Konstituzionalak erabaki du betiko ixtea 'Bateragune auzia'

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak baieztatu egin du Juan Carlos Campo magistratuak proposatutako tesia, eta epaiketa berriz ez egitea erabaki du.

BATERAGUNE AUZIA
Miren Zabaleta, Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, 2020an epaiketa berriz egitea agindu zutenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 17a
13:50
Entzun

Azkenean, amaitu da. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak amaitutzat eman du Bateragune auzia, eta ebazpen horrek itxi egiten du hamalau urte baino gehiago iraun duen atala. Gaur bildu dira auzitegiko magistratuak, eta ontzat jo dute aurreko astean Juan Carlos Campo Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak zirriborro batean proposatutakoa: Bateragune auziko epaiketa ez da berriro egingo. Epaimahaiko 11 magistratuetatik zazpik bozkatu dute auzia bukatzearen alde, eta lauk kontra.

Defentsak babes helegitean erreklamatutakoarekin bat egin du Konstituzionaleko gehiengoak: non bis in idem printzipioak debekatu egiten du pertsona bat gertaera berengatik berriz epaitzea. Konstituzionalaren arabera, epaiketaren errepikapena «neurriz kanpokoa» litzateke. Izan ere, Estrasburgoko 2018ko ebazpena betearazteko Gorenera jo zutenean bost auzipetuak ez zutelako epaiketa berriro egiteko eskatu; are, aukera haren aurka agertu ziren. Magistratuen ustez, espetxe zigorra bete zuten eta geratzen ziren gainerako zigor neurriak erreparatzeko bestelako alternatibak leudeke. Ildo beretik, Konstituzionaleko gehiengoaren arabera, auzipetuen eskumena zen erabakitzea zein zen erreparaziorik «egokiena».

Eztabaida egon da Konstituzionaleko epaileen artean. Azken erabakian, Konstituzionalak bat egin du Gorenaren 2011ko epaiketaren zigorrak baliogabetzeko epaiarekin, eta ondorioztu du epaituta dagoela auzia. Alta, aldeko botoa eman dutenetako lau epailek ez dute bat egin horrekin, uste dutelako formula horrekin epaituen absoluzioa eragotzi nahi dela. Era berean, erabakiaren kontra bozkatu duten beste hiru epailek —kontserbadoreen ataleko Ricardo Enriquez, Concepcion Espejel eta Enrique Arnaldok— uste dute Konstituzionala ez lukeela onartu behar 2011n Iñigo Iruin abokatuak aurkeztutako babes helegitea.

Auzipetuetako hiruk, Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek, poza azaldu dute X sare sozialean. «Bakearen etsaiak galtzen dute eta Euskal herriak irabazi», idatzi du lehenak. «Horrela sinatu nuen hamar urteko zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalean», erantsi du, agiria erakutsiz. «Harro, pozik, lasai» dagoela esan du, berriz, EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak. «Euskal Herrian aro berri bat irekitzea ekidin nahi zuten, eta ez zuten lortu. Ezker independentismoaren proiektua txikitu nahi zuten, eta ez zuten lortu. Denboran luzatu zuten bidegabekeria, baina ez zuten lortu gu suntsitzerik, ez etsipenik, ez gorrotorik».

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere egin du balorazio politikoa: «Gure atxiloketekin bakearen etsaiek gure herrian garai berri bat irekitzea eragozten saiatu ziren. Porrot egin zuten. Orain ere, herri hau iraganera ainguratuta mantentzen saiatzen ari dira. Porrot egingo dute. Herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna».

Itzulinguru handiko auzibidea izan da. Izan ere, 2020ko udan ere ematen zuen betiko amaitu zela. Alta, Espainiako Auzitegi Gorenak beste hiru urtez arnasa eman dio auziari, epaiketa berriz egiteko aukera hauspoturik eta auzipetuen eskaera aintzat hartu gabe, harrigarriki akusazioaren argudioa indartuta.

Garzonen aginduz hasi zen

2009ko urriaren 13an hasi zen dena, polizia operazio zabal batekin. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko orduko instrukzio epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituen. Ezker abertzalearen estrategia aldatzeko prozesuaren hastapenean etorri zen operazio hura. Atxilotuek eurek gerora salatu zutenez, abiatutako aldaketa prozesu erabakigarria «blokeatu, neutralizatu eta deuseztatzeko asmoz» egin zuten: «Eroso zeuden lehengo eskema antiterroristan euren erantzukizuna eta berezkoa duten izaera antidemokratikoa estaliz eta jarrera politikoaren ahultasuna makillatuz».

