Konpentsazio arauari egindako mila iruzur aurkitu ditu Miarritzeko Herriko Etxeak

Auzitegietara jotzeko prest daudela erran du Etxebizitza axuantak. Araua urratzen duen etxebizitza baten okupazioa abiatu du Alda taldeak Miarritzen.

Alda-ren ekintza Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 20a
17:14
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoaren konpentsazio neurria errespetatzen ez duten mila etxebizitza identifikatu ditu Miarritzeko Herriko Etxeak (Lapurdi). Hala adierazi du Maud Cascino Etxebizitza axuantak Sud Ouest egunkarian. Martxoaren 1etik jabeei abisuak bidaltzen ari direla erran dute, eta ez dute baztertu auzitegietara jotzea. «Bolumena kontuan hartuta, denbora pixka bat behar dugu, baina elkargoaren botoa errespetarazteko azkeneraino joatea erabaki dugu», adierazi du.

Konpentsazioa urratzen duen bizitegi bat okupatu zuen atzo Aldak Miarritzen. Hiru egunetarako alokatu dute, 450 euro ordainduta, eta han instalatu dira. Jabearen arau haustea dela eta, ekintza horrekin hiru urterako ahozko kontratua adostu dutela diote. «Gure etxean gara, eta, epaile batek kontrakoa erran arte, hemen egoten ahal gara, hiru urte», esplikatu zuen Xebas Christy Aldako bozeramaileak.

Miarritzen mila iruzur identifikatzeko gai izan badira, galdera sortzen du Ipar Euskal Herriko gainerako herrietako egoerari buruz. Angeluko Herriko Etxeak (Lapurdi)adierazi du «ez dutela baliabiderik» halako kontrolik egiteko: «Sekulako lana eskatuko luke». Orain arte bizitegiak turismora bideratuak zituzten jabeei informazioa bidaltzen ari direla esplikatu du komunikazio zerbitzuak, «jakin dezaten araua urratzen badute zer arriskatzen duten». Martxoaren 1etik, 193 erabilera aldaketa onartu dituzte, eta beste 55 ukatu. Chistine Lauque Baionako Etxebizitza axuantak erran du ez duela informazioa eskura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.