Naturan oinarritutako irtenbideak ikertu dituzte Sean Goodwin eta Marta Olazabal BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzaileek. «Ekosistemak eraberritu, babestu eta era iraunkor batean lehengoratzeko estrategiak» dira irtenbide horiek, Goodwinen esanetan. Haien helburua da herritarrei, ekosistemei eta bioaniztasunari mesede egitea. Ondorioz, naturan oinarritutako irtenbideek balio dute hiriak klima aldaketara egokitzeko edo haren ondorioak arintzeko. «Naturan oinarritutako irtenbide moduan erabiltzen ditugun espezie edo ekosistema moten araberakoa» izango dute helburu bat edo bestea, Olazabalen esanetan.
Beraz, gizakiek eragindakoa leuntzeko irtenbidea naturak berak eskaintzen du, baina gizakiei dagokie proiektu horiek martxan jartzea. Munduko hiri askotan baliatu dituzte naturan oinarritutako irtenbideak, baina leku guztietan erabakiak hartzeko modua ez da bera izan. Olazabalek azaldu du Latinoamerikan eta Afrikan prozesu parte hartzaile gehiagoren bidez bideratu dituztela proiektuak, Ipar Amerikan, Europan eta Australian baino.
Moduak modu, Olazabalek eta Goodwinek naturan oinarritutako hiru irtenbide mota proposatu dituzte, «egingarriak» direnak Euskal Herrian.
ZUHAITZEN LANDAKETA
Hirietan zuhaitzak izateak isuriak murrizten ditu, eta osasunari egiten dio mesede
Hirietan zuhaitzak landatzea modu ugaritan da mesedegarria klima aldaketari aurre egiteko, bioaniztasuna mantentzeko, eta herritarren ongizatea handitzeko. «Zuhaitzek karbono dioxidoa xurgatzen dute, eta klima aldaketaren eragina murrizten dute. Hezetasuna eta konfort termikoa handitzen dute, eta lurraren kalitateari eta osasunari mesede egiten diete: hori garrantzitsua da ura xurgatzeko euri asko egiten duenean, adibidez», azaldu du Olazabalek.
Zuhaitzek pertsonen osasun mentalari eta osasunaren pertzepzioari ere laguntzen dietela esan du Sasha Komenkho ISGlobal Bartzelonako Osasun Globalaren Institutuko ikertzaileak. Gainera, nabarmendu du hainbat hiritan zuhaitzak landatzea zaila baldin bada —orografiarengatik, batik bat—, eraikinetan jar daitekeela landaredia: eraikinen hormetan eta teilatuetan, adibidez.
EKAITZ PARKEAK
Euri urari beste erabilera bat ematea baliatzen dute, eta guneak aisiarako ere balio du
Ekaitz parkeak euri ura biltzeko azpiegitura batzuk dira, eta ekaitz tankeen alternatiba «natural» bat. «Ekaitza dagoenean, ura jasotzen dute. Ur hori edangarri bihurtzeko tratatzea oso zaila da, baina hirugarren mailako tratamendu batekin, ur horri beste erabilera batzuk eman dakizkioke. Hainbat hiritan, lehorte garaian kaleak edo parkeak ureztatzeko erabiltzen dute», azaldu du Olazabalek.
Gainera, euri garaia ez denean edo lehorteak daudenean, parke horiek aisialdirako erabil ditzakete herritarrek, BC3ko ikertzailearen arabera: «Euri gabeko garaietan parke normalak dira, eta euria egiten duenean lakutxoak sortzen dira hirietan». Alacanteko (Herrialde Katalanak) La Marjal parkea aitzindaria da; lehenago aparkaleku bat zen.
KOSTALDEKO NEURRIAK
Hondartzen higaduraren aurrean, tokiko ekosistemak berreskuratu litezke
Euskal Herriak duen erronka nagusietako bat da aztertzea nola ezar daitezkeen naturan oinarritutako irtenbideak kostaldean, BC3ko ikertzaileen ustez. Hondartzen higadura —itsasoa hondarra eramaten ari denean— asko nabaritzen da itsasoaren maila igotzen denean, ekosistema horiei eta herritarren aisiari eragiten dielako.
«Langa funtzioa beteko duen harresi bat eraiki beharrean, duna horiek lehengoratuegin daitezke, ez daitezen hain zaurgarriak izan itsasoaren mailaren igoeraren eta higaduraren eraginari», proposatu du Olazabalek.
Klima larrialdia. Hiriak
Konponbidea naturak dauka
Klimari, bioaniztasunari eta herritarrei mesede egiteko helburua dute naturan oinarritutako irtenbideek. Zuhaitzek, ekaitz parkeek, eta itsasertzeko hainbat neurrik lortu dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu