Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen maiatzean: hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen partzialki, hainbat diputatuk ezarritako helegitearen ondotik. Erabakia «zerbitzu publikoa eskaintzen duen egitura orori» aplikatzen zitzaiola adierazi zuen orduan, eta hala, itunpeko eskoletan ere murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jo zuen. Bada, ebazpenaren komentarioa publikatu zuen Konstituzio Kontseiluak atzo, eta zehaztu zuen «irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik» dela konstituzioaren kontrakoa murgiltzea. Ebazpenean murgiltzearen kontra erabilitako argumentu berak erabili ditu kontseiluak komentarioan: «Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoa da murgiltze eredua, ikastetxeko komunikazio hizkuntza nagusia tokiko hizkuntzan egiten baita». Atzo argitaratutako iruzkinean ageri den esaldi batek, ordea, erabakiaren muina aldatzen du osoki: «Erabaki hori irakaskuntza publikoari baizik ez zaio aplikatzen».
Beraz, komentariotik ondoriozta daiteke euskarazko murgiltze sistema konstituzionala dela Seaskaren barruan eta sare pribatu katolikoan, baina konstituzioaren kontrakoa dela sare publikoan. Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak nabarmendu du ebazpenak atxikitzen duela «balio juridikoa», eta haren komentarioak «balio moral» bat duela. Dena den, uste du Konstituzio Kontseiluak, hein batean, «gibelera egin» duela komentarioaren bidez: «Lehen ebazpenean, argiki jomugan ezarriak ziren hiru sareak; baina komentarioan, zehaztua da eredu publikoarentzat baizik ez duela balio».
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariarentzat, «berri on bat da», partez. «Komentario hori berant heldu da, baina Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren irakurketa iraultzen du osoki. [Frantziako] Gobernuak ulertua zuen itunpeko irakaskuntza pribatuan ere lanjerrean zela murgiltzea, eta, beraz, batzorde berezi bat izendatu zuen bermeak atzemateko. Ikusi dugu erasoa eskola publikoko murgiltzearen kontrakoa dela», deitoratu du. Jorajuriak argi du: «Iparraldean euskararen egoera hobetzeko, murgiltzea sare publikoan ere garatzea beharrezkoa da».
Ziurgabetasun juridikoa
Konstituzio Kontseiluaren atzoko komentarioa gibel egite bat dela uste du Paul Molac Bretainiako diputatu eta legearen sustatzaileak: «Gibel egite bat da, bai. Batzuek Konstituzio Kontseiluari deitu ziotelako jakiteko murgiltze ereduaren debekuak itunpeko elkarteak hunkitzen zituenez. Konstituzio Kontseiluak erantzun zuen baietz. Gaurko interpretazioa ikusten delarik, erran nahi du ohartu direla bazela arazo bat erabakian».
Bizkitartean, ez du uste arazoa konpontzen duenik. «Pentsatzen dut molde bat dela presioa kentzeko itunpeko elkarteen buru gainetik, baina duda bat gelditzen da airean. Bestalde, ez du inondik ere konpontzen irakaskuntza publikoaren auzia, ezta zeinu diakritikoena ere». Eta norbaitek Seaska bezalako itunpeko elkarteei emandako laguntzak auzitan ezarriko balitu, Molacek uste du deusek ez duela bermatzen epaileak har dezakeen bidea. «Epaileak Konstituzio Kontseiluaren lehen erabakiari bakarrik so egiten badio, eta ez badu kontuan hartzen interpretazioa, arazo ber-berean gaude. Komentario bat da, jujeak erabil dezake edo ez. Gauzak ez dira argi».
Horren harira, Zabaletak uste du «segurtasun berme» bat ematen duela komentarioak, auzi batean baliagarri baitira, ebazpena bezala, haren komentarioa.
Dena den, irakaskuntza publikoan murgiltze eredua garatzeko hasi bidea luzerako mozteko ahalegina irakurri du iruzkinean Molacek, «baita konstituzioaren aldatze oro oztopatzeko ere; 2022ko lehendakari hauteskundeak baino lehen egiteko astia baitzen». Astearte honetan, hain zuzen, beste 140 parlamentarirekin konstituzioa aldatzeko gutuna bidali dio Molacek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari.
Komentarioaren beste irakurketa bat egin du diputatu bretoiak: «Itunpeko elkarteen eta irakaskuntza publikoaren arteko batasuna hausteko saiakera baten itxura dauka». Halaber, duela hiru asteko mobilizazio azkarren eragina ikusi du Konstituzio Kontseiluaren aldaketan: «Dudarik gabe, herritarren presioaren ondorioa da; maiatzaren 29an kalera atera ziren hamar milaka manifestariei erantzuteko modu bat. Baina maingu den erantzuna».
Perspektibei dagokienez, Zabaletak uste du aukera bat sortzen zaiela Seaskari eta gisa horretako elkarteei legezko ezagutza bat emateko. «Bi diputatuk batzorde bat osatu dute, Seaska bezalako eskolen etorkizun juridikoa gehiago bermatzeko. Ikusiz komentario hori, nik uste dut atea ireki diola berriz bozka dezaten Seaskaren eredu pedagogikoa onartzeko lege proposamen bat. Erabaki horrek hori ahalbide dezake, eta uste dut hori proposatuko dutela diputatu horiek».
«Azterketa juridiko zehatz» bat eramateko beharra ikusten du Jorajuriak lehenik. «Seaskarentzat lege koadro bat behar da halakorik berriz ez gertatzeko. Babes juridikorik ez genuen Molac legea aitzin, eta orain ere ez dugu. Seaskarentzat konstituzioaren aldaketa ez da baitezpadakoa, baina sare publikoarentzat, bai».
Oraingoz, eragileek ez dute argi zer segida ukanen duen aferak. Jorajuriak aitortu du «plan guziak aldatu» dituela komentarioak. Fite elkartzekoak dira Seaskako kideak Frantziako Gobernuak osatu duen batzordearekin: «Parisek gure ereduaz duen ikuspegia aldatu da; koadro juridikoa, ez. Ikusi behar dugu zehaztapenak nola eragiten digun».
Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua
Konstituzio Kontseiluak murgiltzea onetsi du Seaskan; publikoan, ez
Maiatzeko ebazpena justifikatzeko komentarioa kaleratu du. Eragile gehienek diote «begi bistakoa» dela ziurgabetasun juridikoa. Seaskak berme juridiko bat lortzea espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu