«Gaur inoiz baino gehiago jabetzen gara zaila dela bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua». ETAren iragarpenetik hamar urte iragan diren honetan, Foro Soziala jabetzen da lan hori «amaierarik gabeko ariketa» dela, baina, era berean, funtsezkoa dela «eztabaida politiko amorratua, kontakizunaren bataila deiturikoaren ingurukoa, konfrontazioaren egungo espaziotik eztabaida esparru lasai eta eraikitzailera eramateko».
Foro Sozialak amaitutzat eman du urtebete luze iraun duen prozesu bat. Epe horretan erreferentzialak diren pertsonei eskatutako 35 ekarpenetik gora jaso dituzte, eta horien berri eman dute hainbat komunikabidetan. Halaber, hogei bilera inguru egin dituzte gizarte zibileko hainbat erakunderekin, bizikidetza eraikitzeko euren proposamenak eta hausnarketak biltzeko asmoz. Zazpi solasaldi ere landu dituzte Bizikidetza lantzen izenburupean.
Egindako lan horren guztiaren ondorioak zein ekarpenak Prozesuaren liburua lanean bilduko dituzte, eta horren berri eman nahi du, larunbatean, Gasteizko Artium museoan egingo duen aurkezpenean. Gaur, Gasteizen bertan, larunbateko ekitaldiari buruzko xehetasunak eman dituzte, eta aurkeztuko duten dokumentuari buruzko zertzelada batzuk aurreratu. Izan ere, Eneko Calle ordezkariak azpimarratu du abagunea heldu dela «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua sendotzeko».
Eraikuntza partekatu bat posible izan dadin, irakaspenak, ondorioak, gomendioak eta konpromisoak proposatuko ditu Foro Sozial Iraunkorraren dokumentuak. Euren asmoa da haren edukia aintzat hartuko dutela gizarte taldeek zein erakundeek. Uste du ETAren adierazpenaren hamargarren urteurrenaren harira, Aieteren inguruan garatu den guztiak eta urtebete honetan egindako lan horrek balio izan duela agertoki berri bat sortzeko. «Orain, agertoki hori sendotu egin behar da ekarpen berriekin, eragileen iraganaren inguruko ekarpen eta irakurketa kritikoekin».
Artiumen egingo den aurkezpen horretan, Ernesto Samper 1994tik 1998ra Kolonbiako presidente izandakoa izango da, bere herrialdean bizikidetza eraikitzeak sortutako erronkak azaldu ditzan.