Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean Bateraguneko bortzak berriro epaitzeko hartutako erabakiaz balorazioa egin du Iñigo Iruin abokatuak, bortz auzipetuak gibelean zituela. Abokatuak banan-banan gezurtatu ditu Gorenak defentsaren argudioei aurka egiteko sententzian erabilitako argumentuak. Adierazi duenez, «erabat formalista» izan da Gorenaren epaia, eta ondoren egiten du «jauzia» epaitzan, epaiketa berriro egin dadila lortzeko: «Gorena argi eta garbi ari da jarraitu beharreko bidea erakusten, eta hori haren partzialtasunaren erakusgarri da». «Kalitate juridiko eskasekoa» da sententzia, eta Iruin «harritu» egin du horrek, Miguel Colmenero txostengilea jurista «oso ontzat» baitu: «Kalitate juridiko eskas hori juridikoki sostengaezina den posizio bat sostengatzeko zailtasunaren ondorio logikoa da».
Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura joko dute auzipetuek, «berehalako» erantzun gisa: «Baditugu aurreragorako beste asmo batzuk, baina, politikan bezala, zuzenbidean ere garrantzitsua da estrategiarena, eta ez dizkizuet esango». Konstituzionalean babes helegitea jarriko dute, argudiatuta benetako babes judiziala izateko eskubidea urratu zaiela auzipetuei, epaiketa bat bi aldiz egiteagatik. Non bis in idem printzipioa urratzen du horrek, hain zuzen. Iruinek ez du «dudarik» tramiterako onartuko dutela Konstituzionalean jarriko duten babes helegitea, eta jakinarazi du «transzendentzia konstituzional berezia» izanen duela auziak, orain arte Konstituzionalak ez duelako deus erran horrelako kasu bati buruz. Tramitea onartuta, Gorenaren azken epaia baliogabetzeko eskatuko dute, eta babes helegiteaz ebatzi arte epaiketa berriro ez egitea. «Gu saiatuko gara epaiketa ez dadila berriro egin, eta, berriro egiten bada, Konstituzionalekoa ebatzi ondoren egin dadila».
Bestalde, Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura joko dute. Iruinek azaldu duenez, gobernuek Estrasburgoko sententziak betearazten dituztela ikuskatzen duen organoa da hori. Abokatuak adierazi du ezagutzen dutela Europako Batzordearen izaera «politikoa», baina horrek atea ireki diezaieke ondoren Estrasburgora jotzeko, Iruinen hitzetan. Europako Batzordeko Ministroen Kontseiluan salatuko dute Madrilek ez diola kasurik egin Estrasburgori, 2018ko sententziak argi baitio auzipetuen eskariz soilik egin daitekeela auzi bat bigarrenez. Eta auzipetuek ez zuten halakorik galdegin.
Iruinek azaldu du «luzea» izanen dela ibilbide juridikoa, baina «borrokatzeko grinez» ekinen diotela: «Gorenak egoera bide itsu batera eraman du, zeinaren irtenbide bakarra bost pertsona hauen eskubideak berriro urratzea baita». Ez daude «prest» horretarako, eta ez dute «onartuko» Madrilek «nahi duena» egitea: «Hor egongo gara guk eskatzen dugun irtenbidea lortu arte».
Lau argudio
Gorenak azken epaiko erabakia hartu aitzin auzipetuen defentsak argudiatu gisan, lau argudio nagusi erabili ditu Iruinek Gorenaren epaiari buelta emateko. Adierazi duenez, hasteko, Gorenak ez dio kasurik egiten Estrasburgoko 2018ko sententziari, zeinak zehazten duen akusatuen eskariz soilik egin daitekeela epaiketa bat berriro. Gorenak Europako hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua aipatzen du horri buelta emateko, artikulu horrek zehazten baitu kasu batzuetan salbuetsita dagoela epaiketa bat berriro ez egitearen debekua —Turkiako eta Errumaniako sententzia bana jartzen ditu Gorenak adibide—. Iruinek, ordea, bertze bortz sententziaren adibideak azaldu ditu, zeinetan zehazten baita auzipetuen eskariz baino ezin dela egin berriro epaiketa bat —Abdulah Ocalanen eta Juan Mari Atutxaren kasuak dira, bertzeak bertze—.