Atxilotuak 2011n epaitu zituzten. Angela Murillo buru zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak hamar urteko zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi, eta zortzi urtekoa Zabaletari, Jacintori eta Rodriguezi —gainerakoak absolbitu egin zituen—. Hala, estrategia armatuaren amaieraren sustatzaile izandakoei ETAren aginduetara aritzea eta erakunde terroristako kide izatea aurpegiratu zien, argudiatuta epaiketan ez zirela gai izan frogatzeko errugabeak zirela, besteak beste. 2012ko maiatzean, Gorenak bere egin zuen epai horren tesi nagusia, nahiz eta zigorrak leundu: sei urte eta erdira eta sei urtera, hurrenez hurren.  

Estrasburgoko Auzitegia mugarri

Guztiek bete zuten zigorra, eta, bostak kalean zirela jada, Estrasburgoko Auzitegiak kolpea eman zion Espainiako justizia sistemari. 2018an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen 2011n epaiketa bidegabea izan zutela auzipetuek. Besteak beste, ondorioztatu zuen Angela Murillo epailea ez zela inpartziala izan.

Estrasburgoren epai horri bide emateko asmoz, Iñigo Iruin abokatuak babes helegitea jarri zuen, epaiketan jasotako zigorrak indargabetu nahirik bederen. Bi urte geroago, 2020ko uztailaren hondarrean, auzia behin betiko itxi zela ematen zuen: sinbolikoki, Auzitegi Gorenak ordura arteko zigorrak bertan behera utzi zituen, eta, defentsak beste helegiterik aurkeztu ezean, auzia itxitzat eman zen.

Estrasburgoko epaiak argi utzi zuen bost auzipetuen erreparaziorako modurik egokiena izango zela auzia berregitea, «baldin eta pertsona interesdunek hala eskatuz gero».

 

Azken batean, Estrasburgoko epaiak argi utzi zuen bost auzipetuen erreparaziorako modurik egokiena izango zela auzia berregitea, «baldin eta pertsona interesdunek hala eskatuz gero». Alegia, Otegik, Zabaletak, Diezek, Jacintok edo Rodriguezek eskatu ezean, ez zegoen modurik epaiketa berriz egiteko. Eta bost auzipetuek ez zuten eskatu auzi saioa berriz egiteko, epaiketan ezarritako zigorra betea baitzuten.

Legediak zioenaren kontra, aurrekaririk gabeko bidea irekitzeko asmoz, AVT biktimen elkarteak beste epaimahai bat izendatu eta epaiketa berriz egiteko eskatu zuen Auzitegi Nazionalean. Hark ez zuen onartu eskaera, Espainiako Prozedurako Kriminaleko Legedian hori egiteko aukerarik ez zegoelako aurreikusita.

Alta, AVTk aurrera jo zuen, eta Auzitegi Gorenera heldu zen auzia. Hilabete horietan azaldutako jarrerarekin kontraesanean, Goreneko fiskalak AVTren tesiarekin bat egin zuen, eta ildo horri heldu zion epaimahaiak 2020ko abenduan, ustekabean: epaiketa berriz egiteko eskatu zuen.

Gorenak buelta eman zion

Goreneko 2. Aretoak, aldi hartan, erabaki zuen ez zela nahikoa hilabete batzuk lehenago Gorenak berak zigorrak bertan behera uzteko hartutako erabakia, eta sententzia indargabetzearen ondorio nagusia izan beharko litzatekeela epaiketa berriz egitea «ahalik eta azkarrena». Nahiz eta auzipetuek de facto aurreko epaiketan ezarritako sei urteko eta sei urte eta erdiko zigorrak bete, epaimahaiak ebatzi zuen zuzenbide estatua ezin zela ezer egin gabe geratu «zuribide ezagunik ez duen libertate urraketa horren aurrean». Alta, guztiz baztertu zuen absoluzioa izatea sententzia indargabetzearen ondorioa. Estrasburgoko epaiak ezarritako irizpidea aintzat hartu gabe, eta haren edukiaren filosofiaren kontra, esaten zuen Espainiako justizia sistemak ez zuela hartu gertatutakoari buruzko «behin betiko» erabakirik.

