Konponbide bat saretzen

Sarek igandean ospatuko du plataformaren hamargarren urteurrena, haren sorrera markatu zuen testuingurua atzean utzita, baina azken helmugara heltzeko lanak amaitu gabe.

Sareren aurkezpen ekitaldia, Donostiako Zuloaga plazan, 2014ko ekainean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sareren aurkezpen ekitaldia, Donostiako Zuloaga plazan, 2014ko ekainean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

2014ko urtarrilaren 11n egindako manifestazioak azken urteetako ordezkaritza politikorik zabalena izan zuen. Uholdea, konponbide eske, zioen BERRIAren azalak hurrengo egunean. Eta datozen hilabeteetan iritsiko ziren erabakiek ere bide hori hartu zuten. Urte hartako ekainaren 15ean eratu zen Sare Herritarra, «sigla guztiak atzera utzi eta herritarren benetako parte hartzeari bide emango dion dinamika». Hala aurkeztu zuten Joseba Azkarragak eta Teresa Todak, Donostiako ekitaldian. Igandean, baina, bestelako testuinguru batean ospatuko du bere hamargarren urteurrena, eta, ondorioz, bestelako erronkei so, muina bera den arren, Mikel Mundiñano plataformako koordinatzailearen esanetan: «Konponbidera bidean jarri behar ditugu oraindik ere sufrimendua eragiten ari diren afera horiek».

Euskal presoei ezarritako espetxe politikei erreparatzeko bestelako ikuspegi bat azaleratzeko asmoz eratu zen Sare, Mundiñanoren esanetan: «Mugimendu berritu bat izan zen, bere jardunaren erdigunean kokatuko zuena konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ekarpena». Eta urrats hori egin zuen, hain zuzen, 2014ko martxoan aurkeztutako San Telmoko adierazpenaren oinarritik abiatuta. «Denon ardura da giza eskubideen alde lan egitea», esan zuten Azkarragak, Todak eta Eneko Olasagasti zinemagileak, kultur, politika eta gizarte arloetako hainbat eragileren babesarekin. Eta gerora Sareren ibilbidea ardaztu duten helburu batzuk ere zehaztu zituzten: presoei «eskubiderik ez ukatzea», «legediak ematen dituen aukerak» baliatzea, eta «giza eskubideak urratzen dituzten legeak» aldatzea.

Mundiñanoren hitzetan, baina, orduko testuingurua «zailtasunez» betea zegoen eurena bezalako plataforma batentzat: «Etengabea zen jazarpena». Izan ere, urtebete ere ez zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz Guardia Zibilak Herriraren aurkako operazio handi bat egin zuela. Eta Sarek berak antolatutako lehen mobilizazio handiaren ondorenetan ikusi zen bazela kezkatzeko adina argudio: 2015eko urtarrileko manifestazioan bildutako 100.000 euro baino gehiago eraman zituen Guardia Zibilak LABen egoitzatik.

«Egiten dugun oro kolokan jartzen da, eta ondorio pertsonalak ditu. Ematen du kolektibo baten defentsarako lan egiteak kriminalizatu egiten zaituela» 

BEGO ATXASareko eleduna

Hala, Bego Atxa Sareko eledunak aitortu du, lawfare kontzeptuaren ingurukoak entzutean, ezinezkoa zaiola plataformak jasandako jazarpen politiko eta judiziala zein horrek kideengan eragindako «nekea» ez aipatzea: «Egiten dugun oro kolokan jartzen da, eta ondorio pertsonalak ditu. Ematen du kolektibo jakin baten defentsarako lan egiteak kriminalizatu egiten zaituela». Eta Mundiñanok gehitu du hura «etengabea» izan dela, baina hori ere badela argudio bat egindako lana aitortzeko: «Balioa eman behar zaio».

