Konstituzioaren erreformaz mesfidati

Mobilizazio ugari antolatu dituzte Espainiako Konstituzioaren Egunean. Independentistak sareak «beste iruzur baten arriskuaz» ohartarazi du. EAJ ere uzkur agertu da: «Gurekin ez kontatu»

Independentistak sarearen manifestazioa, atzo, Durangon. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
gotzon hermosilla
Durango
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Urtero legez, Espainiako Konstituzioaren Egunak aukera eman die Euskal Herriko burujabetzaren aldeko indarrei «ospatzeko ezer» ez dutela gogorarazi eta trantsizio politikoaren garaian gauzatutako «iruzurra» salatzeko. Aurten, baina, konstituzioaren balizko erreformaren inguruko zurrumurruak ere izan dituzte hizpide, eta gehienek euren mesfidantza agertu dute, «beste iruzur» baten aurrean egon daitezkeelakoan.

Independentistak sareak Durangon (Bizkaia) egindako manifestazio baten bidez adierazi du Espainiako Konstituzioaren kontrako jarrera. Espainiar konstituzioa kartzela Euskal Herriarentzat, independentziari bai lelopean, jendetza batu da Landako gunean, eta independentziaren aldeko oihu artean herriko erdigunera eta, ostean, alde zaharrera jo dute, Santa Ana plazan bukatzeko.

Igor Galartza eta Peio Azkarate bertsolarien eta Suduruzkhi Faranduleiroak musika taldearen emanaldien ostean, Independentistak sareko Maite Aristegik hartu du hitza. Espainiako Konstituzioaren erreformaren inguruko hotsak hartu ditu hizpide, eta esan du «autonomien estatuaren krisiari eta Kataluniaren prozesu independentistari emandako erantzuna» direla, baina «aldaketa demokratikorik gabe» eta «birzentralizazioa eta ukazioa» nagusi izanik. «Herri eta nazioen kartzelaren hormak sendotu nahi dituzte beste berrogei urte iraun dezan», esan du.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak El País egunkariari egindako adierazpenak —«mundu globalizatuan independentzia ezinezkoa da»— ere ahotan hartu ditu Aristegik: «Beste berrogei urteko dependentziak egundoko kalteak ekar diezazkioke Euskal Herriari. Globalizazioaren aurrean XXI. mendean Euskal Herriak ezinbestekoa du independentzia».

Etorkizunaren aurrean aukerarik onena «euskal estatu demokratiko eta soziala eratzea» dela berretsi du Aristegik, eta «abertzaletasunetik harago» horren alde lan egingo duen mugimendu independentista eraikitzeko deia egin du: «Mugimendu independentista indartsu bat abian jarri eta hegemoniko bilakatzea da aurrean dugun erronka», esan die Independentistak sarearen manifestazioan parte hartu dutenei.

EAJ ere uzkur

EAJko Aitor Esteban eta Jokin Bildarraitz ere konstituzioaren erreformaz mintzatu dira euren agerraldian, eta argi azaldu dute euren jarrera: «Erreforma horrek alboko gaiei heltzen badie arazoaren muinera jo beharrean, hau da, Katalunia eta Euskadi, euskal nazio arazoa eta [Espainiako] Estatuarekiko harremana, ez kontatu gurekin».

Estebanek gogora ekarri du EAJk ez zuela konstituzioa babestu, eta ez direla horrekin identifikaturik sentitzen «ez duelako Euskadi nazio gisa aintzat hartzen». Hortaz, konstituzioa aldatzeari egoki deritzote, baldin eta «lurralde arazoa» konpontzeko bada: «Alderdi batzuek konstituzioa aldatzeaz hitz egiten dute, baina ez dakite zer aldatu nahi duten. Gauzak argi eduki gabe horretarako batzorde bat sortzea alferrikakoa litzateke».

Beste eragile eta sektore askok erakutsi dute euren arbuioa Espainiako Konstituzioaren Egunean. EH Bilduk kudeatzen dituen 40 udaletan, esaterako, normal lan egiteko aukera izan dute, eta herritarrek ere ohiko kudeaketak egin ahal izan dituzte egun arrunt batean bezalaxe. Horrekin, «bere etorkizuna erabakitzea euskal gizarteari» dagokiola aldarrikatu nahi izan dute, EH Bilduko Pello Urizarrek esan duenez.

Protesta gehiago egon dira: Ikasle Abertzaleak eta Ernai erakundeek manifestazioa egin dute Bilbon, eta Espainiako Errepublikaren aldeko zenbait elkartek ere mobilizazioa egin dute Donostian, eta beste bat antolatuko dute ostiralerako Bilbon.

Sortuk, bestalde, gogoratu du Hego Euskal Herriko hiru biztanletik batek baino ez zuela babestu Espainiako Konstituzioa eta, hortaz, «inposizio onartezina» dela «demokraziaren arauen arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.