Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du ama batek Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Gasteizko Epaitegiaren erabaki bati jarritako babes errekurtsoa: onartu du emaztekiaren babes judizialerako oinarrizko eskubidea urratu zela, eta baliogabetu egin du Arabako epaitegiaren erabakia. Gasteizen bizi zen emakumea, eta 2020ko azaroan Coruñara (Galizia) joan zen, 3 urteko semearekin batera; han, senarraren kontrako salaketa jarri zuen, indarkeria matxistagatik. 2021eko apirilean, emaztekiaren eta senarraren dibortzio sententzian, epaitegiak emakumeari eman zion adingabearen zaintza, baldintza batekin: Gasteizera itzuli beharko zuen, adingabearen aita bizi zen lekura. Bada, emakumeak erabaki hura errekurritu zuen, eta Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu du eskaera.
Bi magistratuk boto partikularra aurkeztu dute adierazteko ez daudela ados Konstituzionalaren autoarekin. Haien erranetan, bertzeak bertze, sententziaren argudioek urratu egiten dute gizonaren errugabetasun presuntziorako eskubidea.
Sententzian ageri denez, Auzitegi Konstituzionalak bere erabakia hartu du argudiatuta Gasteizko epaitegiak ez zuela identifikatu zein diren adingabea Arabako hiriburura itzultzearen onurak, kontuan izanda epaitegiak erabakia hartu zuenean indarkeria matxistagatik ikertzen ari zirela gizona. «Erabakia hartu zen kontuan izan gabe zer arrisku zekarzkien emakumeari eta haren semeari, eta identifikatu gabe zer onura izanen zituen adingabearentzat jaioterrira itzultzeak».
Konstituzionalaren irudiko, Gasteizen hartutako erabakiak urratu egiten du andrearen babes judizialerako eskubidea. Izan ere, emaztekiari umearen zaintza eman ziotenean, eta Gasteizen bizitzera behartu, Arabako epaitegiak ez zuen behar bezala kontuan hartu «adingabea bere bizitoki berrian integratuta, erroldatuta eta eskolatuta» dagoela. Are, emaztekiak alegazioetan azaldu du Gasteiztik indarkeria matxistagatik joan zela, eta bueltatzeak zera esan nahiko lukeela: «Berari eta semeari gizarte eta familia ingurune lasai eta egonkor bat kentzea, eta haren erasotzailearengandik hurbil egotearen zigor idatzi gabearen menpe jartzea».
Adingabeak lehenbiziko
Emaztekiaren argudioak kontuan izanda, adingabeak babesteaz mintzo dira sententzian. Ildo horretatik, epaiak dio epaitegiek eta epaileek beti kontuan izan behar dituztela «jokoan dauden eskubide guztiak», betiere adingabeen interesak lehenetsita. «Interes hori identifikatzeko orduan kontuan izan beharko da, besteak beste, indarkeria eragoztea edo hartatik babestea, adingabea bera biktima zuzena edo instrumentala dela».
Are, epaitegiaren irudiko, adingabeen zaintzari lotutako ezein erabakitan epaileek kontuan izan behar dute indarkeria matxistarik ote dagoen kasuan. «Epaileek eta epaitegiek ezin dute pentsatu adingabearen interesetarako lehentasuna denik bi gurasoekin harremanak izaten jarraitzea».
Arabako epaitegiak betebehar hori «bazter utzi» zuela azaldu dute sententzian, autoan ez zuelako behar bezala justifikatu zergatik erabaki zuen emakumeak Gasteizera joan behar zuela, eta, gainera, erabakia hartzerakoan ez zituelako kontuan hartu «indarkeria matxistari atxikitako dinamikak». Izan ere, Konstituzionalak dokumentuan dio ezen, banatutako gurasoen kasuan, bi gurasoen baimena behar dela seme-alaba adingabeen bizitokia aldatzeko, edo, hori eduki ezean, aurretiazko baimen judizial bat, baina egoera aldatu egiten dela indarkeria matxista kasuetan.
«Auzitegi honek baieztatu dezake indarkeria matxista zantzuak egotea kontuan hartu beharra dagoela banatutako gurasoen seme-alaba adingabeen lekualdatzeari lotutako legedia aplikatzeko orduan», dio Auzitegi Konstituzionalak. «Izan ere, ezein logika juridikori ihes egiten dio indarkeria matxistagatik salaketa bat jarri duen ama bati zera eskatzeak: bikotekidearen baimena behar duela haren umea bizitzaren eta segurtasunaren aurkako arrisku batetik urruntzeko». Hortaz, auzitegiaren irudiko, Gasteizko epaitegiaren erabakiak ez zituen kontuan izan «indarkeria matxista zantzuak», ezta horrek adingabearengan izan zitzakeen ondorioak ere.