Izan ere, Sarek bere bideari ekin zionean, euskal preso gehienak Espainia hegoaldeko eta Frantzia iparraldeko espetxeetan zeuden, lehen graduan edo DPS estatusarekin, nahiz eta EPPK-k 2013an bide eman zion etxeratze prozesurako «lege baliabideak erabiltzeari». Testuinguru «iluna», Atxaren esanetan. Hura 2015ean batu zen plataformara, eta Azkarragarekin batera ari da bozeramaile lanetan; hain zuzen, azken horrek eskatuta. «Berehala eman nion baiezkoa», azaldu du, baina gehitu du ez zuela uste hura bederatzi urteko ibilbide baten hasiera izango zenik: «Baikorra nintzen. Hiltzeko jaio ginen, eta, beste bake prozesu batzuei erreparatuta, pentsatzen nuen laster amaituko zela».

Urratsez urrats

Urratsak eginagatik ere, Atxak aitortu du aurrerapauso nagusiak plataforma eratu eta ia zortzi urtera iritsi zirela: «Sakabanaketaren amaiera zen gure izatearen lehen oinarri nagusia». Horretarako bidea 2018an ireki zen; hain zuzen, ETAk bere disoluzioaren berri eman zuen urtean. Urtarrilean, Frantziako Gobernuak iragarri zuen euskal presoak hurbiltzen hasiko zela. Eta ekainean, Espainiakoak adierazi zuen «bestelako espetxe politika bat» ezarriko zuela: urrian iritsi ziren lehen euskal herriratzeak eta hirugarren graduak. Eta ordutik, tantaka-tantaka, Espainiako Espetxe Erakundeek azken euskal herriratzeen berri eman zuten arte, iazko martxoan.

«Aterabidea da preso, iheslari eta deportatuen afera konponbidean jartzea, eta biktima guztien aitortza egitea» 

MIKEL MUNDIÑANOSareko koordinatzailea

Momentu hori iristerako, jada begirada erronka berrietan jarria zuen Sarek. Batez ere, 2021eko urritik aurrera; orduan hartu zuen Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena, espetxe baimenei, gradu progresioei eta baldintzapeko askatasunei bide emanez. Hala, testuinguru berrian xedea da salbuespen politikak amaitzea; zehazki, gehienezko espetxealdia berrogei urtera luzatu izana —7/2003 lege organikoa—, Frantzian egindako zigor urteak kontuan ez hartzea —7/2014— eta presoen espetxe egoeraren inguruko azken erabakiak Auzitegi Nazionalak hartzea —5/2003—.

Lehentasun aldaketa horrek, baina, bestelako behar batzuk azaleratu dizkio plataformari, presoen auziaren inguruko «tentsioari eusteko» gizartean. «Lanaren parte handi bat eginda dago, baina horrekin ez zaio eman gatazkari behin betiko konponbiderik», esan du Atxak. Eta Mundiñanok zehaztu du zein den azken xedea: «Aterabide hori da preso, iheslari eta deportatuen afera konponbidean jartzea, eta herri honetan biolentzia sufritu duten biktima guztien aitortza egitea».

«Ez gara pribilegioez ari, eskubideez baizik. Eta gutxi batzuen aldarrikapena izan ez dadin, kale aktibazioa garrantzitsua da» 

IRATI MUJIKAOiartzungo Sareko kidea

Horretarako bitarteko gisa identifikatu du Sareko koordinatzaileak gizartea: «Salbuespena eteten ez badugu, azken presoa 2061era arte ez da aterako, eta, herri gisa, ezin dugu baimendu». Eta bide hori egiteko, Irati Mujika Oiartzungo (Gipuzkoa) Sareko kideak uste du bestelako bide batzuk topatu behar dituztela mezua gizarteratzeko. Argudiatu du duela hamar urte inork gutxik defendatzen zuela urruntze politika, eta orain ere asmatu behar dela gauza bera egiten etxeratze prozesuarekin: «Lan handia dugu adierazten etxean behar ditugula, eta bide hori nola egin irudikatzen».

Mujikak azaldu du horretarako garrantzitsua dela herriz herriko lana: «Inguruan geratzen ez bazaizu, urruti sentitu dezakezu, baina Sareren lanetako bat da harremanak izatea eta sozializatzea». Adibide gisa jarri du duela urte batzuk «haur motxiladunen» egoera gizarteratzeko egindako lana, eta ezinbestekotzat jo hainbat lan ildo jorratzea: «Ez gara pribilegioez ari, eskubideez baizik. Eta gutxi batzuen aldarrikapen izan ez dadin, kale aktibazioa garrantzitsua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.