Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Nazionalera bideratuko ditu Parot doktrina ezarrita daukaten eta auzitegi horren ebazpenaren zain dauden presoen kasuak. Hala egin du aztertu duen lehen kasuarekin, Iñaki Fernandez de Larrinoa preso gasteiztarraren auziarekin. Konstituzionalak ebatzi du zigorra ezarri zion auzitegiari dagokiola Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena ezartzea. Parot doktrinari buruz Konstituzionalak harturiko aurreneko erabakia da, eta espero da kasu horrekin markatuko duela irizpidea mahai gainean dituen helegiteei buruzko erabakia hartzeko. Fernandez de Larrinoaren kasuan, Konstituzionalak bat egin du aurreko astean Auzitegi Gorenak ezarritako irizpide orokorrarekin. Denera 30 babes helegite daude Konstituzionalean eta horietatik 27 euskal presoei dagozkie.
2008an aurkeztu zuen babes helegitea Fernandez de Larrinoak Konstituzionalean. Estrasburgoren erabakiaren ondotik, aske uzteko eskatu zuen presoak Auzitegi Nazionalean, eta bertako Zigor Salak Konstituzionalari adierazi zion bere gain hartzen zuela haren askatasun eskea. Eskaera hori aintzat hartu du Konstituzionalak. Auzitegi horrek kaleratu duen oharrean dio azaroaren 15ean Auzitegi Nazionalak beregana jo zuela, Gorenaren erabakiaren ondoren, askatasun eskeak eginiko presoen kasuak aztertuko zituela jakinaraziz.
Auzitegi horretako iturriak aipatuz, berri agentziek zabaldu dute Konstituzionalak ez duela aztertu Fernandez de Larrinoaren babes helegitea, Auzitegi Nazionalaren eskaera aintzat hartu baino ez duela egin. Hortaz, Auzitegi Nazionalaren erabakiaz haratago, Konstituzionalaren esku geratuko da oinarrizko eskubideekin lotutako babes helegitea aztertzea eta horri buruz ebaztea.
Fiskaltzak eskatu gabe
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak asteon eginiko bederatzi askatasun eskaerak bete ditu auzitegi horretako Zigor Salak, eta horrez gain, beste hiru euskal preso aske uzteko agindu du. Bederatzi euskal preso aske uzteko egindako eskaerari erantzunez, Auzitegi Nazionala herenegun hasi zen haiei buruzko erabakiak hartzen. Hiru askatzeko agindu zuen, eta falta zirenak askatzeko agindu zuen atzo. Era berean, eta fiskalak egindako eskaeratik at zeuden beste hiru ere libre utzi ditu: Ramon Uribe, Manuel Gonzalez eta Juanjo Legorburu.
Auzitegi Nazionalak herenegun hiru euskal preso askatzea erabaki zuen. Juan Carlos Arruti Paterra, Luis Mari Lizarralde Izagirre eta Iñaki Rekarte Ibarra—Euskal Preso Politikoen Kolektibokoa da aurrena, eta Langraiz bidea deritzona hartutakoak beste biak—. Arruti bakarrik falta zen espetxetik irteteko, eta atzo eguerdian egin zuen hori. Presoak berak deitu zien Kordobako espetxe atarian zain zeuzkan senide eta lagunei, herenegun ez zela aterako esanez.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak berriz heldu zion gaiari atzo, eta beste bederatzi preso aske uzteko erabaki zuen. Aurreneko seiak Fiskaltzak eginiko eskaerari erantzunez: Juan Jose Zubieta, Jesus Mari Zabarte, Xabier Goldaraz, Maitane Sagastume, Jokin Uriain eta Jose Etxeberria dira libre geratu direnak.
Guztira, hamabi euskal preso geratu dira aske aste honetan, eta 30 Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebazpena kaleratu zuenetik. Beste 24 euskal preso daude Ines del Rioren egoera berean egonagatik giltzapean dituztenak. Kasu horiek datozen egunetan argitzea espero da.
Konstituzionalean dauden kasuak Auzitegi Nazionalak aztertuko ditu
Fernandez de Larrinoa presoaren kasuan, ebatzi du zigorra ezarri zuen auzitegiari dagokiola Estrasburgoren epaia ezartzea'Parot doktrina' ezarria zuten beste bederatzi euskal preso aske geratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu