Oroiteria jardunaldiak. Fernando Mikelarena. Historialaria

«Kontakizuna osoa izateko, beharrezkoa da paradigma aldaketa»

Nafarroan 1936ko gerran izandako «garbiketa politikoa» aztertu du Mikelarenak, lehen aldiz arreta hiltzaileengan ezarriz. Oroiteria webgunearen aurkezpenaren harira solastu da haren saiakeraz.

IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
ander perez zala
Andoain
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
1936an Nafarroan izandako «garbiketa politikoan» sakondu du Fernando Mikelarena historialariak (Bera, Nafarroa, 1962) Sin Piedad saiakera liburuan. Bertan aztertu du, besteak beste, zenbat herritar hil zituzten Nafarroan 1936ko gerran. Oroiteria gunearen aurkezpenaren harira, Ainhoa Larrabe Arnaiz BERRIAko kazetariak Mikelarena elkarrizketatu zuen atzo, historialariaren saiakeraren inguruan solasteko.

Mikelarenaren obra mugarria da, borreroak identifikatu eta euren inplikazioa aztertu dituelako: «Hiltzaileak ere aipatu behar dira». Ikuspegi berri baten beharra nabarmendu du: «Kontakizuna osoa izateko, beharrezkoa da paradigma aldaketa. Kontakizunak ez luke partziala izan behar». Paradigma berria izan arren, ohartarazi du Nafarroako prentsan ez zela «ezta lerro bat ere» agertu haren lanari buruz. Urte hartan gertatutakoa garbiketatzat jo daitekeen zalantzak ditu Mikelarenak: «Ez zen holokaustoa izan, baina uste dut sarraski hitza erabil daitekeela». Hori frogatzeko, datuetan oinarritu da. Nafarroan FP Fronte Popularreko gizonezko boto-emaileen artean hildakoak %16,3 izan ziren: «Zifrarik handiena da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin, eta Espainiar Estatuko probintziekin konparatuz gero». Izan ere, «FPren 1.000 boto-emaileko, 96,3 pertsona hil zituzten». Garai hartako dokumentazioa desagerrarazi, eta senideak mehatxatu zituzten: «Helburua isiltasun harresi bat sortzea izan zen; harresi hori botatzea zaila da, baina egin beharrekoa da», azaldu duenez.

«Errepresio murriztutzat» jo du gertatutakoa, baina «nahikoa» garai hartako biztanleria beldurtzeko eta zigortzeko, baita militar kolpisten indarra erakusteko ere: «Ezkerrekoak ziren herritarrak zigortzeko borondatea egon zen. Gertatutakoa definitzeko hitz egokia deuseztatzea da», haren ustetan. Datuei erreparatuz, ondorioa argia da: sei ezkertiarretik bat hil zuten, eta jazarpen hori ahalbidetzeko sare bat egon zen. Lau arduradun mota zehaztu ditu Mikelarenak: «Agintari militarrak, falangisten buruzagiak, heriotza eskuadroiak osatzen zituztenak, eta laguntzaile anonimoak». Haren obran hiltzaile horien izen eta abizenak agertzen dira: Jose Moreno, Lucio Arrieta, Pedro Diez, Faustino Escribano, Enrique Castilla eta Patricio Fernandez, esaterako. Karlistak ere aipatzen ditu: Esteban Ezcurra, Benito Santesteban eta Vicente Munarriz, adibidez. Egungo ikuspuntutik, «anekdota» bat da izenak aipatzea, 80 urte pasatu direlako.

Garai hartan egon zen logika ezagutzea da garrantzitsuena, historialariaren iritziz. «Estrategia» bat izan zen. Eliteek eta agintariek «odolez betetako eskuak» ikusi nahi zituzten. Falangisten buruzagien erakundeetan ordezkari politiko eta sozioekonomikoak zeudela ziurtatu du Mikelarenak, garai hartako «eliteak» zirenak: Mola, Garcilaso, Martinez de Berasain, Marcelino de Ulibarri eta Uranga anaiak aipatu ditu.

Arabarekin ere alderatu du Nafarroan gertatutakoa, eta azaldu du Araban jazarpena ez zela Nafarroan bezainbestekoa izan: «Garbiketa politikoa handiagoa izan zen Nafarroan, nahiz eta bi lurraldeak antzekoak izan. Falangisten bortizkeria izan zen bakarra Nafarroan. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, aurkakoa gertatu zen, bi aldeen bortizkeria izan zelako». Baten eta bestearen arteko alde hori jazarleen errepresio asmoaren araberakoa izan zen, haren esanetan.

Informazioa biltzeko, besteak beste, Nafarroako Artxibategi Nagusiko dokumentazioa eta ahozko transmisioaren bidez lortutako informazioa konparatu ditu, «ahal izan dudan heinean», hiltzaileek garai hartako dokumentazioa desagertarazi baitzuten, gobernu zibilekoa batez ere. Mikelarenak azaldu duenez, Nafarroako artxibategia oroimenaren aldekoa da, baina Espainiako probintzietako artxibategiek geroz eta oztopo gehiago jartzen dituzte gai horri buruzko informazioa eskuratzerakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.