Eraikitze lanak amaitzear daudela aurkeztu dute Epeleko (Bergara, Gipuzkoa) konpostatze planta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa enpresa publikoko kideek, karguan egingo dituzten azken egunetan. «Azkenengo ukituak besterik ez dira falta: teilatua amaitzea eta probak egitea», azaldu zuten atzo Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakariak eta Imanol Aspiroz lehendakariordeak. Martxoan hasi ziren azpiegituraren lanak, eta irailean amaitzea aurreikusten dute. Konpostatze plantaz gainera, inguruetako errefusa, ontzi arinak eta papera bildu eta dagozkien tratamendu instalazioetara bideratuko dituen transferentzia gunea ere abian izango da.
Planta martxan jarriko den hilabete berean utziko dituzte, ziurrenik, GHK-ko egungo zuzendariek beren karguak. Irailaren amaierarako espero baitu Intxaurrandietak mankomunitate guztietako egitura aldaketa —oraingoz, zortzietatik bitan egin dute— eta, ondoren, GHK-koa. Sozietate anonimoko karguak aldatzeko batzarra, berriz, gaur egingo dute.
Aldaketei begira, itxaropentsu azaldu da Intxaurrandieta: «GHK-ko agintari berriek azken urte hauetan emandako urratsei eustea espero dugu». Diputazioko kargu berriek jada norabide aldaketa iragarri dute, ordea. Markel Olano ahaldun nagusi jeltzaleak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu sozialistak kargua hartu bezain laster baieztatu zuten Zubietako errauste plantaren proiektua berreskuratuko dutela, eta Gipuzkoako herrietan atez ateko sistema kentzen lagunduko dutela. Bide hori hautatzen badute, ez dira «bidelagun» izango, Intxaurrandiaren hitzetan. «Europako Parlamentuak ere zabortegi eta erraustegi gabeko kudeaketaren alde egin du apustu; esan digute lorpen handia egin dugula. Astakeria bat litzateke atzerapausoka hastea».
Epeleko planta, zifratan
GHK-ko zuzendariek azaldu dutenez, Epeleko plantak urtean 9.000 tona hondakin organiko tratatzeko ahalmena izango du; Debagoieneko eta Debabarreneko zaborra jasoko dute: 6.000 eta 3.000 tona, hurrenez hurren. Urtean, 2.300 tona konpost sortzea aurreikusten dute. A+ kalifikazioa izango du ekoizpen horrek; eta Lapatxeko (Azpeitia, Gipuzkoa) plantan ekoizten denarekin batera, Gipuzkoako Konposta markarekin salduko dute. Atzo aurkeztu zuten marka, dagoeneko merkatuan badago ere. Kalifikazio maila handiena du konposta horrek, eta nekazaritza ekologikoan ere baimentzen dute.
Azken urteetako hondakinen kudeaketaren balorazioa ere egin du Intxaurrandietak. GHKren datuen arabera, 2011ren hasieran 6.000 tona materia organiko bildu ziren gaika; eta 226.000 tona zabor nahasi isuri ziren zabortegietan. 2014an, berriz, 25.000 tona materia organiko bildu ziren gaika; eta 172.000 tona joan ziren zabortegietara. Guztira, legealdian gaika bildu den materia organikoa %600 hazi da; errefusaren sorrera %30 jaitsi da, eta gaikako bilketak %15 egin du gora. Balorazioa positiboa da, Intxaurrandietaren ustez: «Pentsaezina zen emaitza hauek hain denbora laburrean lortzea».