Gorenaren epaiak «kezkatuta eta harrituta» utzi zituen hirurehun legelari: «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da bihurtu errekurtsogileen aurka»

Legelarien artean asaldura handia eragin zuen inoiz ikusi gabea zen epai horrek. Euskal Herriko eta Kataluniako hirurehun legelari inguruk agiri bat sinatu zuten epaia gaitzesteko. Testuan, abokatuek esan zuten «kezkatuta eta harrituta» zeudela Auzitegi Gorenaren erabakiarekin. Azpimarratu zuten erabaki hura Estrasburgoko epaiak ezarritako izpirituaren aurkakoa zela, hark markatutako norabidearen kontrakoa: «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da bihurtu errekurtsogileen aurka».

Auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea —non bis in idem printzipioa— urratzen zelakoan, Iñigo Iruin defentsa abokatuak babes helegitea aurkeztu zuen Konstituzionalean. Bertan azpimarratzen zenez, bost auzipetuek osorik bete zuten zigorra. Aldi berean, gogora ekartzen zuen Estrasburgoko Auzitegiak irizpide gisa ezarri zuela soilik haien esku geratzen zela epaiketa berriz egiteko eskatzea, eta helegitea aztertu bitartean bederen ez zedila auzi saiorik egin. 

Iruinek ez zuen dudarik Konstituzionalak bide emango ziola eskaera horri, eta hala izan zen. 2021eko urrian, tramiterako onartu zuen helegitea, eta aintzat hartu zuen defentsaren irizpidea, hura aztertu artean epaiketarik ez egitekoa; Gorenak ezarritako premia hori bertan behera utzi zuen. Auzitegiak une hartan jada ohartarazi zuen kasu hark «transzendentzia konstituzional berezia» zuela.

Beste bi urte behar izan dira, azkenik, Bateragune auzia behin betiko itxi eta azken hiru urteetako epilogo luzea amaitutzat emateko.

Kronologia

  • 2009ko urriaren 13a.  Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten. 
  • 2009ko urriaren 16a.  Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek.
  • 2010eko apirilaren 26a. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermea jarrita.
  • 2011ko ekainaren 27a. Epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
  • 2011ko irailaren 16a. Otegiri, Diezi, Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez handik hiru egunera espetxeratu zuten—. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen. Defentsak kasazio helegitea jarri zuen.
  • 2011ko urriaren 20a. ETAk amaitutzat eman zuen jardun armatua.
  • 2012ko maiatzaren 10a. Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen, nahiz eta zigorrak apur bat leundu.
  • 2012ko ekainaren 23a. Gorenaren erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztu zuten.
  • 2013ko ekainaren 4a. Auziko mamiaz erabaki artean zigortuak aske ez uztea erabaki zuen Konstituzionalak.
  • 2014ko uztailaren 22a. Babes helegitea atzera botata, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi preso mantentzea erabaki zuen Konstituzionalak.
  • 2015eko urriaren 11.  Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez aske gelditu ziren, zigorra osorik beteta.
  • 2016ko martxoaren 1a. Otegi aske geratu zen.
  • 2017ko abuztuaren 17a. Rafa Diez aske geratu zen.
  • 2018ko azaroaren 6a.  Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala izan.
  • 2018ko azaroaren 15a. Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiaren berrikuspen helegitea aurkezteko baimena eman zion defentsari. 2012ko sententzia indarrik gabe geratzeko aukera zabaldu zuen horrek.
  • 2020ko uztailaren 31. Gorenak bertan behera utzi zituen 2012an auzitegi horrek berak berretsitako zigorrak.
  • 2020ko urriaren 20a.  AVT-Verde Esperanza elkartearen eskariari erantzunez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzia berriz epaitzearen aurka egin zuen.
  • 2020ko azaroaren 19a. Epaiketa berriro egiteko eskatu zuen fiskaltzak.
  • 2020ko abenduaren 14a. Gorenak erabaki zuen epaiketa berriro egitea, aho batez.
  • 2021eko urriaren 28a. Konstituzionalak erabaki zuen Bateragune auziko defentsak jarritako babes helegiteak aztertu artean epaiketa ez egitea.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.