ESTATUAREN BIKTIMAK

Konstituzionalak tramiterako onartu ditu Poliziaren Biktimen legeen aurkako helegiteak

Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak bi lege onartu zituzten, eta biak auzitara eraman zituzten PPk, Ciudadanosek eta Voxek.

German Rodriguezi omenaldia Iruñean, 2017ko sanferminetan. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2019ko irailaren 6a
18:30
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu ditu PP, Cs eta Voxek bi legeen aurka jarritako helegiteak, eta, beraz, horien aplikazioa eten du behin-behinean.

Eusko Legebiltzarrak aurtengo apirilean onartu zuen 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitorpena egiteko legea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioekin. Jaurlaritzak abuztuan argitaratu zuen lege hori garatzen duen dekretua.

Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Poliziaren biktimen lege bat, baina Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zion. Pedro Sanchezen gobernuak erretiratu egin zuen errekurtso hori, eta, azkenik, apirilean onartu zuten arau bat, 2016ko legea moldatzen zuena.

Nafarroako legeari dagokionez, Auzitegi Konstituzionalak 2018an bertan behera utzi zuen eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimei aitorpena egiteko eta erreparazioa emateko legea, eta, hura moldatzeko, 16/2019 Foru Legea onartu zuen parlamentuak. Horren kontra jo zuten eskuineko alderdiek, eta helegitea tramiterako onartu dute konstituzionaleko epaileek.

Erabakiaren berri izan eta gero, Geroa Baik salatu du helegiteak tramiterako onartzea "autogobernuaren aurkako erasoa" dela, eta Nafarroako Parlamentuari eta gobernuari eskatu die auzian aurkez daitezela foru araua babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.