Konponbide «integral» baterako baldintzak nabari ditu Foro Sozialak

Agus Hernanek bilera bat egin du Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko kideekin. Foroak uste du adostasuna zabaldu dela ideia batean: presoen auzia konpontzea «elkarbizitzarako ekarpena» dela

Agus Hernan, igandean, Logroñoko espetxeko atarian. FORO SOZIAL IRAUNKORRA.
jon olano
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria Ainhoa Mujika eta Jon Olarra Euskal Preso Politikoen Kolektiboko zuzendaritzako kideekin batzartu zen igandean, Logroñoko espetxean (Espainia), kartzela politikan izan diren aldaketen inguruko balantze bat egiteko. Bilan hori txosten batean jaso du Foro Sozial Iraunkorrak, eta EPPK-ko zuzendaritzako kideei helarazi die. Dokumentuan, foroak adierazi du«gehiengo eta adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial transbertsal nahikoak» existitzen direla «gai horiek konpontzeko behin betiko fase integral batean» sar daitezen: «Uste osoa dugu jasan dugunagatik —jasaten ari garenagatik— metaketa bat sortzen ari garela, eta horrek gizarte hobea eraikitzen lagunduko digula».

Besteak beste, foroa pozik agertu da bi ideia «gakoren» inguruan adostasuna zabaldu dela uste duelako. Lehen ideia da presoen auzia konpontzea «elkarbizitza demokratikorako ekarpena» izango litzatekeela, eta, bigarrena, auzia ez dela «biktimak ala presoak, baizik eta biktimak eta presoak». «Foro Sozial Iraunkorra sortu zenetik, bi ideia horien gainean aritu izan da lanean, eta ikusi du auzia ebazteko erantzukizuna duten sektoreak bustiz joan direla ideiok, zirimiriaren gisara», erantsi duenez.

Zehazki, presoen arloko «korapiloa» askatzeko bi fase bereizi zituen foroak 2018ko irailean, eta bost elementutan ezaugarritu zuen aurreneko fasea: urruntzea, lehen gradua, preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak, Frantzian betetako zigorren metaketa eta espetxe arloko transferentziak: «Gaur esan dezakegu helburu horietako batzuk nahiko modu egokian betetzen ari direla, espetxe salbuespenaren alderdirik lazgarrienak gainditzeko zorian daudela, espetxe arloko trans- ferentzia sinatuta dagoela eta ezarri genuen epea betetzen ari dela».

Foroak gaineratu du espetxe politika aldatzea posible izan dela, «funtsean, inplikatutako aldeen borondate politikoari esker, baina urteetan zehar esparru instituzional, politiko, sindikal eta sozialean eraikitako adostasunak aurretiko bultzada emana zuen».

Zailtasunak eta trabak

Hala ere, zailtasunak ere aurreikusten ditu foroak, agirian azaldu duenez: «Nahiz eta, Foro Sozial Iraunkorraren praktikan ohikoa den moduan, analisi honek akordioak eta adostasunak balioesten dituen, ez gara sineskorrak. Badakigu zer arrisku eta zer oztopo sor daitezkeen gai honi behin betiko konponbidea eman aurretik».

Halaber, espero dute «gizarte kohesiorako hain garrantzitsua» den gai horri «etekin politikoa ateratzeko tentazio oro ezabatzea», eta konpromiso «irmoa» adierazi dute «diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen, oztopoak adierazten, gomendioak egiten eta errazte lanak egiten jarraitzeko, beti zaila den testuinguru batean gai honi irtenbide berritzaileak aurkitzen lagunduko duelakoan».

Foro Sozialak uste du datorren udarako preso guztiak edo ia guztiak Euskal Herriaren inguruko espetxeetan egongo direla, bigarren graduan, eta nabarmendu du orain arteko aurrerapenak «testuinguru zail batean» eman direla, «COVID-19aren pandemiaren erdian eta zenbait sektore politikok eta judizialek, zenbait komunikabidek eta ETAren biktima elkarteak osatzen duten oposizioa lobbya aurrez aurre edukita».

Hernan 2020ko urriaren 30ean batzartu zen azkenekoz Olarra eta Mujikarekin; orduan, Alboloteko presondegian, Granadan (Espainia). Orduan, EPPK prest azaldu zen «espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.