Presoen auzia argi luzeekin lantzen ari da Antton Lopez (Elorrio, Bizkaia, 1953), «faseka». Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izan zen asteartean, eta egun horretan egina da elkarrizketa.
Auzitegi Nazionalak lehen epaia eman du preso bat graduz aldatzearen aurka. Zer interpretazioegiten duzu?
Lehen epai irmoa da; Auzitegi Nazionalak dio ez dagoela motiborik lehen graduan urteak daramatzan preso bat graduz aldatzeko. Ez da sorpresa bat; argudioak betikoak dira. Une batean, ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak ulertu genuen ekarpen bat egin behar genuela gatazkaren ondorioak konpontzeko, eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekarpena izan zen onartzea lege arruntaren bidea hartzea. Horren barruan, lehen graduarena. Baina prozedura administratiboa izateaz gain, borroka politikoa da, eta uste dugu estatuak, momentuz, jarraituko duela ukazioarekin. Espediente guztiak bildu nahi ditugu, bakoitzaren kasuistika, hori eramateko Foro Sozialera, alderdien mahaira... erabakitzeko zer egin.
Presoei esan zitzaien eskaerak bakarka egiteko, baina erantzun kolektiboak ari dira hartzen.
Oso inportantea da testuingurua. Guk lehen ez genituen bide hauek ikusten, erresistentzia fase batean geundelako. Baina ondorioztatu genuen fase hori amaitu zela eta baldintzak sortzeko garaia zela. Kolektiboak oso ondo ulertu du, eta bere ekarpena egin du. Lehen, ez genituen egiten oraingo eskaerak; lehen, estatuak esaten zuen eskaera indibidualak egiteko, eta hala egitean, erantzun kolektiboak ematen ditu. Surrealista da.
Gradu aldaketak ukatuta, zein beste pauso eman daitezke?
Borroka juridikorako tartea dago. Salbuespen lege bat dago: 7/2003a. Lege hori ezartzen dute atzeraeraginarekin, preso ugari ez dagokien Zigor Kodearekin epaituta. Hori beste Parot doktrina bat da, eta bidegabea da. Nola da posible 1977ko Zigor Kodearekin epaitutako norbaiti 2003ko legea ezartzea? Zirrikitu bat dago hor. Espainiako Estatuan, jurista askok diote aberrazio juridiko bat dela hori. Kontua da guk orain arte ez dugula bide hori landu.
EPPK-k esan du preso bakoitzaren egoeraren berri emango diela herritarrei, egoki irizten dioten erabilpena emateko.
Preso bakoitzaren egoera gizarteratu behar dugu auzoetan eta herrietan. Horretarako, fase berri batean sartuko gara; guztiok gaude datozen hilabeteetan gertatuko denaren zain, eta fase horretan inportanteena da preso bakoitzaren egoeraren berri ematea, jarraipena egiteko.
Gradu aldaketak ez dira onartu, baina Xabier Sagardoik eta Sara Majarenasek izan dituzte. Itxaropena ematen dizute?
Sagardoik baimena eskatzeko baldintzak betetzen zituen, eta eman diote. Hori da kolektiboak nahi duena preso guztientzat; prozedura hori baliatzea kalerako bidea hartzeko.
Frantziak 11 preso gerturatu ditu. Espainian ez da halakorik. Baduzue itxaropenik?
Ezker abertzalea hasi zenean konponbide marko integralaz hitz egiten, gauza horiek guztiak genituen hausnarketaren barruan; prozesua berdina izanik, abiadura, epe eta testuinguru ezberdinak ditugu. Iparraldean, lortu da herri ordezkaritza bat, eta Frantziako Gobernuarekin harremana sortu da. Hasiera bat da, prozesu mailakatua izango da, eta hori da, zehatz-mehatz, Espainiako Estaturako nahi duguna: lehenik, euskal esparruan analisi partekatua egitea, eta, gero, ados jartzea. Oraingoz, PP ez dago hor, baina ahaleginak egiten ari dira Foro Soziala, ezker abertzalea eta baita gainerako alderdi eta sindikatuak ere. Nahikoa adostasun dago hiru puntutan: sakabanaketa amaitzea, preso eriak kalera ateratzea eta lehen gradua uztea.
