Konstituzio Kontseiluak atzera bota ditu Frantziako Immigrazio Legearen hainbat artikulu

Neurririk polemikoenak indargabetu ditu, hala nola familia batzeari jarritako oztopoak eta paperik gabe egotea delitu bilakatzea. Legea eskuin muturraren babesarekin onartu zen.

FRANTZIAKO MIGRAZIO LEGEA
Immigrazio Legearen kontra egindako manifestazio bat, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko urtarrilaren 25a
18:30
Entzun

Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota ditu Immigrazio Lege berriaren artikulurik esanguratsuenak. Orotara, 37 artikulu indargabetu ditu, osorik edo partzialki: lege osoaren herena baino gehiago, gutxi gorabehera. Atzera botatako artikuluen artean daude neurririk polemikoenak.

Adibidez, lege berrian traba gehiago jartzen zioten migratzaileek familia batzeko aukerari. Frantziaren menpeko lurraldeetan legez kanpo bizitzea delitu bilakatzen zuen, eta gogortu egiten zituen atzerritarrek bete beharreko baldintzak gizarte laguntzak jaso ahal izateko. Kuota batzuk ezartzen zituen eraikuntzan, ostalaritzan eta, oro har, langileak behar dituzten arloetan aritzeko, eta gobernuari ahalmena ematen zion urtean atzerritar kopuru jakin bat onartzeko, betiere langileen behar gorria duten sektore horietan jarduteko baldin bazen. Ikasle atzerritarren egonaldiei ere zenbait oztopo jartzen zizkien arautegi berriak. Neurri horiek guztiak indargabeturik gelditu dira Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioz.

Konstituzio Kontseilua osatzen duten bederatzi kideek 32 artikulu ezetsi dituzte, «legearen funtsarekin zerikusirik» ez dutelakoan. Izan ere, lege egitasmoa onartzeko prozesua oso gorabeheratsua izan zen, eta zenbait neurri Senatuaren eta Asanblea Nazionalaren arteko batzorde misto batek gehitu zizkion jatorrizko testuari. Orain, Konstituzio Kontseiluak ebatzi du amarru bat erabili dela legearen jatorrizko asmoarekin zerikusirik ez zuten zenbait neurri atzeko atetik sartzeko, eta artikulu horiek guztiak atzera bota ditu.

Horrez gain, beste hiru artikulu osorik edo partzialki indargabetu ditu, haien edukia Frantziako konstituzioarekin bat ez datorrelakoan, eta «erreserba» agertu du beste bi artikuluren gainean.

 

Legea abenduan onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak, eta lurrikara politiko handia eragin zuen, gobernua sostengatzen duten alderdiek ez ezik, LR alderdiko kontserbadoreek eta RN ultraeskuindarrek ere aldeko botoa eman zuten eta. Emmanuel Macron presidentea buru duen gobernuaren alderik progresistenean ezinegon handia piztu zuen horrek, eta, urtarril hasieran, Macronek aldaketak sartu behar izan zituen gobernuan. Kalean ere protesta handiak eragin zituen lege berriak, eta zenbait eragilek iragarri zuten Konstituzio Kontseilura joko zutela, legea indargabetzen saiatzeko.

Darmanin, «pozik»

Gerald Darmanin Barne ministroak sare sozialetako mezu baten bidez esan du «aintzat» hartuko dutela Konstituzio Kontseiluaren ebazpena, baina, hala ere, «pozik» agertu da, uste baitu Kontseiluak «Gobernuaren testuaren osotasuna» babestu duela bere erabakiarekin, eta atzera botatako artikuluak «prozedura parlamentarioa ez errespetatzeagatik» indargabetu dituela: «Orain arte lege batek ez du inoiz horrenbeste bitarteko aurreikusi gaizkileak kanporatzeko», erantsi du.

Eskuin muturra, ordea, ez da iritzi berekoa, uste baitu Macron eta gobernua osatzen duten indarrak ez zeudela eroso legearen azken bertsioarekin, eta Konstituzio Kontseiluak mesede egin diela neurririk polemikoenak indargabetuta. RN Batasun Nazionalaren bozeramaile Jordan Bardellak «epaileek emandako kolpetzat» jo du Konstituzio Kontseiluaren erabakia, eta esan du Macron dela gertatutakoaren erruduna; gainera, tamalgarria iritzi dio «neurririk irmoenak» indargabetu izanari: «Immigrazio Legea hilda jaio zen. Galdeketa bat egitea da irtenbide bakarra».

Eric Ciotti LR Errepublikanoak alderdiaren presidenteak ere deitoratu egin du Kontseiluaren ebazpena, eta esan epaileek gehiago erreparatu diotela «politikari zuzenbideari baino». Hark ere Macron eta ezkerreko indarrak egin ditu gertatutakoaren erantzule, eta konstituzioa erreformatzeko eskatu du, «Frantziaren etorkizuna babestu ahal izateko».

Euskal Herrian ere izan da erreakziorik. Bizi mugimenduak esan du «arranguraturik» dagoela oraindik ere, Konstituzio Kontseiluak «askatasunaren kontrako artikulu anitz zentsuraturik ere», uste baitu legeak «Frantziako Estatuko instantzia gorenetan ageri den arrazakeriaren eta xenofobiaren normalizazioa» islatzen duela: «Gelditu den bezala ere, lege horrek ondorio lazgarriak izanen ditu etorkizun hobe baten esperantzan dena gibelean utzi duten emazteen eta gizonen bizitzetan».

Bizi mugimenduaren iritziz, Macronen gobernuak, Darmanin ministroak eta legea sustatu duten alderdiek «tatxa ezabaezina» atxikiko dute, «RN alderdiaren jarrera historikoekin bat datorren lege bat onartzen lagundu baitute».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.