AZKEN ORDUKOA

Konstituzionalak legez kanpokotzat jo du lehen alarma egoera

Eztabaida handia izan da magistratuen artean, seik ebazpenaren alde bozkatu dutelako eta bostek kontra. Zehazki, alarma egoerako zirkulaziorako debekua eta hainbat jarduera ixteko erabakia jo ditu konstituzioaren aurkakotzat. 

Bilboko Areatza hutsik, iazko martxoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko uztailaren 14a
15:13
Entzun

Pandemiari aurre egiteko, alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, iazko martxoan. Baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du erabaki hura legez kanpokoa izan zela. Iturri juridikoek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, auzitegiari iruditzen zaio herritarren konfinamendu orokorra ezartzeko salbuespen egoera behar dela, horretarako markoa ez dela alarma egoerak ezartzen duena.

Vox eskuin muturreko alderdiak 463/2020 dekretuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Konstituzionalean eta hari eman dio erantzuna auzitegiak. Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu egin ditu. Zehazki, espazio eta bide publikoetan ibilgailuen joan-etorria debekatzeko erabakiaren aurka egin du auzitegiak. Era berean, konstituzioaren aurkakotzat jo du ere bai Espainiako Osasun Ministerioari ahalmena ematea ostalaritza, kultur eta aisialdi arloko jardueretan murrizketa neurriak ezartzeko.

Konstituzionalaren prentsa oharraren arabera, «gainerako kontuetan» onetsi egin ditu dekretuan zetozen neurriak, baina konfinamendua ezarri zeneko bi neurri nagusien aurka jo du: lanerako edo lehentasunezko jardueretarako salbu zirkulazioa debekatzea eta, osasun publiko arrazoiengatik, hainbat jarduera ixteko erabakia.

Dekretuarekin batera, martxoaren 29an, Espainiako Osasun Ministerioak eremu publiko zein pribatuetan beilatokiak debekatu eta hiletak nabarmen mugatzen aginduaren aurka ezin zuen Voxek. Kasu honetan, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du eskaera.

Eztabaida magistratuen artean

11 magistraturen artean hartu dute erabakia, eta horietako bost, kontserbadoreak, legez kanpokotzat hartzearen alde zeuden, eta beste bost —hiru progresista eta bi kontserbadore—, aldiz, kontra. Efe-ren arabera, auzitegiko presidenteorde Encarnacion Rocaren botoak hautsi du berdinketa. Hainbat osoko bilkura behar izan dituzte erabakiaren inguruan deliberatzeko.

Pedro Gonzalez Trevijano magistratuaren ponentzia izan dute eztabaidagai osoko bilkura horietan. Haren arabera, konstituzioaren kontrakoa ziren dekretu horren neurri nagusi horiek. Datozen egunetan dira sententzia jakinaraztekoak.

Madril: «Funtsezkoa izan zen»

Espainiako Gobernua harrituta agertu da ebazpenarekin. Espainiako Gobernuko iturriek albiste agentziei baieztatu diete erabakia errespetatzen dutela, baina haren emaitza berria dela, «aurrekaririk gabekoa». Halaber, uste dute dekretu hura «funtsezkoa» izan zela bizitzak salbatzeko. erreminta hori gabe, ezin ahalko ziotelako garai erantzun une hartan koronabirusak zuen hedatze azkarrari. Halaber, Madrilgo gobernuak uste du dekretua Konstituzioaren eta alarma egoeraren lege organikoaren araberakoa izan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.