Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Eduardo Maura. Ahal Dugu

«Konstituzioak lurralde arazoa ukatu besterik ez du egiten»

Bizkaiko hautagaiak ez du uste Ahal Dugu-k «zentrorako bidaia» egin duenik azken hilabeteetan; dioenez, hori egotzi diete euren programa azaltzen saiatu direnean, «azaltzea beti delako ñabardurak egitea».

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Elkarrizketa egin ostean, Zallan (Bizkaia) egin beharreko ekitaldi politiko batera joateko asmoa zuen Eduardo Maurak (Bilbo, 1981). Azken orduan, baina, plana aldatu du: ekitaldi guztietara garraio publikoa erabiliz joaten da Maura, eta dagoeneko berandutu egin zaiola konturatu da. Garraio publikoa erabiltzearena ez da Ahal Dugu-ren kanpainaren ezaugarri berezi bakarra; diskurtsoan ere saiatzen ari dira alderdi politiko nagusien molde eta edukietatik aldentzen.

Zelan ikusi duzu kanpaina orain arte?

EAJ, agintaldi osoan egin duen moduan, saiatzen ari da euskal politika motelago joan dadin, ezer gertatuko ez balitz bezala. Lehenik Euskadi da EAJren leloa, baina ez dute hitz egiten hemengo langileen arazoez eta jendearen interesez. PSE-EEri dagokionez, gure diskurtsoaren zenbait gauza ari dira kopiatzen. Lehengo egunean Patxi Lopezi entzun nion gizarte eskubideen blindatzeaz hitz egiten, gaia orain arte inoiz aipatu ez duen arren.

Sozialistek kontrakoa diote, alegia, zuek altxatzen dituzuen banderak jatorriz PSE-EErenak direla.

Bizkaian sozialismoak oso tradizio historiko errespetagarria dauka, baina gaur egun, ikustea zenbait gairen inguruan hitz egiten dutela, horretaz zerbait egiteko urteak eta urteak izan dituztenean, onartezina begitantzen zait. Denbora honetan, PSEk gauza bakarra jarri du mahai gainean: EAJren makulu izatea, aurrekontuak aurrera ateratzen laguntzea eta Urkulluri interesatzen zaion politika egitea.

EAJ aipatu duzu. Badirudi jeltzaleei agintean egoteak ez diela aparteko higadurarik ekarri. Zergatik?

Saiatzen direlako agintzen hemen langabeziarik, prekaritaterik eta ate errotarik egongo ez balitz bezala. Zuk gauzei oso erritmo motela ematen badiezu, ahalik eta lege gutxien egiten saiatzen bazara, azkenean ematen du ez dela ezer gertatzen, ona zein txarra. Soslai oso apal horrek abantaila ekartzen dio gobernuan dagoen alderdiari. Euskadin badirudi tapoi politiko bat dagoela, eta kendu egin behar da. Katalunian, eta Espainiako Estatu osoan ere, gauza asko ari dira gertatzen Euskadirekin zerikusi zuzena dutenak, baina EAJri ez zaio interesatzen horretaz hitz egitea.

Ahal Dugu-ren aurrekanpaina polemika handi batekin abiatu zen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaritza ia osoaren dimisioarekin. Gaindituta dago krisi hori?

Bai, erabat gaindituta. Kanpainan ehun bat ekitaldi antolatu ditugu, eta horietatik %95 inguru herrietako zirkuluen bultzadaz antolatu dira. Horrek esan nahi du jendea mugitzen ari dela, gauza asko egiten ari direla, eta horrek erakusten du erakundea daukan onena jartzen ari dela kanpaina ondo atera dadin.

Dena dela, oraindik baduzue bukatu beharreko zeregin bat, zuzendaritza berria aukeratzea, alegia.

Bai, prozesu horri urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran ekingo diogu. Orduan aukeratuko dugu zuzendaritza berria.

Zenbait hedabidetan «zentrorako bidaia» esapidea erabiltzen da Podemosen azken hilabeteotako bilakaera definitzeko. Ados al zaude?

Gezurrezko kontakizuna dela uste dut. Podemos 2014ko maiatzean supituki agertu zenean, bazuen programa bat, Europako hauteskundeetarako pentsatua. Orduan Podemosek zerbait proposatzen zuenean, erradikaltzat jotzen zuten beti salbuespenik gabe. Guk proposatutakoa zergatik ez zen erradikala azaltzen saiatzen ginenean, eta azaltzea beti da ñabardurak egitea, orduan ondorioa zen moderatzen ari ginela. Logika horretan sartzen bazaituzte, bi aukera baino ez dizute ematen: erradikala zara, edo epeltzen ari zara.

Eta zuen ustez ez dago horrelakorik?

Podemosen ildo nagusiak aztertzen badituzu, lurralde arazoa esaterako, ikusiko duzu bete beharreko galdeketaren ideia 2014ko maiatza baino lehenagotik defendatu dugula, eta geroago ere. Zorraren auditorian, oinarrizko diru laguntzetan eta antzeko gaietan aztertu dugu nolako epeak bete behar diren horietara iristeko, baina gai horiek mahai gainean egon dira beti.

Lehen konstituzio berria egiteko prozesua zabaldu nahi zenuten, orain konstituzioa aldatzeaz hitz egiten duzue. Hor ez da aldaketarik egon?

Hor itzulpen bat egin dugu. Guk pentsatzen dugu itun sozial berria behar dela, eta konstituzioa egiteko edozein prozesuren ondorioa beti izaten da itun sozial berria. Ondorioari prozesuari baino garrantzi handiagoa ematen diogu: uste dugu badaudela zenbait arlo elkarbizitzarako ezinbestekoak direnak eta nahi eta nahi ez aldatu behar direnak.

Zeintzuk?

Asko dira, baina, batzuk aipatzearren, gizarte eskubideak bermatzea da horietako bat. Gaur egun, gizarte eskubideak hutsaren hurrengo dira: gerta daiteke etxebizitzarako eskubidea legez jasota egotea eta, hala ere, kaleratua izatea, hezkuntzarako eskubidea edukitzea eta unibertsitate publikoan ezin ikastea. Guk eskubide horiek bermatu nahi ditugu baliabide materialak jarriz, ez baitako eskubiderik baliabide materialik gabe.

Eta lurralde ereduari dagokionez?

Argi dago azken urteotan nazio identifikazioak indartu direla, Katalunian bereziki, baina ez soilki Katalunian. Horri ekin behar zaio lehenbailehen, eta oraingo konstituzioarekin ezin da, arazoa ukatu baino ez duelako egiten. Ez da ezer gertatzen jendeak iritzia ematen badu, eta lurralde eredua jendeak emandako iritzi horren arabera egituratzen bada. Hori gabe ezin da itun sozial berririk egon.

Zelan ikusten duzue Ciudadanosen gorakada Espainian?

Alde batetik, alderdi tradizionalen higadura ikaragarriaren ondorio da. Dena dela, esan behar da Ciudadanos ez zela agertuko Podemosek alderdi tradizionalen sistema horretan eragindako arrakalagatik ez balitz. Soziologia eta politologiaren ikuspegitik, gertakari interesgarria da, aztertzea merezi duena; politikoki, baina, oso arriskutsua da, Euskadirentzat batez ere. PP eta Ciudadanosen artean 176 diputatuen langa gaindituko balute, arazo bat edukiko genuke, prozesua guztiz blokeaturik geldituko litzatekeelako eta aukera historiko bat galduko genukeelako. Zorionez, nik uste dut ez direla emaitza horietara iritsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.