Konstituzio Kontseiluak berretsi du ikastolei ere badagokiela debekua

Asteazkenean argitaratutako komentarioa moldatu du, eta murgiltzearen debekua «irakaskuntzaren zerbitzu publikoari» dagokiola idatzi du ebazpena azaltzeko dokumentuan

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio jendetsua egin zuten maiatzaren 29an, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Nahasmena erabatekoa da. Aste honetan Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako komentarioak besterik ulertzera eman bazezakeen ere, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egiteko debekuak ikastolak ere kontuan hartzen ditu. Hala zehaztu dio l'Express astekariari Frantziako Konstituzio Kontseiluak berak. Aste hasierako idazkian eragileek «gibel egite bat» ikusi bazuten ere, joan den maiatzaren 21ean argitaratu zuen ebazpenaren ildo berean segitzen dute, beraz: ikastolak eta hizkuntza gutxituak murgiltze ereduaren bidez irakasten dituzten gainerako itunpeko eskola pribatuak Frantziako Konstituzioaren kontrakoak dira.

Hiru hitzek erabaki bat aldatu dezakete. Asteazkenean publikatu zuen hizkuntza gutxituen legearen kontra maiatzean hartutako erabakia justifikatzeko komentarioa Frantziako Konstituzio Kontseiluak. 15. orrialdean zehaztu zuen «irakaskuntza publikoan bakarrik» dela konstituzioaren kontrakoa murgiltzea. «Konstituzio Kontseiluak egiaztatu du irakaskuntza publikoaren barruan halako irakaskuntza kontraesanean dagoela konstituzioaren 2. artikuluaren eskakizunekin». Baina, geroztik, komentarioa moldatu du. Konstituzio Kontseiluaren webgunean komentarioa deskargatzen duenak bestelako formulazio bat aurkituko du orain txostenaren 15. orrialdean. Hain zuzen ere, «irakaskuntzaren zerbitzu publikoa» aipatua da bertsio berrian.

Zer aldatzen du horrek? Dena. Michel Feltin-Palas l'Express astekariko kazetariak jakinarazi du galdera egin diotela Frantziako Konstituzio Kontseiluari «irakaskuntza zerbitzu publikoa» formulazioak barnean zer hartzen duen zehazteko. Facebooken argitaratu duenez, hark erantzun die ikastolak eta halako itunpeko eskolak ere sartzen direla formulazio horretan. Gaur-gaurkoz, ez da jakina noiz aldatu duten dokumentua.

Apirilaren 8an onartu zuten Frantziako Asanblean hizkuntza gutxituen aldeko legea. Besteak beste, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea zekarren, eta dokumentu ofizialetan ñ eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea baimentzen zuen. Baina, legearen kontra helegitea jarri zuten Martxan alderdiko 61 diputatuk, eta bi neurri horiek zentsuratu zituen Frantziako Konstituzio Kontseiluak, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen konstituzioaren 2. artikulua oinarri hartuta.

Ebazpenean zehaztu zuen eskola publikoei eta itunpekoei zegokiela erabakia, eta hizkuntza gutxituen aldeko eragileen kezka eta haserrea eragin zuen horrek. Hain zuzen ere, ebazpena hitzez hitz hartuta, ikastolak eta gisa bereko itunpeko eskolak Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo daitezke, 1995ean Frantziako Estatuarekin izenpetutako hitzarmenak zalantzan jarrita. Azken urteetan eskola publikoan eta pribatu katolikoan abian eman diren euskarazko irakaskuntza elebakarraren esperimentazioak ere kolokan geldituko lirateke.

Departamenduetako eta eskualdeetako bozen testuinguruan, hautetsi eta erakunde andana altxatu dira azken asteetan hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitearen alde. Giroa baretzeko, hizkuntza gutxituak «altxor nazionala» direla erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak mezu lauso batean, eta Frantziako Asanbleanbatzorde bat sortu zuten egoera baretzeko.

Maiatzaren 29an, mobilizazio jendetsuak egin zituzten, eragileek deituta, hizkuntza gutxituak dituzten Frantziaren meneko lurralde guzietan. Azken asteetan ere izan dira protesta gehiago, brebetaren eta baxoaren azterketak euskaraz pasatzearen alde, eta, aste honetan, Ortzaizeko (Nafarroa Behera), Larraineko eta Idauze-Mendiko (Zuberoa) eskolak okupatu dituzte gurasoek eta hautetsiek, heldu den ikasturtean euskaraz irakaskuntza elebakarraren esperimentazioa hasi ahal izatea aldarrikatzeko.

Mozioa Euskal Elkargoan

Ekainaren 15ean gutun bat bidali zioten Macroni Frantziako Asanbleako eta Senatuko, eta Europako Parlamentuko 140 parlamentarik, hizkuntza gutxituak babesteko Frantziako Konstituzioaren erreforma abiatu dezala eskatzeko. Ipar Euskal Herriko bost parlamentariek izenpetu dute gutuna: Max Brisson (LR), Frederique Espagnac (PS), Vincent Bru (Modem), Florence Lasserre (Modem) eta Jean Lassalle.

Atzo, mozio bat onartu zuen Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak, Frantziako presidenteari eskatuz konstituzioa berrikusteko prozedura bat abia dezala, bermatze aldera murgiltze ereduaren bidez egin ahal izatea hizkuntza gutxituen irakaskuntza, bai eskola publikoan, baita itunpekoetan ere. «Konstituzio Kontseiluaren erabakiak kalte handia egiten dio Ipar Euskal Herrian adostasun politiko etasozial handienean garatu ereduari», adierazi dute.

Horrez gain, heldu den ikasturterako aurreikusiak ziren euskarazko irakaskuntza elebakarraren esperimentazioak onar ditzala eskatu diote Frantziako Estatuari. Bost proiektu daude: Larraineko, Idauze-Mendiko eta Ortzaizeko eskola publikoetan, Aiherrako (Nafarroa Behera) pribatu katolikoan, eta Bardozeko (Lapurdi) ikastolan, murgiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.