Konponbiderako Giltzak agiriarekin bat egin dute 80 legelarik

Urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. Aldarrikatu dute espetxe eredu humanitario eta justuago baten alde egin behar dela.

(ID_17022914354155) Sareren agerraldia.
Abokatu eta legelariek egindako agerraldia, Bilboko Bolsan. SARE HERRITARRA
joxerra senar
2023ko abenduaren 11
13:20
Entzun

«Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare ireki behar ditugu». Mezu hori aldarrikatu zuen Sarek urriaren 21ean aurkeztutako agirian, eta, orain, 80 legelari eta abokatuk atxikimendua adierazi diote adierazpen horri. Halaber, bat egin dute urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioarekin; Konponbiderako giltza izango da leloa.

Bilboko Bolsa eraikinean egin dute agerraldia, gaur, eta Onintza Ostolazak irakurri du dokumentua euskaraz, eta Arantza Isasmendik gazteleraz. Haiekin izan dira agiriarekin bat egin dutenetako batzuk: hala nola Igor Ahedo, Esther Larrañaga, Iñigo Urrutia, Yovana Arteaga, Ramon Zallo, Bego Atxa, Iñaki Lasagabaster, Haizea Ziluaga, Aitzol Asla, Iñigo Santxo eta Ugo Mayor. Sinatzaileen zerrenda, ordea, zabalagoa da, eta orotara 80 abokatuk izenpetu dute.

Adierazpenean, nabarmendu dute aurrerapausoak eman ahala ateak irekiko direla: ETA desegin zen, eta aurten amaitutzat jo dira espetxeetako urruntzea eta sakabanaketa. Esan dutenez, apurka murriztuz doaz indarkeria mota desberdinen biktimen arteko distantziak.

Dena den, adierazpenak dio beharrezkoa dela «iraganean betikotzen duten ateak ixtea» eta, ondorioz, preso, iheslari eta deportatuen aferari konponbide bat ematea. «Oraindik, ordea, ezin izan dugu behin betiko itxi iraganaren atea». Presoen eskubideak urratzen dituzte oraindik ere, eta legearen bidetik jotzeko prozesuan oztopoak jartzen dihardute fiskaltzak eta Espetxe Zaintzako auzitegiek. «Salbuespenak giltzarrapo izaten jarraitzen du».

Urrian aurkeztutako agiriak gizarteari dei egiten dio elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanean jarraitzeko. Eta bakoitzari bere esparruan eragiteko konpromisoa eskatzen dio.

Legearen bidetik, aurrera

Hala, euren arloan salbuespeneko espetxe politikaren aurkako «bataila juridikoan» jarraitzeko asmoa agertu dute legelari eta abokatuek. «Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukerei ateak irekitzea baizik». Espetxe eredu berri eta humanitario batean sakondu litekeela arrazoitu dute, modu horretan «euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatuz».

Publikoki, beraz, adierazi dute ahaleginduko direla presoak etxeratzeko legezko bideei eusten, eta biktima guztien mina errespetatzeko ateak irekitzeko giltzak erabiltzen, «elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraikitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.