Bigarrenik, Espainiako legediari ere egiten dio kontra Gorenak, Iruinen ustez: 2015ean zehaztu zen berrikuspen helegiteen bidez betearazi behar zirela Espainian Estrasburgoko sententziak. Gorenak, ordea, berrikuspen helegitea ebatzi ondoren erabaki du auziaz berriro erabakitzea, eta argudiatu du 2015ko irizpide hori «kasu bazuetan» erabili dela, ez nahitaez guztietan. «Gorenak bere jurisprudentzia kontraesaten du argiki», ordea, Iruinen arabera. Zehaztu du Manuel Marchena Goreneko epaileak eta Miguel Colmenero juristak berak aurreko sententzia batzuetan erran izan dutela irizpide hori bete egin behar dela: alegia «soilik» berrikuspen helegite bidez betearaz daitezkeela Estrasburgoko sententziak. Iruinek Estrasburgoren epaiak Espainian betearazteko Gorenak emandako hamar sententziak aztertu ditu —ez dago bertzerik—: «Horietako ezta batean ere ez da kasazio helegite baten bidez ireki kasua. Gorena tranpa egiten ari zaio 2015eko erreformari».
Hirugarren argudioa da Espainian legez ez dagoela jasota epaiketa bat bigarrenez egitearen aukerarik. Duela ia 30 urteko sententzia bat hartzen du oinarri gisa Gorenak horri aurre egiteko, 1991ekoa. «Deigarria da Konstituzionaleko sententzia bat baino ez duela aipatzen, duela ia 30 urtekoa», azaldu du Iruinek. Sententzia horrek ez du «zerikusirik orainarekin», Iruinen hitzetan: «Orduan ez zegoen zehaztuta nola betearazi Estrasburgoko epaiak». Espainiako Auzitegi Gorenak, haatik, hala ebatzi zuen 2017ko auzi batean, epaiketa berriro egiteari buruz: «Aukera hori ez dago aurreikusita ordenamendu prozesalean, eta, gainera, egitate berengatik bi aldiz epaitua ez izatearen eskubidea urratuko luke»
Laugarren eta azken argudioa non bis in idem printzipioa urratzeari buruzkoa zen: alegia, kausa beragatik bi aldiz ez epaitua izatearen eskubidea. Gorenak dio kasu honetan ez litzatekeela epaiketa bat bigarrenez egitea, lehendabizikoa baliogabea delako. Iruinek ez du hala uste: «Ez da jurista izan beharrik hori ulertzeko: lehenengo epaiketa ez zela egin esatea errealitatea ukatzea da». Azpimarratu du zigorrak bete zituztela auzipetuek.
Auzipetuen eskubideak
Bateraguneko bortzen ustezko eskubideak ere aipatzen ditu Gorenaren sententziak, eta akusazioenak ere bai. Iruinek aipatu du ezin direla batzuen eta bertzeen eskubideak parekatu. Gainera, akusazioek erantzunik ez jaso izana gezurra dela azpimarratu du: «Auzipetuek epaiketa injustu bat izan zuten eta zigorra bete dute».
Gorenaren argudio formalei ere erantzun die abokatuak: «Esaten dute berrikuspen helegiteak 2012ko sententzia soilik baliogabetu zuela, eta ez 2011koa, eta hori argitu behar dela. Baina begien bistakoa da Estrasburgoko sententziaren ondorioz Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2011ko sententzia ere baliogabe gelditzen dela». Iruinek gehitu du Auzitegi Nazionalak berak adierazi duela hori, bere azken sententzian.