Haizeak hodeiak garraiatzen ditu, eta hodeiak euri tantak uzten. Elkartasun Hatsa engaiamendu haize bihurtu zen, eta mende erdiko bizipenek utzitako oroitzapenak malko bat baino gehiago utzi zuten Irati gela betetzen zuten protagonista guztien artean. Ez samin malkorik, etorkizunari duintasunez eta esperantza irmoaz so egiten dion engaiamendu malkoak baizik. Begirada bustiek itxaropen irriari utzi zioten bidea. Herria dugu Arnas du izen iheslarien gogoetak, urratsak. Hatsak birikak bete eta askatasun, konponbide gose den haize gisa jalgi zen Irati geletako murruetatik kanpora. Mintzaidetza aurkeztuz, ilunpetik argirako urratsa egin zuten asteazkenean. Irati gelan zabaldu zuten mezuak, konponbidearen subjektu saihetsezina bihurtu zituen.
Une hunkigarriak anitz izan ziren. Berezia behar bada, Eñaut Elorrietaren musika lagun, Amets Arzallus bertsolariak Joseba Sarrionaindia idazle eta iheslari politikoaren gutuna irakurri zuen unea. «Besteen eskubideak ez dira hasten gureak bukatzen diren tokian. Gure eskubideak hasten dira besteen esku- bideak hasten diren tokian. Besteen eskubideak hasten dira gure eskubideak hasten diren tokian». Iheslariei laguntza eman dietenak ukan zituen gogoan. «Eskerrik asko, mugak, sarrailak eta ateak irekitzen dituztenei».
Adi segitu zuten jendeek ekitaldia, eta horien artean ziren, bertzeak bertze, Sortuko Amaia Izko eta Joxean Agirre, EH Bai koalizioko Xabi Larralde. Berdeetako Alice Leizeagezahar edota Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Baterako kidea. Sindikatuen presentzia ere nabarmena izan zen; han izan ziren Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Jean Noel Etxeberri Txetx ELAko kidea, CFDTko Michel Larralde edo CGTko Peio Dufau. Victor Pachon CADEko presidentea ere han izan zen, Herrira mugimenduko Manu Ugartemendia eta Gloria Rekarte, Bake Bideako Gabi Mouesca, Anaiz Funosas eta Filipe Bidartekin batean. Anai-Artea taldeko kide historiko ugari izan ziren haien ondoan.
Barne sarrailak dira, usu, irekitzeko zailenak. Ekitaldiak hunkitu zituen jendeak, eta pozik utzi zituen jendeak. Ekitaldia bera bihurtu zen solasgai, eta hitza, jendeen arteko zubi. Anekdota gisa gelditu ziren poliziaren kontrolak, autobidearen irteeran izandako auto metatzeak. Iheslariek mezu politiko argia utzi zuten, eta konponbidearen subjektu gisa agertu, historiaren eta bizipenen memoria lagun. 800 lagun inguru bildu ziren bazkaltzera ekitaldi politikoa egin zen toki berean. Ez zegoen gehiagorentzako tokirik. Kanpoan milaka ziren, solasean. Horien artean iheslariak berak, familiak, baina baita iheslari ohi eta preso ohi ugari. Batzuk arratsaldean sorterrira itzultzeko xedez, bertzeak kontzertuak gozatzeko planarekin. Baina poza eta segurtasuna ziren nagusi.
Sinboloak ere jendeen gogoetan sartu ziren sakon. Arnaldo Otegik olibondo hostoa eskaini zuen bake prozesuan aitzina egiteko. Txalo zaparradez hartu zuten Miarritzen bideoz eskainitako irudi hura. Iheslariek ere sinbologia horretan urrats bat egin nahi izan zuten, eta haritz hostoa erakutsi zuten. Ondoan zuten lau metroko haritzondoa, Euskal Herrian landatuko dena. Gernikako arbolaren sinbologia presente egon zen denen gogoan, iheslarien aldamenean, ekitaldiko protagonista isila. Haren inguruan, euskal herritarrok askatasunez erabakitzeko haien geroa.
Konponbide haizea indartsu
Emozioz eta sentiberatasunez beteriko ekitaldia izan zen atzokoa. Mende erdiko elkartasuna eta engaiamendua eskertuz, konponbidean urratsak egiteko prestasuna agertu zuten duintasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu