Auzitegi Konstituzionalak berretsi du 16 eta 17 urte bitarteko nerabeek abortatu dezaketela gurasoen baimenik gabe

Epaiak zazpi boto izan ditu alde eta lau kontra, eta iazko otsailean onartu zen erreforma indartu du.

Haurdunaldia eteteko eskubidearen aldeko manifestazioa, artxiboko irudi batean.  LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Haurdunaldia eteteko eskubidearen aldeko manifestazioa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Nerea Intxausti Castiñeira - Olatz Silva Rodrigo
2024ko ekainaren 18a
15:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman du 16 eta 17 urteko nerabeek haurdunaldia eten ahal izatea gurasoen onespenik behar izan gabe. Joan den legegintzaldian, 2010eko Abortuaren Legearen erreforma onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta bertan jaso zuten 16 eta 17 urtetik gorakoek gurasoen baimenik gabe abortatzeko eskubidea. Vox alderdiak errekurtsoa jarri zuen, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du orain.

Zehazki, zazpi magistratuk erreforma berrestearen alde egin dute, eta, beraz, lehendik indarrean zegoen neurria onetsi dute. Lau magistratu kontserbadorek bozkatu dute erreforma berrestearen kontra: Enrique Arnaldok, Concepcion Espejelek, Ricardo Enriquezek eta Cesar Tolosak; pertsona horiek berek bozkatu zuten 2010eko Abortuaren Legea onestearen aurka.

Izan ere, lege esanguratsua izan zen 2010ekoa: 1985eko araua bertan behera utzi zuen, eta lehen aldiz abortatzeko eskubidea onartu. Funtsean, epe sistema bat ezarri zuen, haurdunaldiaren asteen araberakoa. Haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte libreki abortatzeko eskubidea ematen du legeak. Hamalaugarren astetik 22.era bitartean, berriz, emakumearen bizia edo osasuna —fisikoa, psikikoa zein soziala— arriskuan badaude soilik aborta daiteke, betiere mediku baten eta espezialista baten aldeko txostenarekin. 22. astetik aurrera, bi egoeratan eten daiteke haurdunaldia: fetuak gaixotasun larri eta sendaezina balu, edo jaiotzean heriotza eragingo dion arazoren bat balu.

Lege horrek ezarritako hainbat neurrik polemika sortu zuten. Hain zuzen, mugimendu feministak kritikatu egin zuen 16 eta 17 urte bitarteko gazteek gurasoen baimena behar izatea haurdunaldia eteteko, eta abortatzeko borondatea adierazten zuten emakume guztiei hiru eguneko «gogoeta» aldia ezartzea erabakia hartzeko. Aurreko legealdian, lege hori aldatzea proposatu zuen Espainiako Berdintasun Ministerioak, eta bi neurri horiek moldatu zituen Kongresuak 2023ko otsailean; hau da, baimenaren beharra kendu zuen, baita «gogoeta» egiteko beharra ere. Erreforma haren aurka jarritako helegitea da gaur auzitegiak atzera bota duena.

Beste hainbat aldaketa ekarri zituen 2010eko legearen erreformak. Haurdunaldia eteten dutenei arta eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak eskaintzeko aukera zehaztu zuten. Kontrazepzio metodoak orokortzeko zenbait neurri ere jaso zituzten, eta atal berezia eskaini zieten emakumeen osasun menstrualari eta sexu heziketari.

Azken kontua

Konstituzionalari abortuaren legearen bueltan ebazteko geratzen zitzaion azken helegitea izan da hau. Izan ere, Espainiako Gorteek 2010ean onartutako Abortuaren Legea hamahiru urtez egon zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain. PSOE gobernuan zen garaian onartu zen araua, eta PPk helegitea jarri zion. Besteak beste, abortatzeko epeak jarri zituen jomugan.

Auzitegiak iaz eztabaidatu zuen gaia: helegitea atzera bota, eta legea ontzat jo zuen. Zazpi magistratuk eman zuten legearen aldeko eta PPren helegitearen aurkako botoa, eta lauk eman zuten kontrako iritzia. Enrique Arnaldo bloke kontserbadoreko magistratua zen ebazpena idaztekoa, baina epaileen gehiengoak erabaki zuen lan hori Inmaculada Montalban ildo progresistakoak egitea.

Joan den hilabetean, berriz, haurdunaldia borondatez etetera kliniketara doazen emakumeei jazartzea debekatzeko legea babestu zuen auzitegiak. Espainian 2022an onartu zuten kliniken kanpoko aldean «otoitz egiten» aritzen direnak zigortzeko legea: «jarduera gogaikarri, iraingarri, larderiazko edo bortxazkoen bidez» emakumeei zein osasun langileei jazartzea debekatu zieten. Voxek helegitea jarri zuen legearen aurka, baina hura aztertu eta atzera bota zuten: zazpi kidek egin zuten Maria Luisa Balaguer epaile progresistaren sententziaren alde, eta lauk kontra. Hala, adingabeen inguruko erreforma berretsita, Konstituzionalak ebatzi egin du abortatzeko eskubidearen inguruko legediaren bueltan geratzen zitzaion azken auzibidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.