Iparraldeko eskema baliatuta, zer geundeke: Hegoaldeko herri ordezkaritza osatzeko fasean?
Eredua hori da, aldeak alde. Konpromisoak behar dira.
Eta ondoren, ordezkaritza horrek Madrilekin interlokuzioa izatea?
Ahal bada, bai. Gobernua konbentzitzea edo behartzea espetxe politika hau amaitzeko edo aldatzeko. Espetxe politika gero eta gogorragoa da. Gero eta preso gutxiago daude, eta horrek eragiten du bakardadea gero eta handiagoa izatea. Bereziki emakumeen esparruan. Bakardadeak asko gogortzen ditu espetxeko bizi baldintzak.
Frantziak gerturatuen artean ez dago emakumerik, ez baitago modulurik. Horri buruz hitz egiten da Parisko mintzaideekin?
Arazo bat da. Lantzen ari da. Jarrera positiboa dago horri ere irtenbide bat emateko.
Usurbilgo duela bi urteko deklarazioa berretsi zenuten gaur zortzi. Zergatik?
Iaz, kolektiboak bere eztabaida bukatu ondoren, bide legezkoak jorratzeko lanabesak jartzen hasi zen; batez ere, juridikoak. Hilabete batzuk eman ditu horrek, eta, orain, prozesu hori abiatzeko potentzialitate guztiekin gaude. Espetxe askotan hasi dira hainbat gauza eskatzen: lana... Bestalde, esparru politikoa zabaldu behar dugu, baina hori ezin dugu landu lehen gradutik irten ezean.
Zein da bi urteon balorazioa?
Gauza batzuk aldatu dira. Duela bizpahiru urte, gatazkaren ondorioen konponbidean noraezean geunden, ikusita ez zela aldebikotasunik egongo estatuarekin. Nola egin genezakeen aurrera? Erantzukizuna nabaritu genuen, eta ardura hori izan zen marko berri bat eraikitzekoa. Marko horrek ezaugarri propioak izan behar zituen. Lortu behar genuen eskema bat osatzea: batetik, eragile politiko, sozial eta instituzionalak; bestetik, dinamizatzaile bat; eta bestetik, EPPK. Triangulazio hori ezinbestekoa zen. Beraz, joan ginen izenak eta eginbeharrak osatzen, ekarpenak egiten. Ez zen soilik gure ideia izan, aurrera zihoan heinean mamitu zen. Orain, alderdien mahaia, Foro Soziala eta EPPK ditugu. Hortik aterako dira analisiak.
Triangelukatzeak funtzionatu zuen ETAren armagabetzean.
Prozesu kontzientea da. Emaitzak ekartzen ari da; ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen. Aurrera begira, konpromisoek sendoagoak izan behar dute, alde guztietatik.
Presoenak, zeintzuk?
Kontziente dira zer dagoen jokoan. Kolektiboa oso posizio serioak eta helduak hartzen ari da; erantzukizuna hartzen ari da. Puntu komun asko dauzkagu, baina baita desberdintasunak ere. Diferentzien barruan, ikusten dugu hainbat eskaera guk ezin ditugula bete. Ezin dugu eskatu eman ezin duguna. Aldi berean, saiatzen gara bestea ulertzen, eta ulermen esparru horretatik atera behar da sintesi berri bat. Helduko da momentu bat ardura horrek beste fase batera eramango gaituena.
Atxilotu zintuzteten Belen Gonzalezen agur ekitaldiagatik. Abisu bat izan zen?
Bizi dugun testuinguruaren ondorio da. Ez digute utzi nahi pentsatzen eta sufritzen duguna esaten.
Euskal presoak. Manifestazioa. Antton Lopez Ruiz, 'Kubati'. Kalera Kalera-ko bozeramailea
«Konpromisoek sendoagoak izan behar dute, alde guztietatik»
Atzoko martxa «garrantzitsua» izan zen «presoen izaera politikoa» azpimarratu eta espetxeetan pausoak emateko beharraz ohartarazteko, Lopezen arabera: «Utz diezaiotela EPPKri lege arruntaren bidea egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu