Kontratazio publikoaren foru legearen bi atal baliogabetu ditu Konstituzionalak

2018ko Kontratazio Publikoaren legea aldatu zuen Nafarroako Legebiltzarrak, tramitazioak azkartzeko eta lizitaziorik egin gabe sendagaiak eskuratzeko prozedura arautzeko. Salbuespen hori konstituzioaren aurkakotzat jo du auzitegiak.

Espainiako Konstituzio Auzitegiko eraikinaren kanpoaldea. JAVIER LIZON / EFE
Espainiako Konstituzio Auzitegiko eraikinaren kanpoaldea. JAVIER LIZON / EFE
2024ko apirilaren 11
14:45
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Hego Euskal Herriko lege batean esku hartu du berriro ere. Nafarroako Parlamentuak 2021ean aldatutako kontratazio publikoaren foru legearen bi atal konstituzioaren aurkakotzat jo eta baliogabetu ditu.

Ohar bidez jakinarazi du epaia Konstituzionalak, baina oraindik ez dute eman haren edukiaren berri. Kontsolidatutako egoerei ez die eragingo. «Epaiaren aurretik egindako kontratuei ez die eragingo: etorkizunekoei soilik». 

Hiru urte lehenago onartutako Kontratu Publikoen Legeari hainbat aldaketa ezarri zizkion Nafarroako Parlamentuak. Aldaketa Nafarroako Gobernuko bazkideek bultzatu zuten, baina bozketan gehiengoak aldatu egin ziren: Navarra Sumak, PSNk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu zuten; Geroa Bai abstenitu egin zen, eta EH Bilduk kontra bozkatu zuen.

Aldaketa horretan, kontratazio publikoen prozedurei zuzenketa teknikoak ezarri zitzaizkion «tramitazioa azkartzeko, betebeharrak zehazteko eta salbuespenak argitzeko, baita sozietate publikoen artean ere».

Konstituzionalak baliogabetutako bi atalek nolabait sendagaiak eskuratzeko prozedurari eragiten diote. Osasunbiderako medikamentuak eskuratzeko prozeduran, lizitazio publikoa ez egiteko salbuespena arautzen du foru legeak. Haren arabera, administrazioak eta sendagaiaren hornitzaileak negoziatutako prezioan arautzen dira sendagaiak eskuratzeko baldintzak.

Hori zehazten duen xedapena baliogabetu egin du Konstituzionalak. Gainera, salbuespena finkatzeko legearen artikulua ere baliogabetu egin du auzitegiak.

Foru Hobekuntzari esker Nafarroak berezko eskumenak dituela aitortzen du Konstituzionalak, baina argudiatzen du kontratazio publikoaren esparruan «zerbitzu juridiko zehatzak» kanpoan utzi nahi zituztela. Auzitegiaren arabera, Europako Batasuneko legediak oinarrizko arautzat jotzen du administrazio publikoan tratu bera edukitzeko bermea, eta printzipio hori auzitan jarri delakoan dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.