Konponbidearen ardura ere zaintzaileengan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako zaintza arautzen duen legedia aztertu du Leixuri Urrutiak, genero ikuspegitik. Araudian hiru arazo nagusi xehatzen dituzte, baina konponbiderako ardura langileengan jartzen du, ez administrazioan.

Adineko emakume bat eta langile bat, zahar etxe batean. DAVID FERNANDEZ / EFE
Adineko emakume bat eta langile bat, zahar etxe batean. DAVID FERNANDEZ / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

«Zahar etxeetako langileei hitza eman behar zaie, eta zer behar duten entzun behar dugu. Oso momentu konplikatuan gaude: gero eta pertsona zahar gehiago dago, baina ez dago horri aurre egiteko azpiegitura nahikorik». Eskaera irmoa egin du Leixuri Urrutia (Sopela, Bizkaia, 1998) EHUko ikerlariak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako zaintza arautzen duen legediaren analisia ondu du, eta ondorioztatu araudiak egoitza horietan ematen den arretaren izaera feminizatu eta prekarioaren inguruko diskurtsoak eraiki eta betikotzen dituela.

Azaldu du eskualdeko edozein zahar etxetara joanez gero nabarmena dela langile gehienak emakumezkoak direla; legediak, ordea, ez duela emakume langilearen figura bere horretan aipatzen. Halere, araudian sektoreari loturiko hiru arazo identifikatu dituzte: genero desberdintasuna, prekaritatea eta zaintza lanen neurriz gaineko feminizazioa. Baina ez du arazo horien muinean behar bezala sakontzen, Urrutiak nabarmendu duenez: identifikatutako hiru arazo horiei aurre egiteko neurriak hartzeko orduan, kanpoan uzten dituzte «arazo estrukturalak», eta «azaleko neurriak» proposatzen dituzte, konponbiderako proposamenak egiteko ardura langileengan jarriz administrazioan jarri beharrean.

Urrutiak aztertu duenez, araudian diote, generoaren auziari erreparatuz, hezkuntza edo genero arloko formakuntza faltaren ondorio dela. «Esaten dute langile horiek ez dutela erremintarik, eta arazoa gainditzea lortuko dela genero arloan hezten baldin badira». Uste du horrekin narratiba bat eratzen dela: «Modu horretan, emakumea bera, langilea, errudun bihurtzen dute, formakuntza nahikorik ez duela esanez. Aldiz, narratiba horretan, administrazioak ez du errurik, eta, ona denez, emakumeei hezteko aukera ematen die». Urrutiarendako, hori ez da sektoreko genero arazoei eman beharreko konponbidea; kontrara, uste du arriskutsua dela horren ardura, bertze behin, langileengan jartzea. 

«Emakumea bera, langilea, errudun bihurtzen dute, formakuntza nahikorik ez duela esanez. Aldiz, narratiba horretan administrazioak ez du errurik, eta, ona denez, emakumeei hezteko aukera ematen die»

LEIXURI URRUTIAEHUko ikerlaria

Araudian, prekaritatearen kasuan ere langileengan jarri dute zama: «Esaten dute hitzarmen kolektiboak badaudela, baina haiek ondo ez aplikatzea dela arazo nagusia. Eta, betetzen ez direnean, langileek salatu beharko luketela. Horretarako, administrazioak abokatuen laguntza eskainiko diela, eta hitzarmenak ondo betetzeko neurri gehiago». Haren ustez, konponbide horiek planteatzeko garaian, lan eskubideekin soilik lotzen dute sektoreko prekaritatea, eta ez dute aintzat hartzen generoaren auzia.  

Izan ere, gogora ekarri du lan arloko zuzenbidea «oso androzentrikoa» dela: «Gizonezkoek lanarekin duten harremana arautzeko sortua da, baina emakumeek lanarekin duten harremana oso desberdina da». Horrez gain, aipatu du sektorearen pribatizazioak eragina duela prekarizazio horretan, aginte postuetan gizonak direlako nagusi: «Zahar etxeetan gehienak emakumeak dira, baina gizonek agintzen jarraitzen dute gehiengo horren gainean».   

Zaintza lanen neurriz gaineko feminizazioari dagokionez, legedian diote arazo hori esfera erreproduktiboan islatzen dela: hau da, emaztekiek kanpoan zaintzen dutela, eta etxean ere bai, baina bi esferetan zaintzeko beharrak krisia areagotu egiten duela. Urrutiak azaldu du horri aurre egiteko proposatutako neurriek kontziliazioaren alde egiten dutela, baina horrek erakusten duela kontziliazioa, hein handi batean, oraindik irudikatzen dela emakumeei dagokien zerbait balitz bezala. 

Pribatizazioa

Urrutiak ondorioztatu duenez, zaintza arloaren pribatizazioak zuzenean eragiten die zerbitzuen kalitateari eta emakume horien lan baldintzei, desberdintasunak areagotuz. Duela hamarkada batzuk, administrazio publikoaren kontrolpean zeuden zahar etxeetako leku gehienak, baina orain soilik heren bat inguru dago haren esku, Urrutiak dioenez. «Pertsona batek zahar etxe batera joan behar badu, agian bi urte beharko ditu publikoan lekua lortzeko: jendea hil egiten da zahar etxe publiko batean lekua lortu aurretik, nahiz eta baldintza guztiak bete».

«Zahar etxeetan gehienak emakumeak dira, baina gizonek agintzen jarraitzen dute gehiengo horren gainean»

LEIXURI URRUTIAEHUko ikerlaria

Urrutiak azaldu du legediak berak sustatzen duela sektore pribatuaren indartzea, hein batean azpikontratazio ereduaren alde egiten duelako. Azaldu du, baina, pribatizazio horrek mesede gutxi egiten diela emakumeei: egoitza pribatuetan gizonek betetzen baitituzte gerentzia postu gehienak, eta emakumeak, aldiz, bertzelako lanetan baitaude. 

Legediaren ikuspegi intersekzional falta ere kritikatu du Urrutiak: «Ez da berdina arrazializatutako emakume baten bizipena, eta zein erronkari aurre egin beharko dien. Ez da berdina harreran egotea, sukaldean aritzea edo adinekoak garbitzen eta zaintzen. Legedian kontuan izan behar dute langile eta testuinguru guztiak ez direla igualak». Ildo horretatik, uste du ezinbertzekoa dela ulertzea langileen eta erabiltzaileen ongizatea lotuta daudela; legedian, ordea, banatu egiten dituzte. 

Urrutiak uste du langileei kendu egin behar zaiela erronka eta gabezia horiei guztiei aurre egiteko arduraren zama, eta haien parte hartze aktiboa sustatu behar dela. «Emakume horiek babestu eta entzun behar ditugu: ez dira gutxi hitz egiten ari direnak, entzun ditzagun. Egiten diren gauzetan askoz kritikoagoak izan behar dugu, eta kontuan hartu behar dira rol eta pertsona guztiak». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.