Kontratazio zerrendetan dauden akatsak salatu ditu SATSEk

Erizainek elkarretaratzea egin dute gaur Txagorritxuko ospitalean. «Premiazko konponbideak» exijitzeko, beste protesta bat egingo dute datorren asteartean Basurtuko ospitalean.

SATSEk protesta egin du gaur goizean Gasteizko Txagorritxuko ospitalean. SATSE
SATSEk protesta egin du gaur goizean Gasteizko Txagorritxuko ospitalean. SATSE
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko maiatzaren 22a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

SATSE erizainen sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean Gasteizko Txagorritxuko ospitalean, erizainen «egoera larria» salatzeko. Zehaztu dutenez, «etengabeko akatsak, atzerapenak eta Osakidetzak hautaketa eta kontratazio prozesuetan egiten duen kudeaketa negargarria» dira egoera horren erantzule.

Erizainek «hilabeteak» eman dituzte kontratazio zerrendak argitaratzeko zain. Argitaratu dituzte jada, baina «akats ugari» dituzte. «Kontratazio zerrendetako akatsek kontratazioen kudeaketari eragiten diote, eta profesional asko muturreko egoerara eraman dituzte», ohartarazi du sindikatuak. Gainera, kritikatu dute ez dagoela bitartekotasun eskaintzarik, eta horrek eragotzi egiten diela erizainei euren lan egoera egonkortzea eta euren bizitza planifikatzea.

Akats horiei erantzuteko asmoz, sindikatuak jakinarazi du erreklamazioak «masiboak» izaten ari direla: «Etengabeak dira segurtasun juridikorik eza, kudeaketaren gardentasun falta eta tratu txar administratiboak». Etengabeko kontsultek eta erreklamazioek «karga mental eta emozional handia» eragiten die erizainei. Kontratazio zerrendak zuzendu arte, SATSEk Osakidetzari eskatu dio profesionalak ez zigortzea, eta kontratuak ez ukatzea hala dagokiela frogatzen dutenei.

Egoera hori ikusita, «premiazko konponbideak» exijitu dizkiote Osakidetzari gaur goizean, eta argi utzi dute erizainen «ezinegonari» erantzungo diotela aurrerantzean ere. Izan ere, beste protesta batera deitu dute: datorren asteartean Bilboko Basurtuko ospitaleko kanpo kontsulten inguruan elkartuko dira, 11:00etan. Ezinbestekotzat jo dituzte horrelako mobilizazioak, profesionalek jasaten duten «narriadurari» aurre egiteko: «Erizainek errespetua, konponbideak, egonkortasuna eta kudeaketa eraginkorra merezi dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.