Konponbidearen auzia gehiago ez luzatzeko eskatu du Sarek Bilbon

Sare Herritarrak deituta, mobilizazioa egin dute Aste Nagusian, Bilboko Konpartsekin batera. Nabarmendu dute euskal gizartea prest dagoela euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari «aterabide osoa» emateko.

Sare Herritarrak deituta, mobilizazioa egin dute gaur Bilboko Aste Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sare Herritarrak deituta, mobilizazioa egin dute gaur Bilboko Aste Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abuztuaren 23a
14:05
Entzun

Bizkaiko Etxera Eguna antolatu du gaur Sare Herritarrak Bilbon. Aste Nagusian «aldarrikapenerako tartea» ere badagoela erakusteko, mobilizazioa egin dute Bilboko Konpartsekin batera. Etxera! lelopean, Plaza Eliptikoan bildu dira herritarrak, eta, Kale Nagusia zeharkatuta, udaletxean amaitu dute protesta. Han irakurritako adierazpenean, Amaiur Iragik eta Iñaki Bidaurrek nabarmendu dute «beharrezkoa» dela konponbidearen auzia gehiago ez luzatzea.

Sareren arabera, azken urteotan «aurrerapauso» nabarmenak eman dira. «Pixkanaka bada ere, ari gara etxeratze prozesuan aurrera egiten», gogoratu dute. Halere, adierazi dute oraindik «urrats handiak» egin behar direla euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari «aterabide osoa» emateko, «beharrezkoa delako hainbeste urteren ondoren ateak irekitzea eta konponbidearen auzia belaunaldi gehiagoz ez luzatzea».

Euskal gizartea urrats hori egiteko prest dagoela esan du Sarek, eta hala erakutsi duela hainbatetan. Izan ere, gogoratu dute Aste Nagusian Bilboko txokoak Etxera ikurrarekin apaindu dituztela, eta etxeratze prozesuaren aldeko hainbat aldarrikapen egin dituztela. Besteak beste, joan den astean mobilizazio bat egin zuten Donostiako Aste Nagusian. Bi mobilizazioetan, argi adierazi dute prest daudela gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko: «Euskal presoek espetxeetako ateak gainditzeko garaia da, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko askatasuna izateko garaia da, askotariko biolentzien biktimek errekonozimendu osoa izateko garaia da».

Azken urteotan, Konponbiderako giltzak leloa erabili du Sarek. Gaur, sarrailari buelta bat eman diotela nabarmendu dute Iragik eta Bidaurrek, eta «beste buelta bat» emango diotela. «Etxera aldarrikapena errealitate bihurtuko dugu; ateak ireki eta etxera esango dugu, ozen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.