Kontaktuen itxialdia lau egun moztu du Madrilek: hamar egun iraungo du

Koronabirusa atzemateko beste test batzuk martxan jartzea erabaki du Espainiako Gobernuak: antigenoak aurkitzeko probak egingo dituzte

PCR proba batzuk egiten, Gernika-Lumon. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko irailaren 22a
20:23
Entzun

Espainiako Osasun Ministerioak aldatu egingo ditu koronabirusari buruzko osasun jarraibideak. Bi aldaketa nagusi egingo dituzte. Batetik, proban positibo eman dutenen kontaktuek berrogeialdi laburragoa izango dute: hamalau egunekoa zen ofizialki orain arte, eta hamarrekoa izango da aurrerantzean. Kasu batzuetan jada ari ziren hamar eguneko epea erabiltzen. Beste aldaketa nagusia testei buruzkoa da: antigenoak atzemateko probak erabiliko dituzte birusa atzemateko, PCRak ez ezik.

Osasun Publikoko Batzordeak erabaki du protokoloa aldatzea. Aurretik, goizean,  Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri du aldaketa horiei buruzko «akordioa» gertu zegoela; haren arabera, izan ere, erkidegoetan adostasun handia zegoen aldaketa horiei buruz. Aldaketa ez da kolpetik iritsi: Kataluniako Generalitateak, adibidez, iragarria zuen hamar eguneko berrogeialdia ezarriko diela kontaktuei, eta Nafarroako Gobernua ere bide berean ari zen. Ministerioaren babesa izango dute orain.

Orain arteko araudiarekin ere bazegoen aukera epemugak arintzeko: adibidez, positiboen kasuan hamalau egun egin beharrean hamar egin zitzaketen itxialdian, baldin eta hiru egunean ez bazuten sintomarik. Positiboen kontaktu estuei dagokienez, arau orokorra izan da hamalau egunekoa, baina aukera zuten hamar egunera amaitzeko, baldin eta PCR batekin egiaztatzen bazuten negatibo zirela. Orain, berriz, PCRa egin gabe amaituko dute itxialdia hamar egun igarotzean. Gogoan izatekoa da Frantziako Gobernuak halako urrats bat egin duela, eta Herbehereek ere bai.

Zailtasunak
Erabaki horien atzean daude, batetik, itxialdiak ondo betetzeko zailtasunak: bakartzeek askotan trabak dakartzate zaintza lanetan eta enpleguaren arloan. Arazo horiek arintzera egin nahi dute berrogeialdiak murriztuta. Izan ere, osasun agintarien susmoa da neurri horiek ez direla ondo betetzen maiz. «Itxialdi trinkoagoak eta hobeak egiten direla ziurtatzen badugu, gehiago egingo dira», aitortu du, adibidez, berriki Kataluniako Osasun Publikoko idazkari Josep Maria Argimonek. Kontuan hartzekoa da ikertzaileen jardunak zer erakutsi duen: hainbat ikerketak diote hamar eguneko epemuga egokia izan daitekeela. Hasiera batean gaitzaren inkubatze aldia hamalau egunekoa izaten zela esaten bazuten ere, orain ikusten ari dira behin hamargarren egunetik aurrera «oso arraroak» direla kutsatzeak, bakanak. Uste dute, hortaz, arriskua baino abantaila handiagoa ekarriko duela epea mozteak.

Berrogeialdia laburtzearekin «zuhur» azaldu da Jaurlaritza. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo ohartarazi zuen izurriaren eboluzioari zuhur begiratu behar zaiola eta halako aldaketak tentuz egin behar direla. Goizean hitz egin zuen sailburuak, Madrilek erabakia iragarri baino lehen.

Positiboak atzemateko aldaketa bat ere onartu du ministerioak: antigenoak aurkitzeko testak erabiltzea. Infektatuak «lehenago» topatzea da helburua. PCRekin batera erabiliko dituzte, eta helburua da «datozen hilabeteetako premiei» erantzutea: hots, proba gehiago egiteko gaitasuna izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.