Presoak

Konstituzionalak ez du berrikusiko Igor Porturi jarritako zigorra, boto bategatik

Boto partikularra iragarri dute 11 magistratuetatik bostek. Poliziak jasotako deklarazioak torturapean jasoak izan zirela argudiatuta eskatu zuen presoak zigorra berrikusteko.

Igor Portu, artxiboko irudi batean. Atzean, Mattin Sarasola.
2022ko maiatzaren 11
13:12
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuek baztertu egin dute Igor Portu presoari jarritako zigorra berrikustea. 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zuten Portu, ETAko kidetzat jota, eta 1.040 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Presoak, baina, kasua berrikustea galdegin zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia tratu txarrengatik zigortu zuenean, Poliziak jasotako deklarazioak torturapean jaso zirela argudiatuta.

Orain, magistratuek ez dute onartu zigorra berrikusteko aukera, baina ez dute aho betez hartu erabaki hori: boto bakarraren aldez hitzartu dute ez dutela berrikusiko Porturen zigorra, eta 11 magistratuetatik bostek boto partikularra iragarri dute –Juan Antonio Xiol, Maria Luisa Balaguer, Inmaculada Montalban, Candido Conde Pumpido eta Ramon Saez magistratuek, zehazki–. Haien hitzetan, «ez dago denbora, espazio eta lotura pertsonalik Igor Portu presoak jasandako tratu txarren eta lehenaren adierazpenen artean».

Auzitegi Goreneko epaileek eskaera hori deuseztatzean jo zuen presoak Konstituzionalera, 2019an, Auzitegi Nazionalean helegite bat aurkezteko aukera ukatu ziotenean –Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian presoei ere ukatu egin zieten aukera hori–. Orduan argudiatu zutenez, Porturi zein Sarasolari jarri zizkieten zigor guztiak tratu txarren presiopean lortutako lekukotzetan oinarritzen ziren. Goreneko epaileek, baina, erdietsi zuten ebazpen horretan ez dela xehatzen atxilotuek esandakoak tratu txar horien ondorio izan zirenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.