Konstituzionalak atzera bota du Sorzabalek bere aurkako epaiari jarritako errekurtsoa

Helegitean, Sorzabalek esan du Guardia Zibilak torturatu egin zuela inkomunikazio aldian, eta bere buruaren aurka deklaratzera behartu zuela. Aitortza horretan oinarrituta ezarri zioten Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Gorenak 24 urteko espetxe zigorra.

Manifestazioa
Iratxe Sorzabalen aldeko manifestazioa Irunen, 2022an, epaiketa egin zen garaian. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 31
13:42
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu Iratxe Sorzabalek jarritako babes helegitea. Sorzabalek errekurtsoan argudiatu zuen Guardia Zibilak torturatu egin zuela inkomunikazio aldian, eta bere buruaren kontra deklaratzera behartu zuela.

Adierazpen horretan oinarritu zen 2022an Espainiako Auzitegi Nazionala, 24 urteko espetxe zigorra ezartzeko: Gijongo Auzitegiaren aurka atentatu bat egitea eta farmazia baten aurka atentatua egiten saiatzea egotzi zioten. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen gerora ebazpen hura, eta haren kontrako babes helegitea eskatu du Sorzabalek Konstituzionalean.

Asteartean aztertu zuen errekurtsoa Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, auzitegiko iturriek Europa Press agentziari baieztatu ziotenez.

Helegitean Sorzabalek gogora ekarri zuen epailearen aurrean torturak salatu zituela eta polizia etxean egindako deklarazioa ukatu zuela, oraindik inkomunikazio aldian zegoela. Epailearen aurrean torturak salatu zituenean, ez zeukan berekin bere konfiantzazko defentsa abokatua.

Duela hiru urte, Auzitegi Nazionalean epaiketa egin zen garaian, Sorzabalek bere torturak azaldu, eta berretsi zuen bere buruaren aurka deklaratzera behartu zutela bi aldiz. Ukatu egin zuen egotzitako atentatuetan parte hartu izana. «Infernua pairarazi zidaten; ez nuen beste aukerarik izan», adierazi zuen. «Autoan bertan hasi zen infernu hori. Han ezarri zizkidaten elektrodoak, han jo ninduten, iraindu, erre; han ito ninduten plastikozko poltsa batekin», azaldu du.

Elektrodoak jarri izanaren frogak aurkeztu zituen halaber. Hamar argazki ziren, eta ubeldurak ageri dira haietan, baina epaimahaiak ez zuen kontuan izan.

Horrez gain, epaiketa hasi aurretik Muara kultur elkarteak Bi arnas dokumentala atera zuen. Dokumental horretan ordura arte argitaratu gabeko bideo bat zegoen: Eneko Bidegain kazetariak 2001eko azaroan Sorzabali eginiko elkarrizketa bat, Euskaldunon Egunkaria-n argitaratua.

Bideo horrek Sorzabalen testigantza berresten zuen. Elkarrizketa Bruselan grabatu zen, Sorzabal aske geratu eta aste gutxira, eta Torturaren Aurkako Taldeak grabatu zuen. Jasandako torturen harira Sorzabalek hedabide bati eskainitako elkarrizketa bakarra da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.