Kontratu «malguak» ezarri eta lanaldiak luzatuko dituzte osasun zentroetan

Jaurlaritzak 80 lanpostu berri sortuko ditu lehen arretan: familia mediku eta erizainak. Mediku bakoitzeko herritar kopurua murriztu nahi dute

Lehen arretako langileek otsailaren 9an egindako manifestazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Lehen arretako osasun zerbitzua «hobetzeko» estrategia bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Proposatutako neurrien artean dago familia medikuentzat eta erizainentzat beste 80 lanpostu sortzea, langile bakoitzeko herritar kopurua jaitsi ahal izateko. Horrez gain, ikusita nolako arazoak dauden osasun etxeetako medikuak topatzeko, bi neurri hartuko ditu Osasun Sailak. Batetik, langileek beren lanaldia zabaldu ahalko dute; bestetik, ordezkapenak egiteko «kontratu egonkor malgua» sortuko dute. Gogoan izatekoa da lehen arretako medikuak protestan daudela lan baldintzengatik, eta martxotik aurrera hiru greba egitekoak dituztela.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztu zuen txostena atzo. Azaldu zuen estrategiaren helburu nagusia dela herritarrei zerbitzu «hobea» ematea, eta horretarako beharrezkoa dela mediku bakoitzaren esku dauden herritarren kopurua murriztea eta osasun zentroetako langile kopurua handitzea. Horretaz gain, azaldu zuen osasun zentroetako antolaketa ere hobetu nahi dutela plan berriarekin.

Langileen baldintzetan eragiten duten bi neurri adostuak dituzte Osasun Sailak eta sindikatuek: erretiro adina 68 urtera atzeratzea, eta beren borondatez langileek lanordu gehiago egitea. Iaz, esate baterako, Osakidetzak 1,2 milioi euro erabili zituen aparteko lanordu horiek ordaintzeko.

Langile berriei eragiten dien neurri bat ere abiarazi du Osakidetzak: «kontratu egonkor malguak» eskaintzen hasi da, gutxienez urtebeteko iraupena izango dutenak. Horien asmoa da etengabe sortzen diren ordezkapenak estali ahal izatea. Iaz 226 mediku hasiberri hartu zituzten horrelako kontratuen bidez, eta aurten beste 77 egiteko asmoa daukate.

Gaur egun, Osakidetzaren lehen arreta zerbitzuan 4.500 langile ari dira 300 osasun zentrotan. Iazko datuen arabera, mediku bakoitzak batez beste 28-29 gaixo artatzen ditu egunean, eta bederatzi-hamar minutu igarotzen ditu bakoitzarekin. Darponek ohartarazi du lehen mailako osasun zerbitzuen erabilera handitzen ari dela urtez urte, gizartea zahartzearen ondorioz gaixotasun kroniko gehiago dagoelako.

Langileen greba, hilabetero

Protestan dira zerbitzu horretako medikuak, euren lan baldintza «gogorrak» salatzeko. Lehen Arreta Arnasberritzen taldeak manifestazioa egin zuen hilaren 9an Gasteizen, salatzeko langileen lan baldintzak okertu egin direla eta gaixoen artan eragina duela. Osasun Sailari bidali zioten 63 eskaera dituen txosten bat: nabarmendu dute murrizketek ondorio «larriak» izan dituztela lehen mailako arreta zerbitzuetan, eta zailtasun handiak dituztela pazienteak behar bezala artatzeko, denboraren murrizketagatik.

Grebara joko dute martxoaren 15ean, apirilaren 12an eta maiatzaren 17an. Darponek aitortu du «kezkatuta» dagoela deiarekin.

Darponek «erantzukizun politikoa» duela aitortu du, baina karguari eutsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.