Kontrasteak (eguneko laburpena)

Nafarroan bi egunez jarraian ez da egon ez PCR positiborik, ez ospitaleratzerik, ezta hildakorik ere. EAEn berriz, zortzi positibo eta lau hildako.

Santiagoko zubia, Hendaia eta Irunen artean. GORKA RUBIO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 15a
20:28
Entzun

Nafarroan, bi egunez jarraian zero-zero-zero emaitza izan dute gaur: ez da egon ez PCR positiborik, ez ospitaleratzerik, ezta hildakorik ere. Bitartean, hirugarren fasearen bigarren astean sartzean, beste arintze neurri batzuk jarri dira martxan; adibidez, desgaitasuna duten pertsonen eta adingabekoen zentroetan aurrez aurreko jarduerei berrekitea. 

EAEren kasuan, beste zortzi positibo atzeman dituzte PCR proben bidez. Gehienak ospitaleetako agerraldiekin lotuta daude: lau Arabako Txagorritxuko agerraldiarekin, eta hiru Basurtuko ospitalekoarekin. Orain arte, 13 positibo izan dira Txagorritxuko ospitaleko agerraldiarekin lotuta, eta 41 positibo Basurtuko ospitalekoarekin. Beste positiboa Gipuzkoan izan da. Horrez gain, beste lau pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Guztira, 2.125 hildako. Ospitaleetako egoera ez da asko aldatu. Ospitaleratze berri bat izan da, eta zainketa intentsiboetarako unitateetan, atzo bezala, 24 pertsona daude (18 EAEn eta 6 Nafarroan).  

Mugimendua. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga datorren astelehenean (hilaren 21ean) irekiko da, eta alde bateko eta besteko euskal herritarrek lanerako ez den beste zeregin batzuetarako zeharkatu ahal izango dute. Argitzeko dago Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak noiz emango duten amaitutzat hirugarren fasea normaltasun berriari ongietorria emateko, horren bide emango baitie erkidegoen arteko joan-etorriei. Baliteke Cantabria eta EAEren arteko mugimenduari lehenago bide ematea (ostiralean), Nafarroaren eta EAEren artekoari baino. Gobernu kontseiluen bilerek argitu beharko dute sarri.

Eskolak, ohiko baldintzetan. Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du normaltasunaren itzulera bizkortu egin behar dela. Horren barruan, ikasle guztiek "derrigorrez eta ohiko baldintzetan" joango beharko dute ikastetxeetara ekainaren 22an, ikasturtea amaitu arte. 

Pekin, larrialdi egoeran. Pekingo Xinfadi azokan sortutako agerraldiarekin lotuta, 79 kasu baieztatu dituzte, eta agintariek 'gerran' baleude bezala jokatzera deitu dituzte hango herritarrak, gaitza hedatu ez dadin. Txinako hiriburuko hainbat auzotarako sarbidea mugatuta dago, eta probak era masiboan egiten ari dira.   

Agian honek ere merezi du

Distantzia. COVID-19aren birusaren kutsapenaren inguruko ikerketak arakatu ditu Miren Basaras Mikrobiologia irakasleak, eta zenbait ondorio eta gomendio bildu. Bi aldagaitan arreta berezia jarri du: distantzia fisikoa eta birusaren esposizioaren iraupena. Birus honen agerraldi ia guztiak jende asko pilatzen den leku itxietan gertatu dira. Modu jarraian egoteak eragin handia du. Distantziak nola eragiten du? Metro bakoitzeko kutsatzeko arriskua erdira jaisten da. Pertsonen arteko distantzia bezain garrantzitsua maskararen erabilera da, Miren Basarasen ustez. 

Pentsiodunen galdera. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak "informazio osoa, egiazkoa eta objektiboa" eskatu diete erakundeei zahar etxeetan gertatukoaz. Plataformaren ustez, egoiliarrei ez zaizkie behar diren prebentzio neurriak eta ospitale tratamendua bermatu. Horregatik pentsiodunek galdera zuzen bat egin diete erakundeei: "EAEn eta Nafarroan, koronabirusaren ondorioz hildakoen %40 eta %50 artean egoitzetan hil dira. Zeintzuk dira heriotza horiek azaltzen dituzten benetako arrazoiak?".

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.