiako administrazioarekiko auzietarako epaitegiak lizitazioa onartuko balu, eraginen lioke EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari?

Ez, gauza ezberdinak dira: bata, lizitazioa da, eta, bestea, ingurumen baimena. Ekintza administratibo ezberdinak dira biak, baina ingurumen baimenik gabe ezin da lizitaziorik egon.

Ondorioa bera litzateke, orduan? Prozesua kautelaz gelditzea?

Bai.

Espero zenuten GHK-k bilera egitea epaitegiaren ebazpena jakin aitzinetik?

Guk ebazpen judizial bat espero genuen, ez genuen aurreikusten epaitegiak ebazpenik ez ematea. Harrituta gaude, gizarte osoa bezala.

Zer dela-eta uste duzue gibelatu dela epaitegiaren ebazpena?

Ez dakigu zerikusirik izan ote duen epaile titularra oporretan egoteak, eta beste epaile bati egokitu izana berea ez den zama. Aldaketa bat egon da, hasiera batean itxura ematen baitzuen dena egina zegoela ebazpena gaur [atzo] egoteko; izan ere, GHKri atzo [herenegun] 10:00ak arteko epea eman zitzaion alegazioak aurkezteko. Zer gertatu ote da? Hori espekulatzea baino ez da.

Erraustegiaren afera judizializatzen ari al da berriz ere?

Ez dut uste, baina eragina izango du. Guk adostasunaren bidea lehenesten dugu, baina argi dago bide judizialak adostasuna lortzeko aukera baldintzatu dezakeela.

Zein izanen dira GuraSOSen hurrengo pausoak?

Lehenesten ari gara alderdiekin, erakundeekin eta eragileekin egiten ari garen bilera erronda. Lehenengoa ez dugu bukatu, eta, seguruenik, bigarrena ere egingo dugu. Behintzat, bide hori ez du inork itxi. Beste bidea judiziala da, eta, esan bezala, oraindik erabaki gabe dago bai Donostian, bai EAEko auzitegian. Arlo horretan, hurrengo pausoa Europako Batzordera jotzea litzateke, baina asmoa da, batez ere, afera sozializatzea, bide orria zabaltzea eta atxikimenduak gehitzea. Zirimiria bezala, gizarte osoa busti nahi dugu.

Bihar bertan PSE-EErekin biltzekoak zarete. GHKrena bezalako erabakiek, edo auzitegietakoek, baldintza al ditzakete harreman horiek?

Ez du ezer aldatzen. Larritzen gaitu, eta gizartea are harrituago uzten du, baina ez du bide hori oztopatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.