XVIII. mendera egin behar da atzera botere banaketaren hastapenetara iristeko. «Botereaz ez abusatzeko, botereak boterea geldiarazteko moduan antolatu behar dira gauzak», utzi zuen idatzita orduan Montesquieuk. Teorian, elkarrekiko independenteak dira botere betearazlea, legegilea eta judiziala, eta azken horri dagokio besteen gaineko kontrola. Errealitateak, baina, kontrakoa adierazten duten adibideak utzi ditu. Lawfare deritzo botere judizialaren erabilera ez zilegi eta politikoari. Kontzeptu horrekin lotu dute, besteak beste, Espainiako botere judizialaren goi organoetan gertatzen ari dena. Euskal Herrian, bada kezka auzitegietan hartutako zenbait erabakirekin; horiek nola ari diren hizkuntza politika moldatzen. Beraz, non bukatzen da botere exekutiboaren eta legegilearen kontrola, eta non hasten da botere judizialaren agintea?
Ikusi gehiago:Pedro Vallin: «Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»
Botere banaketaren oinarria argia da, EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Aretoko presidente Garbiñe Biurrunen esanetan: «Botere bakar bati ahalmen absolutua izatea galaraztea». Hala argudiatu du Juanjo Alvarez EHUko irakasle eta Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedratikoak ere, esanez justiziaren xedea dela eragoztea botere legegileak eta betearazleak euren irizpideak «modu absolutuan» ezar ditzaten: «Oreka mantentzea». Epailetzak horretarako tresna izan behar du, haren hitzetan: «Triangelu horretan, justizia da tontorra».
Biurrunen esanetan, botere exekutiboaren kontrola eguneroko jardunaren parte da auzitegietan. Herritarrek zein erakundeek administrazio publikoek hartutako erabakien aurka egiten badute, afera botere judizialaren esku geratzen da. Hala, azaldu du politika judizializatzeko helburua izan gabe ere politika auzitegietara iristen dela.
Kontrol edo kontrapisu lanari beste bat ere gehitu dio Ander Errasti Etika eta Filosofia Politikoan doktore eta UB Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak: «Gizartearen aniztasuna behar bezala islatzea». Kontrara, hiru botereak zeinu bereko botere politiko baten menpe geratzen direnean, demokrazia desegituratu egiten dela argudiatu du.
Teoria gauza bat da, eta praktika beste bat. Esaterako, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kasuan, kontrapisu izan beharko litzatekeena «benetako botere» bihurtzen ari dela azaldu du Alvarezek. «[Botere judiziala] Ideologizatuta lehiatzen da beste bi botereei gailentzeko asmoz», eta horrek kalitate demokratikoa «pobretzen» du. «Perbertsoa da», gehitu du katedratikoak.
Politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa. Biurrunek txanpon beraren alde banatan kokatzen ditu biak. Lehenaz aritzean, Kataluniako independentzia prozesua eta haren eraginak aipatu ditu epaileak: gatazka politiko bat zegoen, eta judizialki egin zen zenbait erabaki politikoren aurka. Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak azaldu du erabaki politikoak auzitegietara iristen direnean politika munduak bere burua babestu nahi izaten duela. Nola? CGPJren kasuan gertatu den moduan, aldeko kideak mantentzen saiatuta. Zertarako? «Bertan egingo diren izendapen potoloak gehiengo politikoaren gustuko izateko». Hori da Espainiako justiziaren «gaitz nagusia», Biurrunen ustez.
Afera horrekin lotuta dago epaileak bi bloke handitan bereizi izana: progresistak eta kontserbadoreak. Espainiaren kasuan, botere judizialeko organo gorenen inguruko eztabaidan eman da nabarmen banaketa hori. «Txarrena da horrelako organoetara iristen direnak oso ondo identifikatzen direla bi ikuspegi horiekin, eta ohitura bihurtu da batak eta besteak biltzea, bi talde edo armada balira bezala», kritikatu du Biurrunek: «Tamalgarria eta penagarria da ikusten ari garena. Ez du sinesgarritasunik ematen».
Alderdiek instituzioak «kolonizatzeko» duten joeraren parte da hori, Alvarezen esanetan. «Onartzen ari zara botere horien banaketa alderdikoia dela gakoa, eta ez horien kontrabotere izaera». Hala, epaileak bi talde bereizitan kokatzeak horien «tribalizazioa» dakarrela uste du, eta horrek «justiziaren amaiera» eragin dezakeela: «Justiziarik gabe ez dago demokraziarik, eta sistemaren gaineko konfiantzak behea jotzen du».
