Bi aldiz epaitu dute Gorka Torre Roca Baionako Auzitegian, eta bi aldiz errefusatu diote epailearen aitzinean euskaraz mintzatzeko eskubidea. Frantziako administrazioaren arabera, frantziar herritartasuna du Torrek; beraz, frantsesez mintzatzeko betebeharra du. Gainera, ongi daki frantsesez. Hala adierazi diote orain arte magistratuek euskaldun gisa dituen eskubideak aldarrikatu izan dituenean.
Auzitegi horretako teilatura igo da Torre, euskararentzat justizia eskatzera. Desobedientzia ekintzan parte hartu du Intza Gurrutxaga EHEko kideak ere. Ekintzaileei adierazi diete haien kontrako salaketa jarri dutela. Pentsatzekoa da biak epaituko dituztela ondoko aste edo hilabeteetan.
Eta orduan, zer egingo du epaileak? Gurrutxaga ez da Frantziako Errepublikako herritarra, ez du frantsesez jakiteko betebeharrik; funtsean, ez da moldatzen hizkuntza horretan. Gipuzkoako Getarian sortua da, eta haren lurralde administratiboan euskara ofiziala da; teorian, herritar gisa aitortua zaion eskubidea da euskaraz aritzea.
Baionako Auzitegiak eskubide hori onartuko ote dio? Ala itzultzaile erdalduna ezarriko diote gazteleraz aritzera behartuz? Gurrutxagari euskaraz aritzea onartzen badiote, nola justifikatu Torreri debekatzea? Frantziako Justiziaren kontraesanak agerian jartzeko aukera izan daiteke epaiketa.