Konstituzionala gaur bilduko da 'Bateragune auzia' itxi edo ez erabakitzeko

Konstituzionaleko osoko bilkurak Juan Carlos Campo magistratuak landutako txostena aztertuko du. Bertan planteatzen da epaiketa berriz ez egitea, Gorenaren tesiaren kontra.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkura atzo bildu zen ere, baina 'Bateragune auzia' gaurko bileran aztertuko dute. CHEMA MOYA / EFE
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 17a
08:00
Entzun

Bateragune auzia itxi edo ez aztertuko du gaur 10:00etatik aurrera Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak. Juan Carlos Campo magistratuak landutako txostena izango dute hizpide. Joan den astean aurreratutakoaren arabera, Campok proposatuko du auzia behin betiko amaitu behar dela eta, hortaz, ezin dela epaiketa berriz egin.

Bertan planteatutako ildoa Auzitegi Gorenaren tesiaren kontra doa, 2011n egindako auzi saioa berriz egitearen alde ebatzi baitzuen Gorenak 2020ko abenduan kaleratutako epaian. Gaurko osoko bilkuran, Camporen proposamenari buruzko posizioak eztabaidatuko dituzte epaileek. Erabakiaren berri gaur ematea espero da.

Campok emandako arrazoiak

Campo magistratuaren arabera, bi arrazoi nagusi daude epaiketa berriro ez egiteko. Alde batetik, 2018an Estrasburgoko Auzitegiak emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela berriro egin Bateragune auziko epaiketa. Alta, auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu. Bestetik, auzi saioa berriz egiteak non bis in idem printzipio juridikoa urratuko luke, pertsonak ezin baitira gertakizun beragatik bi aldiz epaitu.

2011n epaituak izan ziren Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto. Lehen biek sei urte eta erdiko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa bete zuten, eta beste hirurek, sei urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa. Txostenean, Campo magistratuak gogora ekartzen du datu hori.

Guztiz bestelako iritzia eman zuen Goreneko Bigarren Aretoak 2020ko abenduko epaian: argudiatu zuen sententzia indargabetzearen ondorio nagusia ez dela absoluzioa, baizik eta epaiketa berriz egitea, «ahalik eta azkarrena». Auzipetuek zigorra bete badute ere, iritzi dio justizia sistemak ez duela «behin betiko erabakirik» hartu gertatutakoari buruz.

Hain zuzen ere, epai horren aurkako babes helegitea aurkeztu zuen defentsak 2021ean, eta Konstituzionalak tramiterako onartu zuen urte hartako udazkenean. Geroztik, ez dute erabakirik hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.