Korrika bada lekukoa eramatea edo haren atzetik lasterka egitea. Baina Korrika bada jaiki orduko zuzeneko emankizuna piztea, bideoak ikustea, egunkariko erreportajeak irenstea, lanera iristean pena hartzea irratia itzali behar izateagatik edo telebistari itsatsita orduak pasatzea. Korrikaren berri luze eta zabal emateko, ezinbestekoa da prentsa taldea. Halere, abisu bat: Korrikan ikusten dena konta daiteke, baina Korrika barrutik bizitzean sentitzen dena kontatzea zailagoa da. Saiakera bat da kazetariena.
Lanteno (Araba). 07:30. Ring-ring. Jo du iratzargailuak Garabilla landetxeko gelan. Esnatu, dutxatu eta gosaria. 08:00etarako jarrita zegoen ordua, baina bi kazetari bakarrik daude oraindik prest. Banaka-banaka iritsi dira beste hiru kazetari. Gosaldu, tertulia pixka bat. Uste baino gehiago luzatu zaie azkenean, eta irrati esatari bat ez da iritsiko Korrikara. Bi konplize ditu. Zuzenekoa jarri dute telefonoan, eta hasi dira oihuka: «Hemen ere euskararen alde». Irrati esataria zuzenean sartu da; Korrikan egongo balitz bezala, baina landetxeko sukaldean dagoela.
Bukatu eta irten da bost kazetariko taldea. Gainerakoak Korrikan daude dagoeneko, edo atzetik etorriko dira. Autoan daude, kazetariek mugitzeko dituzten hiru auto horietako batean. Musika, barreak, baina baita lana ere. Gelditu gabe. «Zuzenekoa dugu», dio batek. «Bai, bai, bi minutuan badugu denbora egiteko». Eta bai. 09:00etarako Urduñan daude. Korrika iritsi aurretik, bakoitza berera dago: bideoak grabatzen, elkarrizketak egiten... Baina iritsi da Korrika. Korrika eta presaka grabatu, eta berriro autora, hobe baita Korrikaren aurretik joatea atzetik baino.
Laster iritsi dira Amurriora. Hura izango da hurrengo geralekua. Ia beti bezala, edozein bazterretan utzi dute autoa. Udaltzaingoa gerturatu zaie, eta txaleko horiak soinean eta Korrikaren pegatinak autoan itsatsita ikustean, hala esan die: «Utzi hor autoa, Polizia jartzen duen leku horretan». Kasu egin diote.
Furgonetara
11:00. Iritsi zaio boskoteari banatzeko garaia; bi kazetari Korrikaren furgonetara igoko dira. Bertan dago Amaia Gartzia, Korrikaren prentsa arduraduna. Hark azaldu duenez, 11 pertsonak osatzen dute prentsa taldea; BERRIAko, AEK-ko eta Hamaika Telebistako bina kidek; eta Argia-ko, Naiz-eko, Euskal Irratietako, Arrosa Sareko kazetari banak; eta zuzenekoaz arduratzen den errealizatzaile batek. Antolaketa nolakoa den azaldu du Gartziak: «Hedabide bakoitzak bere eskariak ditu, jarraitu nahi dituen gauzak. Hiru autotan ibiltzen gara, eta goizetan eta gauetan antolatzen dugu bakoitzaren jarduna. Horren arabera mugitzen gara». Halere, kaos antolatu bat da prentsa taldekoa: «Egia da oso zaila dela eta egunean bertan ibiltzen garela Telegrametik bakoitzaren eskaerak kudeatzen. Batzuetan deskoordinazioa egoten da, baina, azkenean, lortzen dugu gure helburua betetzea».
«Hedabide bakoitzak bere eskariak ditu. Hiru autotan ibiltzen gara, eta goizetan eta gauetan antolatzen gara».
AMAIA GARTZIAKorrikaren prentsa arduraduna.
Elkarrizketa bukatuta ere, furgonetan jarraitzen dute kazetariek. Bederatzigarren eguna da, eta ja etxean bezala daude: lurrean eserita, trasteak bazter batean utzita... Olatz Salvadorren Basan abestia jartzeko eskatu du kazetari batek, eta ipini dute. Lanean jarraitzen du prentsa taldeak: argazkiak, bideoak, apunteak... Baina furgonetan eseri eta ematen du pentsatzeko denbora ere: kazetari gisa Korrika barrutik bizitzea zer-nolako zortea den, nola furgonetan dauden kazetariak ahotik irribarrea kendu ezinda dauden. Hotzikarak, oilo ipurdia.
Iritsi dira Laudiora, eta, pentsatzeari utzita, ekiteko unea da, kazetari lana albo batera uztea ere tokatzen baita batzuetan: jendetzaren artean, bidea ireki behar zaio Korrikari, eta aurreratzen direnei eskatu pankartaren atzera joan daitezela.
Laudio, Arakaldo, Arrankudiaga, Ugao eta Zeberio. Telegram taldea sutan: «Zer nahi duzue bazkaltzeko? Eskatuko dizuegu guk». 14:30. Zeberion jaitsi dira azken kazetariak. Bazkaltzeko garaia da.
Bazkaritan, barreak, anekdotak... Eta galderak: «Ondo al zaude?». Edo: «Zer moduz goiza?». Zaintza. Horixe da prentsa taldearen ezaugarri behinenetako bat. Eta elkar goxatzea, laguntzea, babestea.
15:30. Berriro martxan da prentsa taldea, kafea hartzeko astirik gabe. Bost lagun berriro autoan, eta motxila, ordenagailu eta mikrofono artean hankak altxatuta joan beharra dago denak kabituko badira. Korrika harrapatzeko asmoz doaz, baina haren atzeko auto pilaketetan geratuta daude. Lasai, txaleko horiak badu boterea: atera dituzte txalekoak leihotik, eta aurreratu dituzte autoak. Tentuz, noski. Eta bidean, bazterretan dagoen jendearen babes pila: txaloak, oihuak, agurrak.
Iritsi dira Igorrera. Korrika pasatzerako badute ordu erdi inguru. Lanak aurreratzea erabaki dute. Erretiratuen elkarte batera sartu dira, eta musean ari diren gizonen eta ile apaindegian dauden emakumeen artean hasi dira idazten eta editatzen. Baina konturatzerako iritsi da Korrika. Furgonetan dauden beste kideei autoan ahaztu zaizkien motxilak eman dizkiete, grabatu, trasteak jaso eta berriro autora.
Korrika Lemoan zegoela aurreratu dute, eta lau kazetari iritsi dira Durangora. 18:00. Urduritasuna. Itxita dago AEK-ko euskaltegia, eta bertan egin behar dute lan. Pare bat dei. 18:15. Heldu da euskaltegia irekiko dien emakumea. Hartu dute gela bat, eta hasi dira hurrengo eguneko egunkariko kronikak idazten, bideoak editatzen...
20:00. Kronika hau bukatzear dago. Argazkiak jarri, Internetera igo, eta kito. Eta, orain, zer? Trago bat, afaria eta ohera. Durangoko Ibaialde ikastola izango dute gaur lo leku.