Izan ere, EHUko irakasleak azaldu du Espainiako CGPJn, Auzitegi Konstituzionalean eta Gorenean ebatzi dezaketena aurreratzea posible dela egun, unean uneko gehiengoei erreparatuta. «Noski epaileek ideologia dutela, eta eskubide legitimoa dute hori izateko, baina funtzio judizialean inpartzialtasuna eta objektibotasuna betebeharrak dira», arrazoitu du.
Errastik ere adierazi du, herritar orok bezala, epaileek ere euren «motxila ideologiko eta politikoak» dituztela. Beraz, botere judizialeko organoen despolitizazioa eskatu beharrean, horien «izaera alderdikoia» baztertzeko beharra nabarmendu du, independentzia judizialaren mesedetan. Hau da, arazoa ez da politika «ez alderdiak» botere judizialean islatzea, baizik eta prozesuak interes politikoen mesedetan gauzatzea: «Ezin dute alderdi edo mugimendu politiko jakin baten egitaraura egokitu euren lanak egitekoan».
Izan ere, UBko irakaslearen esanetan, alderdiak dira «gizartearen aniztasun politiko eta ideologikoa bideratzen dutenak», eta, ondorioz, legebiltzarrek parte hartu behar dute CGPJko kideen izendapenena bezalako erabakietan. «Alderdiek egin dezakete kanalizazio lan hori, baina helburua ezin da izan alderdiko jendea botere judizialean kokatzea», argudiatu du.
Era berean, azaldu du auzitegiek gizartearen aniztasuna islatu behar dutela. Espainiako Estatuaren kasuan, bipartidismoaren amaiera eta aniztasun nazionala. Azaldu du, besteak beste, Kanadan eta Suitzan aniztasun etniko-linguistikoa islatzen dela, baina Espainian ez dela halakorik egin. «Eta ez da espero».
Beraz, eztabaida kontrolean bainoago, kontrol hori egiteko moduan kokatu behar da. Izan ere, Biurrunen esanetan, botere exekutiboaren erabakien gaineko kontrol lana ezinbestekoa da: «Beste kontu bat da zer-nolako sentsibilitatea dagoen, nola erantzuten den, edo ongi ezagutzen ote den errealitatea». Errastik honakoa galdetu du: «Izan ere, noraino onartuko genuke herritarrok udalek, aldundiek, Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak erabakiak inolako kontrolik gabe hartzea?».
Bat egiten du Alvarezek ere, baina jakitun ideologiaren araberako jokamoldeak justiziaren estamentu guztietara zabaldu direla: «Ontzi komunikatuen gisara, erabaki judizial guztietara iristen da jokabide hori». Horrek ebazpenak «klabe ideologikoan interpretatzea» ere badakar, eta, era berean, «bataila ideologikoa elikatzea». Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpenak jo ditu adibidetzat: «Parot doktrinaz ebatzi zuenean, terroristekin enpatia izatea egotzi zioten, baina Batasunaren ilegalizazioa babestu zuenean, euretako bat zen».
Horren aurrean, Errastik salatu du auzitegiak legean ezarritakoa interpretatzeko daudela, eta ez «estatua gauza monolitiko bat bezala defendatzeko». Eskuineko alderdien gain jarri du erantzukizuna, haiei aurpegiratuta boterea galtzean auzitegietan bilatzen dutela euren aurkariek bultzatutako erreformak galaraztea: «Boterean ez dauden ordezkari politikoak boterean daudenen zilegitasuna bertan behera uzteko erabiltzen ari dira botere judiziala». Jokamolde «arriskutsua» da hori, Errastiren ustez, esan nahi dutelako estatua beraiek direla, eta agintean daudenek ez dutela boterea izateko eskubiderik.
Hala, UBko irakasleak arazo sakonago baten pean kokatzen du botere judizialaren erabilera politikoa: «Lehen aldiz, demokraziaren babesa jaisten ari da, eta agintari autoritario eta liberalena, hazten. Testuinguru hori kontuan izan gabe, niri kosta egiten zait botere judizialaren hainbat jarrera ulertzea».
