«Honetan hasi nintzenean, banekien gaizki bukatuko nuela», dio Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak (Aizarna, 1954). Konspiratzaileen patua omen da inork ez ulertzea, ezta gertukoenek ere. Nolanahi, «bakea nahi baduzu, hitz egin etsaiarekin»; hala uste du Egigurenek. Elgoibarko Txillarre baserrian Arnaldo Otegirekin biltzen hasi zenetik, elkarrizketa ugari izan ditu Batasuneko zein ETAko kideekin. Ordutik, sei urte luze pasatu ziren ETAk 2006ko martxoan su-etena iragarri eta urte bereko irailean Loiolako negoziazioak martxan jarri ziren arte. Elgoibar, Geneva eta Oslo arteko bide korapiralitsuko protagonistetako bat izan da Egiguren, eta haren esperientzia du ardatz Angel Amigo zinema zuzendariaren Memorias de un conspirador (Konspiratzaile baten memoriak) dokumentalak. Horixe kontatzen baitu; konspirazioaren gakoak baino gehiago, konspiratzaile baten sentipen eta bizipenak.
Atzo goizean izan zen estreinaldi aurrekoa, Donostiako Aquariumean. Zinemaldian aurkezteko asmoa zuen Amigok, baina ez zuten onartu, eta iragarri du urriaren 15ean ikusi ahal izango dela zinema aretoetan. Atzo, ordea, protagonista izan zen aurkezpenean egon ezin izan zuena. Gaixorik da Egiguren, eta Rafaela Romero haren emazte eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaileak ordezkatu behar izan zuen. Otegirekin gogoratzen dela esan zuen Romerok: «Espero dut indarrak geratuko zaizkiola espetxetik irteten denerako».
Txilarreko mahai ingurutik hasita, gauza asko bizi izan dute batera Egigurenek eta Otegik. PSE-EEko buruzagiak aitortu du lagun harreman horregatik ez balitz, elkarrizketek ez zutela hainbeste urte iraungo. Harreman estu hori gorabehera, Egigurenek dio Alderdien Legea gehien defendatu zuenetako bat izan zela PSE-EEn. Inor gutxik zuen hasieran egiten ari zirenaren berri; Patxi Lopez PSE-EEko orduko idazkari nagusiak bakarrik. Hala ere, nahikoa autoritate bazuela uste du Egigurenek: « Biktimei traizio egitea ezinezkoa zela pentsatzen nuen, beti haiekin bizi izan bainaiz».
Gerora etorri ziren Genevako eta Osloko ibilerak. Henry Dunant zentroaren bitartekaritzarekin, bide orrirako akordioa—ETAren su-eten adierazpena barne— ere erdietsi zuten Egigurenek eta Josu Urrutikoetxeak. Loiolako elkarrizketak ere izan ziren tartean. Dena ezin da konspiratu ordea, eta gobernuaren jarrerak —legez kanporatzearekin eta atxiloketekin jarraitu zuen, besteak beste— eta T4ko atentatuak irudikatu zuten haustura.
«Konspirazioa» argitzen
Orain, politika utzi eta «Itakara» itzuliko dela iragarri du konspiratzaileak; «pertsona normal bat» izatera, gaztetako zaletasunak berreskuratzera. «Lana ondo egin izanaren sentipenarekin» doa, baina baita tristura pixka batekin ere: «Barrutik kristalezko sentitzen naiz. Bukatu zenean, bazirudien batzuk haserretu egin zirela bukatu zelako». ETAren jarduera armatua bukatu arren «benetako gatazka» orain hasiko dela uste du Egigurenek: elkarbizitzarena. «Datorren belaunaldiari dagokio guk egin ezin duguna egitea, eta ondo egitea».
Halakoetan, dena ez dela sekula jakiten esaten da, baina lan bat baino gehiago argitaratu da urte haietan gertatutakoez: Imanol Murua Uriak aireratu zituen Loiolako hegiak; Egigurenek berak liburu bat kaleratu berri du; Otegirena ere iragarria dago, eta azaroan taularatuko du Su txikian antzezlana Glu-glu konpainiak. Halabeharrez, protagonista, bizipen eta kontakizun asko geratzen da oraindik kaleratzeko; bakoitzak kontatuko du berea. Dena den, badirudi ari dela argitzen egungo egoera bultzatu zuen konspirazioaren memoria.
'Konspiratzaile' baten bizipenak
Urriaren 15ean izango da zinemetan 'Konspiratzaile baten memoriak', Egiguren ardatz duen lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu