«Nazioak estatuan nola sartu», hori da Espainiako Konstituzioaren erronka, EAJren arabera

Konstituzioak «aurre egin beharko dio» nazio sentitzen direnen arazoari, Aitor Esteban jeltzalearen arabera. Testu hori «murru gaindiezina» ez izatea nahi du EH Bilduk, Oskar Matute koalizioko diputatuak adierazi duenez.

(ID_13406387) ESPAÑA DÍA CONSTITUCIÓN
Aitor Esteban, Kanaria uharteetan, gaur. G. FINOL / EFE
xabier martin
2023ko abenduaren 6a
11:50
Entzun

Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaile Aitor Estebanek adierazi du Espainiako Konstituzioak ez ziola aurre egin «bere garaian» aurrez aurre zuen erronka bati, eta erronka horri «aurre egin beharko dio», haren ustez; «nazio sentitzen direnak estatuaren barruan nola sartu», hori da erronka, jeltzaleak zehaztu duenez. Kanaria uharteetan da gaur Esteban, Espainiako Konstituzioari buruzko eztabaida batean parte hartzen. Jeltzaleen eledunak gogoratu du EAJk ez zuela konstituzioaren alde bozkatu 1978an. Abstentzioa defendatu zuela erantsi du, «ez zelako aitortzen euskal nazioa badela».

Gero, baina, Gernikako Estatutua iritsi zen. Estebanen arabera, «denboraren poderioz, hura higatu egin dute Espainiako Kongresuak, auzitegiek eta Espainiako Gobernuak». «Ulertezina da oraindik ere ia 30 transferentzia egotea egin gabe, estatutua 1979an onartu zela kontuan hartuz». Gertaera horrek ez du ez hanka eta ez buru, Estebanen irudiko, «eta ez du konstituzioaz askorik esaten».

Gaur Espainiako Konstituzioa ekitaldi handi askorekin ospatzen ari diren alderdiek «ez dute sinesten beren konstituzioan», Kongresuko EAJren eledunaren arabera: «Hala ez baliz, ezingo litzateke ulertu Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren porrot handia». Hori dena aintzat hartuta, EAJk uste du nahikoa urte pasatu direla «berrazterketa bat egiteko». 45 urte igaro dira konstituzioa onartu zutenetik, eta Estebanek uste du «doikuntzak» behar dituela. «Boto eskubidea dutenen artean, hirutik bik ez zuten hura bozkatzeko aukerarik izan».

Horiek horrela, Estebanek argi asko adierazi du «datozen erronkak» zein diren: «Aitortza nazionala, aldebikotasuna eta epaile neutral bat; Auzitegi Konstituzionalak ez du ordezkatzen epaile hori gaur egun».

Murru gaindiezina

Euskal Herria Bilduko kideak ere lanean dira gaur. Espainiako Konstituzioa ospatzeak ez du zentzurik haientzat, Oskar Matute koalizio abertzaleko Espainiako kongresukideak esan duenez, Radio Euskadi-n. Sentipen hori euskal gizartearen zati handi batera zabaldu du, «euskal langile askorentzat» ez duelako, haren ustez, «esanahi berezirik» konstituzioak. Matutek Espainiako Konstituzioari eskatzen dion gauza bakarra da «ez izatea murru gaindiezina euskal gizartearentzat».

Espainiako Gobernu berriarekin zabaldu diren negoziazioen harira, EH Bilduko diputatuak azaldu du «euskal gizartearen gehiengoaren nahia errespetatzeko» formulak aurkitzea dela helburua, «herri bezala dugun potentzialtasuna garatzeko». Konstituzio hori «berriro interpretatu» behar den edo aldatu behar den ikusiko dela azaldu du Matutek, baina berriro ere azpimarratuz 1978ko konstituzioa ezin dela izan «murru gaindiezina euskal herriarentzat eta Espainiako Estatua osatzen dugun beste nazioentzat».

Lurraldetasuna, arazo zaharra

Eta egungo erkidegoen sistematik harago nola joan nahi du koalizio subiranistak? Matutek azaldu duenez, «hitz eginez». Daukagun egoera ez da desblokeatuko «errealitatea ukatuz eta aukera guztiak baztertuz». «Espainiako Estatua osatzen duten nazioekin arazo bat dago lurraldetasunari begira, eta ez da oraingo arazo bat», esan du EH Bilduko diputatuak. Espainiako Estatua osatzeko moduarekin lotu du arazoaren jatorria, «diktaduratik demokraziara joateko egin zen trantsizioarekin».

Matutek gogoratu du Francok hil aurretik esan zuela «dena lotua eta ondo lotua» zegoela, eta azpimarratu du 1978tik ez direla garatu «nazioen nahiak», autonomien sistema ez delako gai izan «Euskal Herria burujabe egiteko, bere bidea aukeratu dezan». Estatuan dauden nazioak subirano izateak «ez lioke kalte egingo egungo sistema demokratikoari», EH Bilduko kidearen arabera. Aitzitik, «indartu» egingo luke, «herritarrak proiektu bati borondatez lotzeak» indartu egiten ei duelako sistema.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.