Interbentzioa
CGPJ eta Auzitegi Konstituzionaleko kideak berritzeko zailtasunekin batera, auzitegi hark Senatuan egindako esku hartzea izan da botere judizialaren erabilera politikoa eztabaiden erdigunean kokatu duen afera nagusia. Gertatutakoa interpretatzeko modu bat baino gehiago daude, ordea. Biurrunek azaldu du ebazpenaren argudiaketa «ahul xamarra» izan zela, baina bat egin du harekin: «Egia da interbentzio gogorra dela Senatuaren eztabaida etetea, baina kasu honetan ulertzen dut zergatik hartu zen erabakia». Arrazoitu du legea onartu arte itxaronez gero gutxienez 50 diputatuk bat egin beharko luketela Konstituzio kontrakotasun helegite bat aurkezteko; hau da, talde parlamentario txiki batek edo diputatu batek ezingo lukeela ezer egin babes helegiterik jarri ezingo balu.
Gainera, aurrekari bat ere badela gogoratu du. Ibarretxe planari aurre egiteko, PPk Arbitraje Legearen erreforma baliatu zuen baimenik gabeko herri galdeketak delitu bilakatzeko, eta alderdi sozialistako senatariek Konstituzionalera jo zuten. Senatuko Mahaiaren erabakia bertan behera utzi zuen auzitegiak, oraingoan bezala, zuzenketek tramitatutako legearekin zerikusirik ez zutelako. Orduan, baina, ez zen kautelazko neurririk eskatu, eta ebazpena zortzi urte geroago iritsi zen, 2011n.
Beste bide batetik jo dute Alvarezek eta Errastik. Lehenak inpartzialtasun faltaren adibidetzat jo du gertatutakoa. Uste du Kongresuak eta Senatuak Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoa aldatzeko erabilitako formula Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela. Baina, era berean, azaldu du auzitegiak ez zuela tramitazioa geldiarazteko eskumenik. Hala, prebarikazio kontzeptua erabili du, ebazpenak «kalkulu politiko bati» erantzuten diolakoan: «Sinbolizatu nahi zuten [Espainiako gobernuburu Pedro] Sanchezen gobernua, independentistekin batera, zuzenbide estatuaren aurka ari dela».
Errastik, berriz, argudiatu du egindakoa ez litzatekeela posible izango Katalunian jazotakoak kontuan hartu gabe. Azaldu du kasu hartan PPk zein PSOEk bat egin zutela Auzitegi Konstituzionala erabiltzearekin, eta, orain, horrek Madrilera egin duela salto: «Zergatik ez dute orain estatu mailan erabiliko Kataluniarako balio zuena? Euskal Herrian eta Katalunian halakoak pairatu ditugu urteetan, eta ez da harritzekoa orain eskuinak ez onartzea PSOEk, Podemosek eta beste alderdi batzuek bultzatutako estatuaren ustezko eraldaketa». Izan ere, uste du argiak direla «estatuaren etsaitzat» hartu direnen aurkako jazarpen judizialen kasuak, eta aurrerantzean halakoak ikusiko direla Espainian ere.
Biurrunek ere ikusi du alderagarria den puntu bat Senatuko interbentzioaren eta Kataluniako prozesuaren artean, baina ebazpen jakin batean. 2017ko urriaren 5ean, Auzitegi Konstituzionalak kautelazko neurri bat hartu zuen, lau egun geroago egitekoa ziren Kataluniako Parlamentuko osoko bilkura bat debekatzeko. Hark helburu zuen urriaren 1eko erreferendumaren emaitzen eta haren ondorioen balorazioa egitea. «Orduan Konstituzio Auzitegiarekin bat egin zutenetako batzuk dira orain haren kontra daudenak», salatu du epaileak. Izan ere, kasu hartan, PSC izan zen helegitea jarri zuena, argudiatuta parlamentarien eskubideak urratu zituztela.
Botere politikoa eta judiziala talkan
KONTRAPISUAK DUEN PISUA
Mendeetako eztabaida da, azkenaldian sarri loratu dena: botere judizialak zenbateraino betetzen duen exekutiboaren eta legegilearen kontrolatzaile rola, eta noiz igarotzen duen herri borondatea ordezkatzearen muga. Adituek beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoen kontrola, baina baita «oreka» ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu